UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikorako Taldearen (GIA) ikerketa-lerroetako batek karbono tetrakloruroa (CCl4) du aztergai; izan ere, ozono-geruza hondatzen du, minbizia eragin diezaieke gizakiei eta berotegi-efektuaren eragile da. Hainbat urtez Valderejon eta Bilbon egindako neurketa jarraituetan oinarritzen da ikerketa. Atera dituzten ondorioetatik, ikertzaileek nabarmentzen dute badirela ebidentziak gas horren emisio identifikatu gabeak daudela, nahiz eta Montrealeko Protokoloak hainbat muga jarri.
Gas kloratu baten identifikatu gabeko emisioen ebidentziak daude, erabilera mugatua izan arren
Karbono tetrakloruro (CCl4) gasaren iturririk badagoen ikusteko eta konposatu horren epe luzeko joera zein den jakiteko ikerketa bat ari da egiten UPV/EHU Bilbon eta Valderejon
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2016/09/20
Karbono tetrakloruroa (CCl4) likido kolorge usain gozokoa da, ez da suharbera, disolbagarritasun baxua du uretan eta erraz lurruntzen da; beraz, gas egoeran aurkitu ohi da airean. Ozono-geruza hondatzen duten substantzietako bat da, eragin kaltegarriak izan ditzake osasunean (minbizia eragin dezake gizakietan) eta berotegi-efektuko gas bat da. Inguruneko aireko CCl4-kontzentrazioak zorrozki aztertu izan dira, batez ere Montrealeko Protokoloko substantzien zerrendan sartu zenetik. Protokoloa 1989an sartu zen indarrean, ozono-geruza babesteko helburu nagusiarekin.
CCl4-aren emisio naturalak (itsasoko algak, landareak, ozeanoak eta sumendiak) baztergarritzat jo daitezke, emisio artifizialekin (antropogenikoekin) alderatuz gero. Gaur egun, erabilerarekin lotutako mugak izan arren, badira ebidentziak CCl4-aren iturri identifikatu gabeak badirela eta, besteak beste, industriatik, toki kutsatuetatik eta hondakin toxikoen tratamendu-instalazioetatik etor daitezkeela. CCl4-aren neurketa gehienak leku urrunetan egin izan dira, industriaguneetatik eta hiriguneetatik urrun, substantzia horren epe luzeko joera zein den jakiteko. Neurketa horien emaitzek agerian utzi dute inguruneko airean CCl4-kontzentrazioa txikitu egin dela, baina ez espero bezainbeste.
UPV/EHUko Ikerketa Atmosferikorako Taldeko ikertzaile Maite de Blasek azaltzen duenez, "CCl4-ak izan ditzakeen iturriak detektatzeko asmoz, neurketak egin ziren Bilboko Ingeniaritza Eskolan, alegia, inguruetako industriaren mendean dagoen hirigune batean, urtebetez (2007ko martxotik 2008ko otsailera)". Horretarako, masa-espektrometro batera akoplatutako gas-kromatografian oinarritutako sistema bat (GC-MSD) erabili zuten. Bestalde, Valderejoko Parke Naturalean bost urte ez-jarraituetan (2003ko urtarriletik 2005eko abendura, 2010eko ekainetik 2011ko ekainera eta 2014ko ekainetik 2015eko uztailera) egindako konposatu organiko lurrunkorren neurketetatik abiatuz, metodo bat garatu zuten, gordeta zeuden datu horietatik emaitzak berreskuratzeko. Izan ere, Valderejoko neurketak sugar-ionizazio bidezko detektagailua duen gas-kromatografia bidez (GC-FID) egin ziren, eta ez zen CCl4 bakarrik neurtu. Hirigune eta industriagune handietatik urrun dagoen landa-eremu bat denez Valderejo, ezaugarri ezin hobeak zituen karbono tetrakloruroak epe luzera dituen joerak aztertzeko.
