euskaraespañol

Julen Bollain, Oinarrizko Errentaren arloko ikertzailea eta aditua

«Oinarrizko Errentari buruzko falazietako bat da langileei pizgarria kenduko liekeela»

Ikertzailea 'Cómo ha evolucionado la Renta Básica Incondicional con los cambios socieconómicos acaecidos en el siglo XXI' tesia idazten ari da

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/28

Julen Bollainek Josu Ferreiro (UPV/EHU) eta Daniel Raventós (Bartzelonako Unibertsitatea) ditu tesiaren zuzendarikide. Bollainek Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi zuen UPV/EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultatean eta Bruselako Université Saint-Louisen; horrez gain, Nazioarteko Administrazioa eta Nazioarteko Harremanak masterra egin zuen Oxforden.

Elkarrizketan, Julen Bollainek (Eibar, 1990)  auzitan jarri ditu Oinarrizko Errentari buruzko aurreiritzietako asko. Adierazi du "berandu baino lehen" ezarriko dela errenta gure artean, eta hala irabazleak nola galtzaileak egongo direla, neurri ekonomiko guztiekin gertatzen den bezalaxe: "Eliteak, aberatsenen % 20k, zerga erreforma progresibo batean oinarrituta, Oinarrizko Errenta finantzatuko lieke gainerako herritarrei; hori, besterik gabe, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa izango litzateke".

Lehenik eta behin, zehaztu eta azaldu egin behar dugu zer den Oinarrizko Errenta Unibertsala. Nik uste ez duela zerikusirik diru sarrerak bermatzeko errentarekin (DSBE); izan ere, Oinarrizko Errenta Unibertsala herritar guztiek jasoko lukete, inolako baldintzarik gabe, bai aberatsek, bai txiroek: Ana Botínek, zuk eta nik.
Hasteko, "unibertsal" hitza kendu eta "baldintzarik gabeko" esan beharko genuke, zuzenagoa da eta. Baldintzarik ez jartzeko printzipio horren arabera, laguntza ez dago baldintzatuta eskakizunik betetzera, ez hasieran ez gero; alegia, pertsona guztiek, herritar izate hutsagatik, errenta jasotzeko eskubidea izango lukete. Herritarren eskubidea izango litzateke, eta laguntza jasotzeko orduan ez lirateke zalantzan jarriko generoa, sexu orientazioa edota erlijio sinesmenak, adibidez. Eskubide bat gehiago litzateke, sufragio unibertsala bezalakoxea; izan ere, bozkatzera joaten garenean inork ez digu galdetzen gizon edo emakume garen, homosexual edo heterosexual, katoliko edo musulman.

Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren eta DSBEren arteko aldea dela eta: Oinarrizko Errenta baldintzarik gabea da, ez dago baldintzatuta; indibiduala da, ez bizikidetza unitatearen araberakoa, eta herritar guzti-guztientzat da. Horregatik, Ana Botínek, zuk eta nik jasoko genuke, bai. Neurri ekonomiko guztiekin bezala, hala irabazleak nola galtzaileak egongo lirateke. Eliteak, aberatsenen % 20k, zerga erreforma progresibo batean oinarrituta, Oinarrizko Errenta finantzatuko liekete gainerako herritarrei; hori, besterik gabe, aberastasunaren banaketa bidezkoagoa izango litzateke. Azken batean, dirua aberatsenengandik pobreenengana banatzeko neurri bat da.

Zenbatekoa izango litzateke Oinarrizko Errenta?
Diru kopurua ez dago zehaztuta, baina egungo azterlan gehienek pobreziaren atalasea hartu dute zenbatekotzat, hau da, batez besteko soldataren % 60: 650 bat euro. Helburua da inor ez egotea pobreziaren atalasetik behera, pobrerik ez egotea. Beste helburuetako bat litzateke pertsonei askatasun indibiduala ematea, hots, pertsonek nahi duten lana egitea. Gainera, neurri horrekin, genero berdintasunean aurrera egingo genuke: zenbat emakume ez dira dibortziatzen gizarte patriarkal honetako mendekotasunagatik? Laburbilduz, negoziatzeko boterea ematen die langileei, emakumeei.

