euskaraespañol

UPV/EHUk 141 plaza aterako ditu lan eskaintza publikoan

Gobernu Kontseiluak 2015. ekitaldiko kontuak onartu ditu

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/08

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) 141 plaza aterako ditu 2016ko LEPen. Horietatik 44 administrazio eta zerbitzuetako langileen (AZP) plazak izango dira eta gainerako 97ak irakasle-ikertzaileenak (IRI). Urriaren 29ko 48/2015 Legeak aukera ematen dio unibertsitateari lan eskaintza publikoaren bidez aurreko urtean egondako baja guztiak betetzeko.

Eskainiko diren plazak, gaur UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako proposamenaren arabera, honako hauek izango dira: irakasle iraunkorren 15 plaza, irakasle agregatuen 51 plaza, irakasle titularren 28 plaza, irakasle osoen 3 plaza eta administrazio eta zerbitzuetako langileen 44 plaza. Ikertzaile iraunkorren plazak (%15), 48/2015 Legeak ezarritakoarekin bat, Ramón y Cajal programan parte hartu duten ikertzaileentzat izango dira.

Errektorego taldearen iritziz, LEP honek ez du erabat normalduko unibertsitateko langileen egoera, aurreko urteetako birjarpen tasek bi kolektiboetan ezegonkortasun handia sortu dutelako, baina hori horrela izanik ere, oso positiboa da LEP bat deitu ahal izatea langile kopuru jakin batek egonkortasuna lor dezan.

Horrez gain, nabarmentzekoa da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 20 katedra barne promozio bidez betetzea onartu duela.

Bestelako gaiei dagokienez, Gobernu Kontseiluak baiespenez onartu ditu gaurko bileran 2015. ekitaldiko kontuak. Kontu horiek barne hartzen dituzte aurrekontu emaitzak, 212.000 euroko superabita utzi dutenak, eta ondarearen emaitza ekonomikoa. Lore Bilbao UPV/EHUko gerentearen iritziz, 2015eko aurrekontua erantzukizunez eta egokiro gauzatu da, bizi dugun testuinguru ekonomikoaren baitan.