euskaraespañol

Arrantza elektrikoko egun bat

Bioaniztasuneko masterreko ikasleek praktika profesional bat egin dute ur gezako inguruetako bioaniztasuna ezagutzeko

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/30

Arrantza elektrikoa Herrerias ibaian

Bioaniztasuna, Ekosistemen Funtzionamendua eta Gestioa Unibertsitate Masterreko ikasleek ikasturteko azken landa praktika egin zuten ekainaren hasieran. Herrerías ibaia Sodupetik igarotzen den tartean egin zuten lana, ikasleak arrantza elektrikoaren teknika profesionalean trebatzeko eta, hala, ur gezako inguruetako bioaniztasuna ezagutzeko.

Álvaro Antón masterreko irakaslearen hitzetan (hark lagundu zien ikasleei landa praktikan), "ikasleek, lan merkatura atera eta ingurumen inpaktuari buruzko azterlanak egin behar dituztenean, sarri erabiliko dute arrantza elektrikoaren teknika". Teknika horrekin, "elektrizitatea aplikatzen zaio urari; horrela, animaliak zorabiatu egiten dira, baina ez zaie inolako kalterik egiten". Horretarako, korronte alternoaren sorgailu bat erabiltzen da, eta korrontea zuzen eta erregulatu bihurtzen da gero. Sorgailuaren poloetako bat uretan sartzen da, eta lagin hargailuak itxiarazi egiten du zirkuitua (hargailuak beste polo bat darama). Modu horretan, eremu elektrikoaren barruan dabiltzan arrainek espasmozko mugimenduak egiten dituzte; lagin hargailura gerturatzen dira, eta, azkenean, galvanonarkosia izaten dute (nahi gabeko zorabioa). Teknika horri esker, ikertzaileek arrainak atera ahal dituzte behar duten ikerlana egiteko, eta, ondoren, animaliak ibaira itzultzen dituzte, inolako kalterik egin gabe.

"Zenbait ikaslek lagin hargailua erabili zuten arrainak uretatik ateratzeko; beste batzuek, berriz, arrainak neurtu eta pisatu zituzten; eta hirugarren taldeak, azkenik, arrainak leheneratu eta askatu zituen", azaldu du Antónek. "Arrainen fauna aztertuta eta makroornogabeekin, uraren fisika eta kimikarekin eta ibaialdeko landarediarekin lotutako beste adierazle batzuk ikertuta, jakin ahal dugu nola dagoen kontserbatuta bai ibaia, bai azterturiko lekuaren urari goiti dagoen ingurunea".

Herrerias ibaiaren amaierako tarte hau aukeratu zuten interes berezia duelako; Kadagua ibaiko bokale ondoko zati honek tarte erdi-altuko ezaugarriak batzen dituelako eta, bertan, arrain fauna anitza aurki daitekeelako. Praktikan 118 arrain hartu zituzten, 7 espezie ezberdinetakoak. Ugaritasunaren arabera ordenatuz, handienetik txikienera, hauek ezkailua, loina txikia, mendi barbua, mazkar arantzagabea, aingira, amuarraina eta gobioa izan ziren. Denak dira inguruko ibaietako bertako espezieak, gobioa izan ezik. Espezie kopuruak eta kantitateak adierazten dute ibaiaren zati honek hobera egin duela azken urteetan, izan ere, lehen ez zegoen hainbeste arrainik.