euskaraespañol

Eguneko irudia

Burdinaren historia Bizkaian

UPV/EHUren liburu batek auzitan jartzen du arkeologo gehienek burdin minerala erreduzitzeko euskal labeen inguruan duten ikuspegia

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/29

Irudia

Burdinaren Historia Bizkaian eta ingurunean aztertzen duen obrak diziplina anitzeko ikuspegitik (geologikotik, historikotik, ekonomikotik...) ezagutarazten du metal horren historia, metal horren hobien osaera, metal horren erabilera eta metalurgiaren bilakaera –erromatarren garaiko labeetatik labe garaietara eta altzairutegi modernoetara–. Era berean, auzitan jartzen du Euskal Herrian barreiatuta dauden eta karobitzat jo diren aztarna arkeologikoetako asko eta asko karobiak izatea; benetan burdin mineralaren erredukzio-labeak zirela irizten dio.

Liburuaren artikuluetako batek artikulu zientifiko honen zati handi bat hartzen du: "The Basque bloomery furnace "Horno vasco": new findings of a large iron smelting furnace and historical perspective" (Erredukzio zuzeneko "euskal labea": burdin minerala erreduzitzeko tamaina handiko labeen aurkikuntza berriak eta ikuspegi historikoa). Artikulu horrek, berriki, "De Re Metallica" aldizkarian 2014an eta 2015ean argitara emandako artikulurik onenaren saria irabazi du.

"Euskal Herriko espezialista gehienek auzitan jartzen dituzte, oraindik ere, emaitza horiek, hots, sari bat jaso duten emaitza horiek berak" azaldu du Xabier Orue-Etxebarriak. Xabier Orue-Etxebarria da, Estibaliz Apellaniz Ingunza eta Pedro Pablo Gil-Cresporekin batera –hiruak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologiako irakasleak eta ikertzaileak– "Historia del Hierro en Bizkaia y su entorno" liburuaren egileetako bat.

Orue-Etxebarriaren iritziz, "euskal labeak" ezaugarri bereziak ditu, hala nola, barrualdean horma kurbatuak izatea, goraka ixten direnak, edo tamaina handikoak izatea; horrek burdin minerala erreduzitzeko beste labe batzuez bereizten ditu, eta kare labeen edo karobien antza hartzen dute.

"Behin, jakin-minak bultzatuta, mendian zegoen eta espezialistek karobitzat jotzen zuten egitura bat (barrunbe bertikal biribildu bat) bisitatu nuen. Hormak aztertu, eta ikusi nuen jasotako datuak ez zetozela bat barrunbe horren karobi egitekoarekin. Ikertzen hasi nintzen eta urtebetean behar beste datu nituen jakiteko burdin minerala erreduzitzeko labe bat zela. Horretaz ohartzean, eta gai interesgarria ematen zuela kontuan izanik, Bizkaiko Foru Aldundiaren ondare sailarekin harremanetan jarri nintzen. Nire ikerketen berri eman nahi nien, ez bainuen gai horretan aritzeko asmorik. Egun batzuetara Aldundiko arkeologo bat etorri zen; nik aurkitutako datuak azaldu nizkion arren, oker nengoela esan zidan, karobi bat zela. Nire ustez hain interesgarria izan zitekeen ikerketa bide berri bat proposatu, eta ezerezean geratuko zela ikusirik, gai itxia zela ikusirik, labe berri horien ikerketan buru-belarri aritzea erabaki nuen" adierazi du Orue-Etxebarriak.

Munduko burdin mineral guztiaren % 10

Bere ikerlanari esker, energia hidraulikoaren laguntzarik gabe funtzionatzen zuten tamaina handiko (3 eta 4 metroko diametroko eta 6 metro arteko altuerako) burdin minerala erreduzitzeko labe horietako ehunka batzuk identifikatu dira Euskal Herrian. "Datu batek piztu du atzerriko espezialisten arreta; tamaina handikoak diren arren, ez dutela energia hidraulikoa erabiltzen funtzionatzeko. Bestalde, labe horien adina ezagutzeko erreferentzia historikorik izan ez arren, Erdi Arokoak izango direla uste da.  Labe horietako batzuk gero karea fabrikatzeko berrerabili ziren".

‘Historia del hierro en Bizkaia y su entorno' liburuan, halaber, euskal burdinaren produkzioak eta merkataritzak eta lehengai hori lortzeko iturriak Erdi Aroan izan zuen garrantzia planteatu da. Era berean, zepen osaera kimikoa eta mineralogikoa definitu da. Eta, azkenik, labeak funtzionatzeko moduari buruzko zenbait iritzi planteatu da.

"Liburuak erakusten du, esate baterako, XX. mendearen hasieran Bizkaiak burdin mineral guztiaren % 10 produzitzen zuela; edo, nire ustez garrantzitsuagoa dena, Bizkaian eta Gipuzkoan, XII. mendetik, gutxienez, burdinarekin merkataritzan aritzen zirela Europako merkataritza gune garrantzitsuenetan, hala nola Flandrian, Frantzian, Britaniar Uharteetan,  eta abar. Labeen funtzionamenduari dagokionez, uste dugu labearen barruan ikatzarekin batera burdin minerala sartzen zela, nagusiki hematiteak eta goetita, eta tenperatura handian erre ondoren burdin metalikoa eta zepa lortzen zela. Zepa horiekin egindako analisiek berresten dute oso tenperatura handiak lortu zirela, 1150 gradutik gorakoak. Hala ere, oraindik ez dakigu zenbatekoa zen labean sartzen zen burdin mineralaren eta ikatzaren arteko proportzioa, ezta hauspoak erabiltzen ziren ere. Dena dela, azken aldian lortzen ari garen datuek pentsarazten digute hauspoak erabili zituztela", aditzera eman du Orue-Etxebarria.

Ikerketa horren emaitza gisa 12 argitalpen zientifiko baino gehiago sortu da; eta horietako batek, lehentxeago adierazi moduan, "De Re Metallica" aldizkariak 2014an eta 2015ean argitaratutako artikulurik onenaren saria irabazi du. Joan den ekainean jaso zuen saria Xabier Orue-Etxebarriak Jorge Civis Espainiako Geologia eta Meatzaritza Institutuko zuzendariaren eskutik. 

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU