euskaraespañol

UPV/EHUko ‘Theoria' aldizkaria bere esparruko 100 onenen artean kokatu da

SCImago rankingak Filosofia arloko aldizkari entzutetsuenen artean kokatu du UPV/EHUko argitalpena

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/08

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleratzen duen 'Theoria. An International Journal for Theory, History and Foundations of Science' aldizkaria lehen aldiz ageri da SCImago rankingaren lehen taldean. Aipatu rankinga Giza eta Gizarte Zientzien esparruko erreferentziazko sailkapena da eta oraintsu eman ditu ezagutzera 2015eko datuak.

Theoria SCImago ranking ospetsu honetako 86. postuan dago kokatuta, eta, beraz, Filosofiaren arloko aldizkari ospetsuenen artean. Maila hori auto-aipu oso gutxirekin lortu da eta horrek meritu handiagoa ematen dio lortutako balorazioari. Nabarmentzekoa da Theoria dela Filosofiako 2015eko SCImago rankingaren lehen bi kuartiletan agertzen den Espainiako eta Latinoamerikako aldizkari bakarra.

2011 geroztik Andoni Ibarra da Theoria aldizkariko zuzendari orokorra. Berak azaldu duenez, 100 aldizkari onenen artean egoteak "lan-eredu akademiko baten errekonozimendua" suposatu du. "Lan-eredu horrek lau ezaugarri ditu: Analisi, Logika eta Informatika Juridikoko Zentroaren (CALIJ) eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuaren arteko kolaborazioa (lehena edizioaren alde zientifikoaz arduratzen da eta, bigarrena, aldizkaria argitaratzeaz, komunikazioaz eta banaketaz); edizio-taldeen formakuntza, kalitatea eta kideen nazioarteko aitorpenean oinarrituz; CALIJ-en jarduera zientifikoaren garapenak izandako Eusko Jaurlaritzako dirulaguntza; eta ekarpenak onartzeko irizpide zorrotzak erabili dituen lan editoriala". Halaber, "Theoria erreferentziazko beste Filosofia aldizkariekin parekatzen saiatu dela, izaera zientifikoa berresteko irizpideak bermatuz. Zentzu honetan, erabakigarria izan zen CALIJ eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuko kolaborazio-hitzarmena, eta baita zerbitzu honen aldizkari digitalen webgunean presente egotea eta, bertan, aldizkaria era irekian kontsultatu ahal izatea" gogoratu du.

Etorkizunerako erronkak "Theoria Logika eta Zientziarako Filosofia arloetako emaitzak hedatzeko plataforma bezala finkatzea" eta "nazioartean presentzia handiagoa izatea" dira. Ibarrak zehaztu duenez, "laguntza ekonomikoaren falta formula kreatiboekin ordezkatu beharko da", izan ere, badira hiru urte ez dutela Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzarik jasotzen.