Enpresari batek zioenez, aberastasunaren banaketa ondo dago, baina horretarako aberastasuna sortu behar da lehenik. Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errenta ez al litzateke oztopoa izango? Ez al lioke pizgarria kenduko langileari?
Argudio hori Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren inguruko falazia handietako bat da; hori ez dago enpirikoki frogatuta, gainera. Are gehiago, lehen eta hirugarren munduko herrialde edo eskualdeetan egin diren azterlanek (besteak beste Indian, Namibian eta Alaskan egin direnek) kontrakoa erakusten dute. Beste azterlan batean, Europako Batasuneko 28 herrialdeetan 10.000 pertsonari baino gehiagori egindako inkesta batean, soilik % 4k eman zuten baiezko erantzuna oinarrizko errentagatik lana utziko luketen galdetuta. Alabaina, Oinarrizko Errenta ezartzeak zer beldur sortzen zien galdetuta, % 40k erantzun zuten jendeak lan egiteari uzteak ematen ziela beldur handiena. Dikotomia hori nabaritzen da jende artean: zuri zeuri galdetzen dizutenean lana errentagatik utziko ote zenukeen, ezetz esaten duzu; besteei buruz galdetzen badizute, ordea, beldur zara haiek lan egiteari utziko dioten.

«Helburua da inor ez egotea pobreziaren atalasetik behera»

Bestalde, enpresariek aberastasuna birbanatuta dagoen herrialde batean bizi nahi dute, eskari globalak gora egiten duen herrialdean, merkatu sendoa izan eta beren produktuak saldu ahal izateko. Hori dela eta, egitasmo hau enpresarientzat zein herritar guztientzat izango litzateke onuragarria.

Uste dut Alaskan badutela Oinarrizko Errenta.
Bai, urtean 3.000 euro ingurukoa. Gainera, gobernari errepublikano batek ezarri zuen; petrolioaren irabaziak berriz banatzeko funts bat sortu zuen. Munduko beste leku batzuetan ere, Herbehereetan eta Finlandian adibidez, probako proiektuak ezartzeko asmotan dabiltza. Horien guztien alderdi aipagarriena da suntsitzen ari direla Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren aurkako oztopo kulturalak edo mentalak. Unibertsitateok ere lan egin behar dugu oztopo horiek hausteko, Oinarrizko Errenta zer den azalduz, doktrinatzen saiatu gabe; hau da, errenta horrek gizarte osoari zer onura ekarriko lizkiokeen azalduta. Arlo horretan dihardugun akademiakideek eta adituek herritarrei hurbildu behar diegu errenta.

Ahal Dugu alderdi politikoak, kasurako, atzera egin zuen Oinarrizko Errentaren aldarrikapenean, justu 2015eko abenduaren 20ko hauteskunde orokorrak baino lehenago.
Bai. Arazo handia ekarri zien, gainera; izan ere, neurri programatiko horrek jaso zuen boto gehien Ahal Dugu-ren oinarrien artean 2015eko hauteskunde orokorretara eramateko. Ez dakit ezjakintasunagatik, beldurragatik edo aipatutako oztopo kulturalengatik izan zen, baina kontua da ez zutela estatu programan sartu, eta azkenean erabaki zuten Euskadiko DSBEren antzeko zerbait ezartzea estatu osoan. Hutsegitea izan zen, azterlan batek baino gehiagok erakusten baitute DSBEk ez duela funtzionatu, ez dituelako helburuak lortu. Adibidez: DSBE jasotzeko eskubidea duten lau pertsonatik batek ez du jasotzen, nahiz eta baldintzak bete, burokraziagatik, dakarren estigmatizazioagatik edo beste arrazoi batzuengatik.

Suitzan Oinarrizko Errentari buruzko erreferenduma egin dute, eta errentaren aldekoek galdu dute argi eta garbi.
Ezetza gailendu da, bai, baina garaipen handia izan da guretzat; izan ere, inkesten arabera, % 10ek bozkatu behar zuten errentaren alde, baina azkenean lau pertsonatik batek bozkatu du alde, eta Zurichen, Suitzako hiririk jendetsuenean, kasurako, % 54k eman dute aldeko botoa. Historiak erakutsi digu aldaketak hiri handietan gertatzen direla eta ondoren herrietara, landa guneetara eta halakoetara zabaltzen direla . Alegia, niretzat oso emaitza baikorrak dira, are gehiago Suitza herrialde oso kontserbadorea dela kontuan hartzen badugu.

