euskaraespañol

Lehenengo sukaldarien arrastoen atzetik

Aztarnategietan aurkitutako hezurrak gizakiek edo animaliek kontsumitu dituzten bereizteko oinarriak ezarri ditu UPV/EHUko ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/28

Antonio Jesús Romero

UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Antonio J. Romero buru izan duen ikerketa esperimental batek frogatu du gizakiek hezurretan egindako hozkadek ezaugarri bereizgarriak dituztela; haiei esker, beste animalia batzuek egindako hozkadetatik bereiz daitezkeela, eta, bestalde, haragia aurrez kozinatua egoteak eragina baduela marka horien agerpenean. Ikerketaren berri Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian eman dute. Ikerketa honek ondorio baliagarriak ekarri ditu aztarnategietan aurkitutako janari-arrastoak aztertzeko.

Arkeologia-aztarnategiek beste garai batzuetako jendearen ohiko bizimoduaren berri ematen dute. Dena dela, ez da erraza izaten errealitate hori irakurtzen jakitea. Jakina da Paleolitoko gizarteak ehizatuz eta elikagaiak bilduz bizi zirela, baina historiaurreko kokalekuetan aurkitzen diren hezurrak ez dira beti izaten han bizi ziren gizarteen janari-hondarrak. Edo ez dira hondarrak bakarrik izaten. Orduko jendea nomada zen, eta etengabe mugitzen ziren lurraldean batetik bestera; beraz, ohikoa litzateke bestelako harrapakariak, hala hienak nola otsoak, inguruan ibiltzea, gizakiek utzitako janari-arrastoen bila. Edo, bestela, une jakin batean, Historiaurreko gizakiek utzitako haitzulo bat erabil zezaketen animalia haragijaleek babesleku gisa, beren kumeak hazteko eta harrapatutako animalien hezurrak sar zitzaketen kumeok elikatzeko. Harrapakari horiek hozka egiten zieten hezurrei, beren hortzen arrastoa utziz.

Beraz, oso zaila da, esate baterako, duela zenbait milaka urte erreta kontsumitutako mufloi-beso bat identifikatzea, hezur-zati gutxi batzuk besterik ez baita geratzen. Halako kasuak identifikatu ahal izateko bide berritzaile bat da gaur egun haragia jatean gizakiek hezurretan eragiten ditugun markak aztertzea. Gizakiek ez ditugu hezurrak eraldatzen soilik haietan harrizko labanak erabiltzeagatik eta kozinatzeko sutan jartzeagatik; beste animalia batzuek bezalaxe, hozken markak uzten ditugu hezurren gainazaletan, elikatzeko haragia jaten dugunean.

Horren haritik, UPV/EHUko Letren Fakultateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaile Antonio J. Romero buru izan duen ikerketa esperimental batean, eskuak eta hortzak soilik baliatuz hamar boluntariok kontsumitu dituzten laurogeita hamar arkume-hezur aztertu dira —falangeak, erradioak eta eskapulak—. Elikagaien aurretiko tratamenduarekin lotutako aldagaiak kontrolatzeko, haragi-laginen herena gordinik, beste heren bat erreta eta beste heren bat egosita jan zituzten.

Zer eta nola jaten zuten?

Emaitzek —zeinak Journal of Archaeological Science: Reports aldizkari zientifikoan argitaratu baitituzte— erakutsi dute hezurren erdiek baino gehiagok gizakien hozka-markak zituztela: bai hortz-markak, bai mastekatzeak eragindako hausturak. Markak lupa binokularrez aztertu dituzte, eta ikusi dute beste animalia batzuek eragindako hozketatik bereizteko moduko ezaugarriak dituztela (tamaina eta morfologia). Gainera, ikertzaileak azaldu duenez, "gizonezkoek emakumezkoek baino marka gehiago eragin bazituzten ere, datu horiekin ezinezkoa da elkarrengandik bereiztea". Bestalde, haragia aurrez kozinatzeak badu eragina marken agerpenean: "hortz-markak gehiago ageri dira erre edo egositako laginetan —zehaztu du ikertzaileak—, eta muturretako eta ertzetako kalteak eta zanpaketak ohikoagoak izaten dira gordin jandako hezurretan".

"Badira antzeko hainbat lan animaliek, elikatzean, hezurretan zer kalte eragiten dituzten sakon aztertzen dutenak, baina ez dituzte aztertzen gizakiek uzten ditugun markak", azaldu du Antonio Romerok. Halako ikerketek zuzeneko aplikazioa dute arkeologiako aztarnen analisian, bereziki historiaurreko etapei dagozkienean. Kasu bakoitzean, beraz, ezaugarri-multzo bat aztertzen da, hala nola hezurretan eragindako kalteen kokapena, haien morfologia eta tamaina, baina ez da erraza izaten erregistro arkeologikoari horiek denak aplikatzea; nolanahi ere, "giza jardueraren beste aztarna seguruago batzuekin batera aztertuz —besteak beste, harrizko labanen eta suaren markak—, interpretazioa osatu egin daiteke", dio. Ikerketa honek aurrerapauso handia eman du hominidoek zer haragi-mota jaten zuten eta nola jaten zuten (aurrez kozinatua edo ez) jakiteko. "Hala, hobeto ezagut ditzakegu antzinako gizakiak nolakoak ziren, bai eta gure portaera modernoaren, elikagaiak tratatzeko dugun moduaren (kozinatzea edo ez kozinatzea) eta elikatzeko dugun moduaren jatorria zein den ere", adierazi du.

Informazio osagarria

Antonio Jesús Romero Historian lizentziaduna da (Córdobako Unibertsitatea), Koaternarioa: Ingurugiro Aldaketak eta Giza Oinatza Unibertsitate Masterra du (UPV/EHU) eta doktore-tesia egiten ari da UPV/EHUko Letren Fakultateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean. J. Carlos Díez (Burgosko Unibertsitatea) eta Palmira Saladié (Universitat Rovira i Virgili) ikertzaileekin lankidetzan egin du ikerketa.

Erreferentzia bibliografikoa