Joseba Zubiak zuzenduriko 4 ikertzaileko talde batek zuntz optikoko 13 sentsore instalatu ditu Bizkaiko Zubian, zubiaren egitura neurtzeko, zubiko gizataldearen laguntzarekin. Lan zientifiko hori Egituren Osasunaren Monitorizazioari buruzko Europako VIII. Biltzarraren esparruan gauzatu da (uztailean egingo da, Bilbon, UPV/EHUk antolatuta), unibertsitatearen eta Bizkaiko Zubiaren artean sinatutako hitzarmenaren harira.
Sentsore optikoen bidez Bizkaiko Zubiaren egitura neurtuko dute
Monitorizazioa UPV/EHUk eta Bizkaiko Zubiak elkarrekin sinaturiko hitzarmenetik sortu da
Lehenengo argitaratze data: 2016/06/30
Ekainaren 27ko gauean hasi ziren jartzen sentsoreak, une horretan, ontziak geldialdia egin behar izan baitzuen. Alabaina, nahiz eta sentsoreak jarri bitartean eten egin zen ibilgailuen garraioa, jendeak igogailuetatik eta goiko igarobidetik zeharkatu ahal izan zuen itsasadarra. Marta Uriarte Bizkaiko Zubiaren zuzendariak dioenez, "Euskal Herriko Unibertsitatearekin dugun lankidetzatik sortu den lan hau apustu garbia da hezkuntza sektorearekin hitzarmen gehiago egiteko, ezagutza teorikoak eta praktikoak eskutik joan daitezen".
8 orduz jardun zuten lanean, 50 metroko garaieran. Zubiaren egitura 61 metro garai diren lau dorrek osatzen dute (bi daude itsasadarraren ertz banatan), eta itsasgoraren mailatik 45 metroko altueran dagoen 160 metroko luzerako langa batek elkartzen ditu. 3 hilabetez, zubiak SHM teknologia (egituren osasunaren monitorizazioa) izango du. Teknologia horrek zenbait tresna erabiliko ditu –kasu honetan, zuntz optikoko sentsoreak–, bidaiarien kabinaren etengabeko joan-etorriek eragindako egitura monitorizatzeko eta aztertzeko. Orain arte, antzeko beste bi neurketa egin dituzte: bat San Franciscoko Golden Gate zubian, eta bestea, berriz, New Yorkeko Brooklyn zubian. Bizkaiko Zubiak, ordea, desberdintasun nagusi bat du: hango kabinak, hara eta hona ibiltzean, aldatu egiten du erdiko langak jasaten duen pisua.
Neurgailuek zenbait datu publiko emango dituzte, eta, horiekin, zubiaren egoera egiaztatu eta jokamoldea aztertu ahalko da. "Gailuok bide emango dute zubiaren gezia eta bibrazioak monitorizatzeko, segurtasuna handitzeko nahiz berrikuspenak gomendatzeko, pertsona batek begira jardun behar izan gabe", adierazi du Gerardo Arangurenek, Teknologia Elektronikoko UPV/EHUko katedradunak.
Monitorizazio horiei esker, askotariko egiturak ikuska daitezke desmuntatu beharrik gabe. Gainera, % 60ra arte murrizten dituzte mantentze lanen kostuak, eta hegazkinak, haize sorgailuak, trenak zein eraikinak aztertzeko erabiltzen dira.
Nazioarteko adituak Bilbon
Bizkaiko Zubian egiten diren neurketak adituei aurkeztuko zaizkie egituren monitorizazioari buruzko ikastaroan eta biltzarrean, uztaileko lehen astean, Bilbon. Uztailaren 5ean hasiko da Egituren Osasunaren Monitorizazioari buruzko Europako VIII. Biltzarra (EWSHM 2016), Euskalduna Jauregian, UPV/EHUk, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak eta Ik4 Ikerlanek antolaturik. 30 herrialdetik gorako 500 pertsona baino gehiago etorriko dira (besteak beste, Txinakoak, AEBkoak, Alemaniakoak, Errusiakoak, Mexikokoak, Irangoak, Turkiakoak eta Poloniakoak), eta 17 enpresa eta ikerketa zentrok parte hartuko dute.
Biltzarrean, denetariko alorrak jorratuko dituzte 450 zientzia ekarpenetan baino gehiagotan: matematikako algoritmoak eta ekipamendu elektronikoak, esaterako. Zeharkako biltzarra izango da, eta hizlari nagusietako batzuk Gasteizko Teknologia Aeronautikoetako Zentroko Ignacio Eiriz, Iberdrolako Juan Carlos Pérez-Campion eta ITPko Iñaki Ulizar izango dira. Biltzarra bi urtean behin egiten da, Europako hiri jakin batean aldi bakoitzean; bestalde, Estatu Batuetan antzeko biltzar bat antolatzen da urte bakoitietan, IWSHM izenekoa.