Zure ustez, gure ingurunean (Euskadin edo Espainian) ezarriko al da etorkizun hurbilean Oinarrizko Errenta bezalako neurri bat, eskualde eta udalerrietan egiten diren proba pilotuetatik harago?
Nik baietz uste dut, eta berandu baino lehen, gainera. Martxoaren 14an, Oinarrizko Errentaren garaia beharbada iritsia zela idatzi zuten batere komunista edo erradikala ez den Financial Times egunkarian. Badaude errenta iritsiko dela azaltzen duten zantzuak: esaterako, aurki lana robotizatzea.

«Negoziatzeko boterea ere ematen du Oinarrizko Errentak»

Gaur egun ez du zentzurik lan bermatuaz hitz egiteak; izan ere, Oxfordeko ikerketa batek iragarri zuen epe ertainera suntsitu egingo direla ezagutzen ditugun enpleguen % 47. Oinarrizko Errenta lagungarri izango litzateke suntsipen horren galerei aurre egiteko. Gainera, gero eta garrantzi handiagoa ematen diogu aisialdiari, seme-alaben eta adinduen zaintzari, sormenezko lanak egiteari.

Uztailaren 7tik 9ra Korean izan zara, BIEN Basic Income Earth Network edo Oinarrizko Errentaren Munduko Sarearen biltzarrean.
Bai. Esan behar dut Hedakuntzaren eta Transferentziaren Errektoreordetzak emandako laguntzari esker joan nintzela biltzarrera; horregatik, eskerrak eman nahi dizkiot Amaia Maseda errektoreordeari. Han, Oinarrizko Errentari buruzko esperientziak, ikerketak edo lanak partekatzeko nazioarteko unibertsitateen sare bat sortzea proposatu nuen.

Horrez gain, Basic Income Earth Network (BIEN) sarearen zenbait workshopetan lan egin dut Seulen, eta Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentarekin eta Ongizate Estatuarekin lotutako gaiak jorratu ditugu. Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentak bateragarria izan behar du Ongizate Estatuarekin; biak aldi berean ezarri behar dira, hori nahi delako eta ezar daitezkeelako.

Baina inork jartzen al du auzitan bateragarriak izan daitezkeela?
Oinarrizko Errentari buruz eztabaidatzeko biltzen garenok eta errentari buruz ikertzen dugunok normalean ez dugu auzitan jartzen Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errenta eta Ongizate Estatua bateragarriak izan daitezkeenik. Alabaina, historikoki liberalak izandako zenbait egilek eta gaur egungo neoliberal batzuek Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentaren alde egiten dute, baina Ongizate Estatuaren kaltetan. Niretzat, egin daitezkeen okerrik handienetako bat litzateke hori, dudarik gabe. Nik ezin dut imajinatu Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errenta bat hezkuntza edo osasun publikorik gabe, adibidez.

Otsailaren 22an, UPV/EHUk hitzarmen bat sinatu zuen RRB Espainiako Oinarrizko Errentaren Elkartearekin.
Unibertsitateak oinarrizko errentaren sare batekin sinatzen duen lehen akordioa da. Urrats handia da, unibertsitateek izen eta sona handia baitute gizartean. Unibertsitateekin batera lan egitea aukera bikaina da oinarrizko errentaren gaineko aurreiritziak eta oztopo kultural nahiz politikoak ezabatzeko; finean, gai horiek lantzen dituzten akademiakideen eta herritarren artean dagoen hutsunea desegiteko. Horren harira, azaroaren 18an eta 19an UPV/EHUren Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean Baldintzarik gabeko Oinarrizko Errentari buruz egingo den estatuko sinposioa abagune aparta izango da herritarrei garrantzi handiko gaiak azaltzeko: enpleguaren etorkizuna, lanaldiaren murrizketa, Oinarrizko Errentaren bideragarritasun soziala, ekonomikoa eta politikoa.

Argazkiak: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU