euskaraespañol

Batxilergoko 1.433 ikaslek egingo dituzte bihartik aurrera Unibertsitatera sartzeko ezohiko probak UPV/EHUn

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/05

Bihar, uztailak 6, 8:45ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.433 ikaslek hasiko dituzte Unibertsitatera sartzeko probak UPV/EHUn, ezohiko deialdian. Ohiko deialdian, Batxilergoko 9.663 ikasle aurkeztu ziren, eta, erreklamazioen prozesua bukatuta, % 98k gainditu zuen fase orokorra.

Azterketak hiru egunetan zehar egingo dira, ostiralera arte, uztailak 8.

 

Selektibitate ezohikoa egiteko matrikulatu diren Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko ikasleak

 

  GAZTELANIA EUSKARA GUZTIRA
ARABA 97 93 190
BIZKAIA 274 466 740
GIPUZKOA 137 366 503
GUZTIRA 508 925 1.433

 

Unibertsitatera sartzeko probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.