euskaraespañol

Azaroaren 24an errektorea aukeratzeko hauteskundeak UPV/EHUn

Onartu da Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradu berria, ibilgailuen alorrerako prestakuntza sendoa emango duen titulua

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/30

Hautagai zerrendak aurkezteko epea urriaren 10ean irekiko da

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak hauteskundeetako deia onartu du, datozen lau urteetan unibertsitatea gidatuko duen errektorea aukeratzeko. Gaur onartutako egutegiaren arabera, hautagai zerrendak aurkezteko epea urriaren 10ean irekiko da, eta behin betiko zerrendak azaroaren 7an aldarrikatuko dira; egun horretan bertan hasiko da hauteskunde kanpaina. Hauteskunde eguna azaroaren 24a izango da, 9:00etatik 18:00etara. Azkenik, txanda bakarra egonez gero, errektore hautetsia abenduaren 1ean aldarrikatuko da, inpugnazioak aurkezteko epea behin amaituta.

UPV/EHUko hauteskunde sistemak bi txanda ditu:  hautagaietako batek ere ez badu botoen gehiengo osoa lortzen, bigarren txanda egingo da, eta horretan, boto gehien lortu dituzten bi hautagaiek baino ez dute hartuko parte. Bigarren txanda egin behar izanez gero, botazio eguna abenduaren 1a izango da eta hilaren 12an aldarrikatuko da hautetsia.

Hauteskunde sistema honetan, botoak haztatuak dira, hauteskunde talde bakoitzak daukan parte hartzearen ehunekoaren araberakoak: irakasle doktore iraunkorrek, % 56,25; irakasle iraunkor ez-doktoreek, % 7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileak, % 2,09; ikasleek % 22,08; eta, azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileek % 12,08. Zenbaketa haztatua egiteko, kontuan hartuko dira talde bakoitzean hautagai bakoitzari emandako boto baliodunak.

Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua

Gobernu Kontseiluak, bestalde, datorren ikasturtean Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolan Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua ezartzea onartu du. Eskaintza honek gizarteak eta alor horrek dituen premiei aurre egitea dauka helburua. Ikasketa plan hau Europan aspaldian ezarrita dauden pareko planen oso antzekoa da, eta horrek mugikortasunerako aukera zabala emango die ikasleei, eta, era berean, ikasketa erakargarri eta kalitateduna izatea eragingo du.

Titulu hau arlo profesionalera bideratua dago nabarmen, eta, beraz, oinarrizko ezagutza sendoa emateaz gain, gaitasun oinarrizkoak eta arloko profil profesionalerako behar direnak batera biltzen ditu, hartara ikasle tituludunak lan merkatura bideratzeko eta tituludunak erraz sar daitezen arlo horretan. Horretaz gain, ikasketa horien bidez, ikasleek gaitasuna izango dute ingeniaritzaren munduan hain bizkor gertatzen diren aldaketetara egokitzeko.

Behin Gobernu Kontseiluan onartuta, automobilgintzaren ingeniaritzako titulazio berri honek UNIBASQen (Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia) aldeko txostena lortu beharko du, bai eta Unibertsitateen Kontseiluaren egiaztapena ere, ministerioak ezarritako prozedurari jarraituz ikasketak 2017/18 ikasturtean ezarri ahal izateko abian.