Martxoaren amaieran ireki ziren Punta Begoña Galeriak (Getxo) berriz ere eta dagoeneko jaso dira aurtengo ibilbideari buruzko lehen balorazioak. Bisitarien % 97k adierazi dute euren aurreikuspenak bete direla, eta % 98 berriro joango lirateke galerietara, egungo edukiak berritzean. Gainera, % 99k gertukoei gomendatuko liekete bisita.
Punta Begoña Galerietan izan diren pertsonen % 97k diote bisitek euren aurreikuspenak bete dituztela
Gainera, % 99k gertukoei gomendatuko lizkiekete, eta % 98 berriro joango lirateke bisiten edukiak aldatutakoan
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/08
Erabiltzaileek bisiten edukiari eman diote baloraziorik onena: % 99k gogobetegarritzat jo dituzte, bisitetako gidarien lanaren kalitatea bezalaxe. Ordutegiari dagokionez, handitzeko eskatu dute zenbaitek, egungo eskariari erantzun ahal izateko. Hori dela eta, Getxoko Udalak asteko bisita kopurua areagotu du udako hilabeteetarako, orduantxe ibiltzen baita jende gehien. Hala, uztailaren 1etik aurrera, % 70 areagotuko da udarako eskainitako plaza kopurua; egun 160 eskaintzen dituzte astean, eta udan 275 eskainiko dituzte.
Galeriak martxotik urrira bitartean bisita daitezke, eta urtetik urtera eremu berriak ikus daitezke, galeriak leheneratzeko lanak aurrera doazen heinean. Aurtengo bisitetan, proiektuan diharduten UPV/EHUko ikertaldeek galeriei balioa emateko 2015ean egin dituzten lanak erakusten dira. Bi ardatz nagusi dituzte aurtengo bisitek: galeriak eraikitzeko erabilitako materialen identifikazioa eta materialak etorkizuneko lehengoratze lanerako ezagutzeko garrantzia, alde batetik, eta eraikinaren egonkortasuna eta kalteak, eta leheneratzeko prozesuan egingo diren jarduketak, bestetik. Horrez gain, bisitetan eremu berri bat ezagut daiteke: labarraren ingurua.
Bisitetan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da Getxoko Udalaren webgunean (www.getxo.eus) edo Turismo Bulegoaren telefono zenbakira deituta (94 491 08 00). Bisitak doakoak dira, eta 25 lagun arteko taldeetan egin ahalko dira, asteartetik igandera bitartean, euskaraz nahiz gaztelaniaz eta hainbat ordutegitan.
Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektua
Getxoko Punta Begoña Galeriak XX. mendearen hasierako Bizkaiko eta Euskadiko eraikinik esanguratsuenetako bat dira, haien erabilera bitxiagatik, kokaleku bereziagatik eta eraikitzeko erabili zen teknologiagatik.
Horregatik guztiagatik, eta ikusirik gaur egun hondaturik daudela, Getxoko Udalak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, herritarrei irekitako eta herritarren zerbitzurako ikerkuntza eta exekuzio prozesu baten bidez galeriak leheneratzeko asmoz.
Hala, UPV/EHUko bost ikertalde hainbat diziplina uztartuz ari dira galeriak leheneratzeko lanean Getxoko Udaleko aditu talde batekin, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta. UPV/EHUk, berriz, Punta Begoña Galeriak leheneratzeko prozesuan proposatzen diren ekintzen inguruko aholkuak eta jarraibideak ematen ditu.