Bilboko Ingeniaritza Eskolak Formula Student Bizkaia monoplaza aurkeztu du, Ingalaterrako Silverstone zirkuituan Formula Student lehiaketan berriz hartzeko parte. 50 ikaslek eta 4 irakaslek osatutako taldeak estrategia aldatu du aurtengo erronkari begira eta asmo handiagoko garapen baten alde egin du. Horrela beste motor bat gehitu du, energia biltegiratzeko ahalmena hobetu eta xasisaren osaketa aldatu. Orain arte egin duen jauzi teknologikorik handienari esker, Formula Student Bizkaia prest dago, hilaren 14tik 17ra bitartean, 30 herrialdetako 130 unibertsitatetako taldeen aurka lehiatzeko.
FSB2016 monoplazak bi motor elektrikoz hornituta lehiatuko du Silverstonen
2008 urtetik UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldeak diseinatu duen jauzi teknologikorik handiena da
Lehenengo argitaratze data: 2016/07/06
Eskola 2008an hasi zen Formula Student lasterketan parte hartzen, eta harez geroztik, urterik urte, taldeak probaren azken edizioan erabilitako ibilgailuaren errendimendua aztertu eta ibilgailuaren sistemetako bat aukeratzen du ikasturtean garatuko dituen hobekuntzak aplikatzeko. Aurten, aldiz, monoplazak berritasun garrantzitsuak ditu sistema batean baino gehiagotan. Motor elektriko baten ordez, bi motor elektriko izatea da aurtengo berritasun nagusia. Lehiaketako arautegiaren arabera, monoplazak 80 KWeko potentzia har dezake, eta potentzia hori motor bakar batez lor daitekeen arren, Formula Student Bizkaiak bi motorren artean banatzea erabaki du. Berritasun honi esker, ibilgailuaren kontrol dinamiko handiagoa lortu dute, atzeko gurpilek trakzio bidezko motor bana izango baitute. Gainera, monoplaza berriak diferentzial elektronikoa eta ibilgailuaren energia-biltegiratzea % 30 gehitzea ahalbidetuko duten bateria-multzo berria ditu, eta trakzioan, transmisio-uhalaren ordez, erreduktore-sistema epizikloidala dauka, multzo konpaktuagoa eta erresistentzia handiagokoa osatuz.
Osagai horiek guztiak txertatzean ibilgailuak pisu handiagoa izan ez dezan, taldeak kornerreko osagaien (gurpilak, balaztak eta esekidura) tamaina murriztu du, eta horrela, pneumatikoen hagunak, esaterako, 13 hazbetekoak izan beharrean, 10 hazbetekoak izango dira oraingoan. Azkenik, karbono-zuntzezko kroskobakarreko xasisak aluminiozko nukleo bat izango du aurten, aramidazko lehengo nukleoaren ordez, multzoak erresistentzia eta pisuaren arteko erlazio hobea izan dezan.
Monoplaza berri hau garatzeko, urte osoan, taldea osatzen duten 50 ikasleek –% 20 emakumeak dira– 20na orduko batez besteko asteko lanaldiarekin uztartu dituzte beren ikasketak, batzuetan asteburuetan ere Eskolara joanez. Zereginak ikasleen artean banatu dituzte, esperientzia-maila eta espezialitate desberdinetako ikasleen arteko talde espezializatuak osatuz (batez ere Industria-Teknologiako Ingeniaritza, Automatika eta Elektronika, Industria-Antolaketa eta Telekomunikazio-Teknologia graduetakoak), izan ere, urterik urte, taldeko kideek ikasketak amaitu ahala, Formula Student Bizkaiak kideen herenak berritzen baititu, gutxi gorabehera.
Ibilgailu berritzaile honen laguntzaz, Ingeniaritza Mekanikoa Saileko Charles Pinto, Javier Corral eta Mikel Diez irakasleak eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Asier Zubizarreta buru dituen taldeak amaierako sailkapenaren goiko aldean kokatzea espero du, hots, lehendabiziko berrogei taldeen artean. Hau berealdiko garaipena izango litzateke, bereziki kontuan hartuta parte-hartzaileen kopuru handia eta milioi bat euro inguruko aurrekontua eta automobilgintzako multinazional handien babesa duten lehiaketa-ibilbide luzeagoako unibertsitate askoren maila ezin hobea.
130 unibertsitatetako 3.000 ikasle
Formula Student dugu, nazioartean antolatzen den tankera honetako lehiaketarik ospetsuena, mundu osoko ingeniaritza ikasleek lehiatzeko moduko monoplaza bat merkatuko egiazko baldintzetan diseinatu eta eraikitzeko duten gaitasuna probatzea helburu duena. Aurten, Silverstone zirkuituan, 30 herrialdetako 130 unibertsitatetako 3.000 gazte inguru bilduko dira; horien artean, Formula Student Bizkaia taldeko 25 kideak.