Bilbon batez beste neurtutako CCl4-kontzentrazioak Valderejon neurtutakoak baino handixeagoak izan ziren, baina Valderejoko kontzentrazioak Ipar Hemisferioko urruneko beste estazio batzuetakoak baino altuagoak ziren. Nolanahi ere, Bilbon CCl4-aren neurketen hainbat gailur erregistratu ziren, neurketa-puntutik hurbil zeuden iturrietakoak. "Litekeena da emisioen parte bat lurrunketatik etortzea, baina hori ez da iturri bakarra, egiaztatu baitzen tenperatura-igoerek ez dutela beti eragiten CCl4-aren kontzentrazioa igotzea", azaldu du Maite de Blasek. Montrealeko Protokoloaren mugak muga, baimenduta dago laborategietan CCl4 analisietarako erabiltzea; beraz, litekeena da emisioetako batzuk lotuta egotea irakaskuntzako eta ikerketako laborategietan bertan CCl4-a erabiltzearekin.
Argitu beharreko hainbat gauza
Haizearen norabide- eta abiadura-kondizioak kontuan hartuz Bilbon egindako azterketa batek agerian utzi zuen badirela CCl4-iturri potentzial bat edo gehiago neurketa-puntutik hego-mendebaldera. 2007 eta 2008 bitartean, produktu halogenatuen fabrika bat zegoen martxan, neurketa-puntutik norabide horretan bertan. Nolanahi ere, neurketari dagozkion epeetan, hiri-hondakinen hondakindegi bat izan zen CCl4-emisioak ofizialki jakitera eman zituen hurbileko jarduera industrial bakarra. "Bilboko CCl4-aren jatorria argitzeko, hurbileko beste iturri potentzial batzuen, hala nola hondakinen erraustegiaren, itsas iturrien eta petrolio-findegiaren, emisioen sakoneko azterketa bat egin beharko litzateke —azaldu du ikertzaileak—".
Valderejon lortu ziren CCl4-kontzentrazioaren denbora-serieek agerian utzi zuten ez dagoela inguruan inolako iturri garrantzitsurik. Gainera, besteak beste bentzenoa eta toluenoa zuten aire-masa kutsatuak iristeak ez du eragin CCl4-kontzentrazioak handitzea. Valderejon neurtutakoaren arabera, CCl4-aren epe luzeko joera ez da argia: jaitsiera bat hauteman zen 2003tik 2004ra eta 2004tik 2005era, eta igoera txiki bat 2010ean. Emaitza horiek bat datoz Munduko Meteorologia Erakundeak egin zuen emisioen zenbatespenarekin ("2014ko ozono-geruzaren agorpenaren ebaluazio zientifikoa" txostenean argitaratu zuen). "Valderejon neurtutako CCl4-aren epe luzeko joera azaltzeko —azaldu du—, CCl4-aren neurketen emaitzen denborazko segida osatu nahi dugu, gaur egun egiten ari garen neurketekin".
Informazio osagarria
Ikerketa Atmosferikorako Taldea (GIA) ikerketa-talde kontsolidatu eta sail artekoa da; UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko eta Matematika Aplikatua Saileko ikertzaileek osatzen dute. Lucio Alonso UPV/EHUko katedraduna da taldeko ikertzaile nagusia. GIA ikerketa-taldearen lerroetako batek inguruneko aireko konposatu organiko lurrunkorren (KOLen) azterketa du ardatz, duela 20 urte baino gehiagotik hona.
CCl4-aren iturri potentzialen deskribapena eta gordetako datuetatik datuak berreskuratzeko garatutako metodoa Science of The Total Environtment argitalpen zientifikoan zehaztu dituzte taldeko kideek.
Argazkia: Marino Navazo. UPV/EHU.
Erreferentzia bibliografikoa
- Atmospheric carbon tetrachloride in rural background and industry surrounded urban areas in Northern Iberian Peninsula: Mixing ratios, trends, and potential sources
- Science of The Total Environment (2016)
- DOI: 10.1016/j.scitotenv.2016.03.177