euskaraespañol

Opioideek espermatozoideen eraketa arautzen dute

UPV/EHUren ikerketak errezeptore horiek espermatogenesian duten papera azaldu du lehenengoz

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/07

Ezkerretik eskumara, Jon Irazusta, Haizea Estonba, Marta Gianzo, Nerea Subiran eta Luis Casis. Ikerketan aritu dira Iraia Muñoa, orain Birmingham-eko Unibertsitatean dagoena, eta Itziar Urizar, University of Southern Denmark-en dagoena.

Ernalezintasuna garrantzi handiko arazo mediko eta soziala bilakatu da mundu osoan eta kasu gehienak gizonaren ernalezintasunaren ondorio dira. Halere, espermatogenesian inplikaturiko mekanismo molekularrak ikertzen hasi berriak gara. UPV/EHUko Nerea Subirán doktoreak zuzenduriko ikerketa batek espermatozoideen eraketan inplikaturiko zeluletan opioideek duten presentzia azaldu du lehenengoz. Plos Onen argitaratu da ikerketa.

Herrialde garatuetan urtean dauden jaiotzetako % 3an laguntza bidezko ugalketa tekniken bidez sorturiko haurrak jaiotzen dira azken urteotan; horrek, arazo fisiko eta psikologikoez gain, zama ekonomiko handia dakar ere. Munduko Osasun Erakundearen arabera, ernalezintasun kasuak esponentzialki handitu dira, herrialde garatuetan, azken 10 urteotan. Eta, zehazki, gizonaren ernalezintasuna da ernalezintasun kasuen erdiaren zioa. Espermatozoideen eraketan, hau da, espermatogenesian zehar egondako akatsen ondorioz funtzionalak ez diren edo kalitate baxuko espermatozoideak ekoizten dira, ernalezintasun arazoak ekarriz ondorioz. Baina, halere, prozesu horren arautzean inplikaturiko mekanismo molekularrak ezezagunak dira oraindik, nahiz eta oso garrantzitsu izan ugalketa osasunerako.

UPV/EHUKo ikertzaile Nerea Subiránek zuzendu eta Plos Onen argitaraturiko lan berri honek errezeptore opioideek espermatozoideen eraketan inplikaturiko zeluletan duten presentzia azaldu du lehenengoz. Errezeptore opioideak zelulen komunikazio sistema ezberdinen parte dira eta zelula eta ehun mota ezberdinen arteko komunikazio- eta koordinazio-maila handia eskatzen duten prozesu fisiologikoak arautzeko gai dira. Aipatu errezeptoreek ugaztunen espermatozoideen eraketa prozesuan duten partaidetza azaldu du ikerketak. Hain zuzen ere, espermatogenesian zeharreko informazio genetikoaren banantze zuzenaren ardura duen makineriaren osaera arautzen du bere aktibazioak.

"Animaliekin eginiko oinarrizko zientziako ikerketa bada ere, ikerketa hauei esker gizonen emankortasuna kontrolatzen duten mekanismo molekularren inguruko informazioa jasotzen ari gara. Ernalezintasun kasu askoren arrazoiak hobeto ulertzen eta bere aurkako dianak eta estrategia terapeutikoak garatzeko aukera berriak irekitzen lagundu dute", adierazi du Subirán doktoreak.

Nerea Subiránek Fisiologia Doktoregoa lortu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta bertako Fisiologia Saileko irakasle da. Halaber, Ugalketa atala zuzentzen du Jon Irazusta Astiazarán katedraduna buru duen Sistema Peptidikoen taldean. Ibilbide oparoa du nazioartean, bere heziketa entzute handiko ikerketa laborategi ezberdinetan osatu baitu: Université Libre de Bruxelles (Belgika), CSIC-Sevillako Unibertsitatea, University of California, Irvine (AEB) eta University of Birmingham (Erresuma Batua) erakundetan, esaterako.

Erreferentzia bibliografikoa