euskaraespañol

Hitzarmen bat sinatu da terrorismoaren historia eta memoriari buruzko ikerketa proiektu bat egiteko

Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroaren eta Valentin de Foronda Institutuaren proiektua Euskadin orain arte ezagutzen den osoena eta zorrotzena da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/19

Gaur, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentro Fundazioaren (TBOZFren) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV-EHUren) arteko oinarrizko hitzarmena sinatu da Vitoria-Gasteizen, Valentin de Foronda Gizarte Historiarako Institutuaren bitartez. Izenpetutako hitzarmenaren asmoa da ‘Terrorismoaren historia eta memoria Euskadin' ikerketa proiektua garatzea. Oroimenerako Zentroaren ordezkari-lanetan, haren zuzendariak, Florencio Domínguez Iribarrenek parte hartu du; Valentin de Foronda Institutuarenean, José María Ortiz de Orruñok.

TBOZFren Patronatuak onartutako jardueren planean, ‘Euskadiko terrorismoaren historia eta memoriari buruzko ikerketa proiektu' bat egitea sartzen zen, TBOZFren zein beste erakunde publikoen arteko lankidetzaren bitartez, eta proiektu hori urtekako fasetan egingo zen lau ekitalditan (2016-2019).

Hitzarmenaren helburua da TBOZFren eta UPV/EHUren arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzea eta, oinarri horien bitartez, terrorismoaren oinarrizko gaiak eta horrek euskal gizartean eta, hedaduraz, Espainia osoko gizartean izan duen eragina lantzea. Oroimenerako Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak terrorismoaren bilakaeraren eta haren helburuen, biktimen zein eraso terroristen tipologiaren azterketa xehea, zorrotza eta sistematikoa sakonago aztertzea bilatzen dute, arreta berezia jarriz horiek lau hamarkada baino gehiagotan izandako gizarte-erantzunari. Hori guztia ikuspegi zientifiko batetik, eta terrorismoaren biktimak azterketaren jomugan jarriz.

Horretarako, TBOZFk ikerketa historikoko lana errazteko konpromisoa hartzen du, informazioa eskueran jarriz eta erakunde publikoei eta, oro har, informazio-iturriei buruz bitartekari-lanak eginez, hori betiere ikertzaileentzako beharrezko egitekoa baita. Halaber, Oroimenerako Zentroak aukera emango die terrorismoaren biktimei eta proiektuaren xedeko ikerketarako beste eragile garrantzitsuei parte hartzeko. Bukatzeko, TBOZFk ekarpen ekonomikoak egingo ditu hura aurrera eramateko, TBOZFren Patronatuak onartutako zenbatekoaren arabera eta aurrekontu-erabilgarritasunak dituen mugen arabera.

Bere aldetik, UPV/EHUko Valentin de Foronda  Institutuak zuzendaritza zientifikoaren eta ikerketa-proiektua egikaritzearen konpromisoak hartuko ditu; horretarako, TBOZFk jartzen duen finantzaketaren zenbateko osoa erabiliko du. Institutuak izendatuko du proiektu hau aurrera eramango duen ikertaldea, eta bere gidari-lanetan José Antonio Pérez Pérez ikertzaile eta koordinatzailea arituko da, Valentin  de Foronda Institutuko kidea.

Hau izango da ibilbide akademiko egiaztatuko historialari profesionalek terrorismoari eta haren ondorioei buruz Euskadin egindako azterlan handiena. Proiektua ‘Relatos de plomo. Historia del terrorismo en Navarra 1960-1986' azterlanean oinarritzen da, Nafarroako Foru Komunitatean egindakoa.