Proba nagusia igandean jokatuko da, uztailak 17, eta parte-hartzaileek 22 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, pilotu aldaketa bakar batez eta ibilgailuaren ezein parametro aldatzeko aukerarik gabe. Eskakizun-maila handiko proba hau oso talde gutxik amaitu ohi dute. Test honen bitartez, Formula Student Bizkaia taldearen bederatzi hilabeteko lana frogatuko da, eta ondorioz, garrantzi handikoa da pilotuen aukeraketa egokia egitea. Taldeko kideen artean, sei pilotu hautatu dira, eta horretarako, proba teorikoez gain, saiakuntza praktikoak egin behar izan dituzte simulagailu batean, kart batean, iazko prototipoetan eta, azkenik FSB2016 modeloan bertan. Gainera, lasterketaren aurretik, monoplazak beste proba estatiko eta dinamiko batzuk gainditu beharko ditu lau jardunalditan.
Probei buruzko denbora errealeko informazioa
Aurreko urteetan bezalaxe, Formula Student UK probaren antolatzaileek zuzenean transmitituko dute sare sozialen bitartez unibertsitateen bilakaera proba dinamikoei dagokienez. Norgehiagokaren berri emateko asmoz, Formula Student Bizkaiak minutu oro eguneratuko du Twitterreko kontuaren bidez lehiaketan duen bilakaera, eta gertatutakoaren laburpena eskainiko du jardunaldi bakoitzaren amaieran.
Aurrekontua
Bestalde, FSB2016ak 80.000 euroko aurrekontua du (aurreko urtean baino ia % 10 gehiago, enpresa berrien partaidetzari esker), eta kopuru horren bitartez, taldeak ibilgailuaren erakuntzari eta bi lehiaketatan parte hartzeak dakartzan gastuei aurre egin behar die. Lehendabizi, Silverstone zirkuituko Formula Student UK proban parte hartuko du, eta gero, Bartzelona-Kataluniako zirkuituan abuztuaren 25etik 28ra bitartean jokatuko den Formula Student Spain delakoan lehiatuko da.
Babesleak eta laguntzaileak
- Erakundeak: Bilboko Ingeniaritza Eskola, UPV/EHU, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Automotive Intelligence Center.
- Lanbide Heziketako 13 Zentro Integratu: Armeria Eskola, Barrutialde Institutua, Bidebieta, Elorrieta, Fadura, Llodio, Salesianos Deusto, San Viator Sopuerta, Maristak Durango, Nicolas Larburu, Txorierri, Zornotza, Zulaibar.
- 40 Enpresa: Fundación SEUR, Sener, Batz S.Coop., Polistmodel, Irizar, Inarak, Schaeffler Iberia, FemEder, Gurit, Danobat Group, Brammer, RS Online, Izar Cutting tools, Gaiker IK4, Telefurgo, Comargo, Igus, Evonik Industries, Aerometallic, Metracrilatos Vera, Pictura Studios, Polikea, Altran, P4Q, Pixel Sistemas, GKN, Loctite, EgaMaster, Getecno, Aero Consultants AG, e-Propulsion Systems, Coroplast, Cran Arte Gráfico, Ge2 Imagen Técnica, Merefsa, Crealiza, Brahi Serigrafía, Engimek, Bender, Emrax motors.
- Pistako probetan laguntzeko 2 erakunde: BEC eta BilbaoPort
7 Software Enpresa: Altair, MathWorks, CD-Adapco, Ansys, DS Solidworks, IPG Automotive, Altium.
Student Formula historia
1981ean, Society of Automotive Engineers SAE-k sortu zuen 'Formula SAE', munduko unibertsitate guztietako 140 taldeekin osatutako lehiaketa, gaitasunak proban jartzeko helburuarekin. 1998an, amerikar unibertsitateetan europar ikasleek egindako bi ibilgailuk parte hartu zuten erakustaldi bat antolatu zen Erresuma Batuan. Erakustaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, Institution of Mechanical Engineers IMechE-k, Student Formula sortu zuen, SAE eta Institution of Engineering & Technology IET-ren lankidetzarekin. Orduz geroztik, urtero egin da proba eta azkenengo sei urteetan, Silversone zirkuituko asfaltoan. "Student Formula", automobilgintza sektoreko erreferentzia bihurtu da urtez urte, eta bereziki, lehiaketa munduan. F1-eko ingeniariak, pilotuak eta pilotu-taldeen zuzendariak aurkitzen dira bertan, ikasketak, automobilgintzara bideratu nahi duten ingeniaritzako ikasleen erakusleihoa bihurtu den ekimena eta pilotu-taldeetako etorkizuneko teknikarien harrobi bihurtu den ekimena dugularik egun.
2006an hasi zuen bere ibilbidea FS Bizkaiak, Eskolako Mekanika Ingeniaritza Saileko proiektu berri bat bezala. Prestaketa eta ikerketako bi urteren buruan, 2007/2008 denboraldian lehen eredua jaio zen, aste honetan bere zortzigarren edizioa izango delarik.