Arteshop ekimeneko seigarren edizioak badauzka irabazleak. Joseba Ruiz Govano Farmazia, Ixone Gulinen obrarekin, TR3LAND, Jose David Romeroren lanarekin, eta Deusto Moto Center, Cristina Fernandezen proposamenarekin. Herritarrek ere euren lanik gogokoena aukeratu dute; hala, Publikoaren Saria Pinturas y Drogas dendak jaso du, Maria Aparicioren sorkuntza hartu duena.
Arteshop 2016 sariak banatu dituzte Bilboko Erriberako merkatuan
UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleek Bilboko saltokietan ikusgai jarri dituzte hitzordu honetarako ex profeso sortutako pieza berriak
Lehenengo argitaratze data: 2016/06/17
Bilboko Udalak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bilbao Fundazioak sustatu dute ekimena, eta horri esker, hiriko merkataritza dinamizatu eta sustatu da, Arte Ederren Fakultateko 75 ikasleren obrak hiribilduko beste hainbeste establezimendutan ikusgai jarriz. Hitzordu honetarako ex profeso sortutako artelan berriak, ekainaren 6tik daude ikusgai, eta horrela jarraituko dute hilaren 20a arte. Ikasleek saltokietan jarri dituzten esku-hartze artistikoei esker, etorkizunean artearen munduan joera markatuko duten artista berrien proposamenak ikusi ahal izan dira.
2016ko Arteshop ekimenaren sari-banaketa Erriberako Merkatuan egin zen ekainaren 15ean. Bertan izan ziren Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Xabier Ochandiano, Bilbao Ekintzako zuzendaria, Nora Sarasola, Bilbao Arte Fundazioko zuzendaria, Juan Zapater, eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Arantza Lauzirika.
Ixone Gulin artistak egindako Tejer Comunidad obra izan da irabazlea eta 1.200 euroko saria jaso du. Bigarren saria, 900 eurokoa, Mantra 3D Sound Box-ri egokitu zaio, José David Romerok diseinatutakoa. Hirugarren saria, 600 eurokoa, Cristina Fernandezen Consumidos de curiosidad, se dorbordaron los ojos de las estrellas-ek jaso du. Epaimahaia ondorengo hauek osatu dute: Arantza Lauzirika, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa, Manuel Cirauqui, Guggenheim Bilbao Museoko zaintzailea, Eugenia Griffero, Aldama-Fabre arte-galeriako kidea, Iñaki Larrimbe, diziplina anitzeko artista, Joserra Álvarez, Bilboko Merkataritza Ganberaren Komunikazioko zuzendaria, eta Andoni Ruiz, Bilbao Dendak elkarteko merkataritzako teknikaria.
Publikoaren Saria saltokiak bisitatu dituztenek hautatu dute, telefono bidez bozkatuz, eta María Aparicioren Izkutukoak lanak irabazi du, Pintura y Drogas saltokian ikusgai jarri dena. Publikoaren Saria jasotzeak 450 euro eskuratzea dakar.