Ekainaren 27an, astelehena, EHUtxiki estreinatu zen, UPV/EHUk unibertsitateko kideen seme-alabentzat Bizkaiko Campusean antolatzen dituen udalekuak. 50 neska-mutil apuntatu dira lehenengo edizio honetara, eta lehen parte-hartzaileen balorazioa ezin hobea izan da.
Udalekuak Campusean
7 eta 12 urte arteko 50 umek ikasi eta gozatzen dute Leioa-Erandio eremuan EHUtxikiren lehen edizioan
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/15
Gaur Norak berriro egin du bere motxila, baina oraingo honetan ez du libururik ez arkatzik sartu, ur botila eta ogitarteko bat nahikoa izan da. Oso gaztea izan arren, Nora gaur unibertsitatera doa. Uztaileko egun eguzkitsu bateko goizeko bederatziak dira, eta unibertsitateak antolatu dituen udalekuetara doa, bere motxila txikiarekin, eta irribarre handi batekin sartu da polikiroldegira, non bere adineko este neska-mutilak ezagutuko dituen.
Udaleku hauek bi txandetan daude antolatuak, ekainaren 27an hasi zen lehenengo hamabostaldia eta uztailaren 22an bukatuko da bigarrena. Txanda bakoitzera adin desberdineko umeak datozenez, bi taldetan banatuko dira, aktibitateak eta kirolak hobeto moldatzeko adinaren arabera.
Bi txandetako jarduerak berdinak dira, desberdintasun bakarra adinaren araberako taldeen artean dago, zailtasunari dagokiona. Umeekin batera beti 4 begirale daude, umeak zaindu eta laguntzeko.
Jarduerak hiru arlotan banatzen dira: kirola, tailerrak eta kultura. Kirola ezinbestekoa da umeen udaleku batean, bertan, laguntasuna eta talde-lana irakasten baitira. Kirol ezagunak alde batera utzita, beste kirol batzuk ezagutzen dituzte, hala nola eskubaloia, padel surfa -Plentziako itsasadarrean egiten dena-, eskalada Urdulizen edota euskal kirolak, hauetaz gain zumba eta combat ere egiten ikasiko dute. Tailerren arloan, umeak jolasak alde batera utzi eta denbora batez mahai baten inguruan eseriko dira, eta material birziklatua erabiliz, beren eskulanak egingo dituzte, birziklatzearen garrantzia ikasiz; eta, sukaldaritza tailerrean, geroago etxera eramateko beren janari platerak sortuko dituzte. Hirugarren alorrean, umeen interesa kulturan sustatzen saiatzen dira Bilboko Itsasadarreko Ontzi Museoa edota unibertsitateko fakultateak bisitatzen, hala nola geologiako hitzaldi bat entzuten. Azkenik, gazte hauek bi asteotan beren egunkaria sortuko dute, albiste bana idatziko dute, eta guztiak bildu ondoren, egunkaria kaleratuko dute hamabostaldiaren azken egunean.
Gelan sartzean Nora beste bi umeen artean eseri da, hasieran lotsatuta zegoen, baina begiraleen eta jolasen laguntzarekin Jone eta Xabi ezagutu ditu. Berak oraindik ez jakin arren, lagun min bereiztezinak egingo dira hurrengo egunetan. Gaur kombat egiten ikasi dute, eta gero atletismoko jarduera izango dute.
"EHUtxikiren helburuak bi dira, alde batetik txikitatik kirola eta ohitura osasungarriak sustatzea, eta bestetik, unibertsitateko komunitatearen familia-adiskidetzea hobetzea uda garaian", dio Sergio Seoanek, Bizkaiko Campuseko ikasleen zuzendariak eta EHUtxikiren antolatzaileak. Lehenengo iritziek diotenez, emaitzak ezin hobeak izan dira lehenengo edizio honetan.
Ate berde bat.Horixe izan da Norak egin duen pieza eskulan tailerrean, poz pozik eramango du gurasoei erakusteko. Etxerako bueltan, egunean zehar egin duena kontatzen dio amari, Xabi eta Jone ezagutu dituela, bai eta beste ume asko ere, jolastu, gozatu eta gauza berriak egiten ikasi duela, dudarik gabe bihar bueltatzeko irrikitan.