euskaraespañol

Basque Diaspora Akademikoa

UPV/EHUk Euskal Herriarekin harremana duten irakasleak eta ikerlariak bilduko dituen nazioarteko sarea sortuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/07/01

Irudia
Herrialde desberdinetatik etorritako akademikoak bilduko dira

Datorren uztailaren 12an, Donostian, Euskal Diaspora Akademikoari buruzko I Sinposioa, Basque Diaspora Akademikoa, egingo da. UPV/EHUk antolatzen duen topaketa horretan munduan zehar sakabanatuta dauden eta Euskal Herriarekin harremana duten ikerlariak eta irakasleak, hots, bertoko arbasoak dituztenak, Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura dutenak edo Euskal Herrian ikasketak egin zituztenak, bilduko dituen nazioarteko sarea sortzeko oinarriak ezarriko dira.

Sare horrek munduan zehar barreiatuta dauden irakasleen eta ikerlarien  arteko elkarlana sustatu eta finkatu nahi du, baita lagun horien arteko lokarriak indartu ere. Euskal Diaspora Akademikoari buruzko I Sinposio hori uztailaren 12an ospatuko da Carlos Santamaría zentroan, 9:30etatik 13:30etara. Sarrera dohainik da. Eta hara hurbildu nahi izanez gero, izena emateko eskaria HEMEN bete daiteke.

"Lehen sinposio hau antolatzea erabaki genuenean Euskal Herriarekin lotura duten mundu osoko nazioarteko akademikoak genituen gogoan. Asko dira, batzuk identifikatuta dauzkagu eta gehienak ezetz esatera ausartuko nintzateke, bai eta, beraien arteko harremana oso eskasa edo ia existitzen ez dela gehitzera ere. Beraz, munduan zehar sakabanatuta dauden eta Euskal Herriarekin harremana duten irakasleak eta ikerlariak identifikatzea eta sare bat sortzea da helburua; hau da, diaspora akademikoaren campus antzeko bat eratu nahi dugu, elkarlanerako gune bat, ideiak erkatzeko eta ezagutza sortu eta hedatzeko", azaldu du UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak.

Aurreneko bilera honetan parte hartuko dute Stephen Ansolabehere (Harvard unibertsitatean Zientzia  Politikoko irakaslea), William Douglass (antropologoa eta Nevada Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren sortzailea eta lehenengo zuzendari nagusia), John Bieter (Boise State Universityko Historia sailean irakaslea),  Maider Llaguno (Columbia Unibertsitateko arkitektura irakaslea), Xabier Irujo (Nevada Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroaren zuzendaria), Mikel Prieto (Mayo Klinikako kirurgia zuzendaria eta ikerlaria da), Juan Uriagereka (Chomskyren Programa Minimalistako azken ikerketetan dihardu lanean eta Maryland Unibertsitatean linguistikako irakaslea) eta John Ysursa (Ikerketa funtzionaletako programaren eta Boise State Unibertsitateko Euskal Kolaborazio Orokorraren arduraduna).

Abiapuntua

"Sinposio honetan herrialde desberdinetatik etorritako akademiko batzuk bilduko ditugu. Haien ekarpenei esker, etorkizunari begira garrantzia  handia duen Euskal Diaspora Akademikoa diseinatzeko eta eraikitzeko abiapunturik ezin hobea izan nahi du bilera honek. Euskal Herriaren ezagutza esparrua lau haizetara zabaldu nahi dugu eta, hori lortzeko bidean,  euskal diasporaren akademikoen sarea gako horietako bat bihurtzea espero dugu", zehaztu du Goirizelaiak. 

Lehen edizioa Donostian egingo da, 2016an Europako Kultur Hiriburua dela aprobetxatuz. Ezagutza partekatzeko aukera paregabea izango dute nazioarteko aditu horiek eta UPV/EHUko kideek han, baita urtea amaitu baino lehenago gauzatuta egotea nahi den sare hori osatze aldera eman beharreko aurreneko pausuak egiteko ere. Hurrengoa bide-orria diseinatzea izango da, Euskal Herriarekin lotura duten ikerketa eta akademia esparruko pertsona guztiak identifikatuz, eta egingo diren akzioak xehatuz: lehen ikertaldeak abian jarriz, baita elkarlanerako proiektuak, doktoratu osteko bisitak, tesi partekatuak eta abar luze bat martxan jarriz ere.