euskaraespañol

Engranaje planetarioa, Formula Studen Bizkaia kotxearentzat

Andoni Calvo ingeniari industrialaren karrera amaierako proiektua, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fundazioaren sariduna

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/14

Andoni Calvo, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fundazioa saria

Andoni Calvo Ingeniaritza Industrialeko ikasle eta lau urtez FSBizkaia taldeko kideak, ibilgailuaren trakzio sistemaren kontrol handiagoa eskaintzen duen engranaje sistema garatu du. Frmula Student Bizkaia taldean saria lortu duen ikaslearen kide izan direnak lanean ari dira aurten Silverstoneko zirkuituan lehiatzeko eramango duten monoplazan sistema hori sartzeko.

Ingeniaritza Eskolako Fundazioak, Eskolak berak nazioarteko Formula Student (FS) lehiaketan parte hartzen duen monoplazaren prestazioak hobetzera zuzendutako lan bat aukeratu du 2016ko Karrera Amaierako Proiektu Hoberena bezala. Industria Ingeniaritzako titulua duen eta gaur egun Gestamp Chassisen lanean ari den Andoni Calvoren proiektua da, eta ibilgailuaren trakzio sistemaren kontrol handiagoa eskaintzen duen engranaje sistema da.

Formula Studenten hurrengo edizioan Eskolak izango duen partaidetza prestatzen ari den FS Bizkaia taldea ari da lanean dagoeneko Calvoren garapena monoplazan sartzeko. Calvok proiektuan hartu zuen parte ikasketak amaitu arte. Talde barruan egin zuen bigarren urtean Calvo izan zen, hain zuzen ere, ibilgailuaren transmisioa hobetzera zuzendutako taldearen burua, ondoren proiektuaren arduradun teknikoa izan zen eta azken ikasturtean I+G saileko parte bilakatu zen. "Lau urte horietan, taldeak ikusi zuen beharrezkoa zela monoplazak bi motor elektriko izatea, bakarra izan beharrean. Lehiaketaren arauak kontuan izanda, ibilgailuaren gehieneko potentzia 80 KW-koa izan behar da, eta hori da, hain zuzen ere, beti lortu nahi izan dugun topea, baina motor bakarrarekin lortzea gehiegi behartzea da. Askoz hobea da potentzia hori, esfortzua banatuko duten bi motorrekin lortzea. Halaber, bi motor izateak automobilaren kontrol dinamiko hobeagorako aukera ere emango luke, atzeko gurpil bakoitzaren balaztatzea kontrolatzea, adibidez", esan du ikasleak, proiektua nondik eta nola sortu zen azaltzean.

Orduan, Calvok bere Karrera Amaierako Proiektua FS Bizkaia taldearen barruan bertan egitea erabaki zuen, "monoplazan sartutako ordu anitzak eskakizun akademikoekin bateragarri egiteko eta nire proiektua errealitate bilakatuko zela ziurtatzeko. Silverstonera goazen hurrengo aldirako ibilgailuaren prestazioak hobetzen lagunduko lukeen zerbait ukigarria bilakatzea, ikasturtez-ikasturte ikasleak ibilgailuan sartzen ahalegintzen garen berrikuntzen parte izatea, hurrengo urteetako kideek lan egiteko oinarri izango litzatekeen zerbait izatea nahi nuen", adierazi du.

Horrela, transmisio sistemetan zentratu zen. "Taldeak inoiz erabili gabeko engranajeak aukeratu nituen. Engranajeen barruan, sistema planetarioa erabiltzea erabaki nuen, leku gutxiago okupatzen du eta", azaldu du Calvok. Engranaje planetario sistema (epizikloidal izena ere hartzen dute), erdialdeko engranaje baten inguruan (eguzkia) bira egiten duten kanpoko engranaje batek edo gehiagok (sateliteak) osatzen dute. Eskuzko transmisioek osatzen dituztenak baino sistema trinkoagoak eta erresistenteagoak dira.

Charles Pinto irakaslea zuzendu du proiektuaren garapenean sistemaren fabrikazio kostuaren kalkulua ere jasotzen da, Formula Student lehiaketaren eskakizunetako bat. Hori dela eta, monoplazen garapena eta fabrikazioa enpresa alorreko bideragarritasuna kontuan izanik planteatu behar da.

1.500 euroko saria ekainaren 13an banatu da Bilboko Ingeniaritza Eskolako Hitzaldi Aretoan egin den ekitaldi batean. Ekitaldi horretan egileak bere proiektuaren aurkezpena egin du. Aurten zazpigarren edizioa duen saria banatu duen epaimahaia, Fernando Querejeta Fundazioko presidenteak (Idomeko presidentea), eta Enrique Amezua eta Laura Barrio Eskolako zuzendariak eta zuzendariordeak, hurrenez hurren, osatu dute.

Enpresa mintegiak

Beste alde batetik, ekitaldi horretan bertan, diplomak banatu zaizkie "Enpresa Mintegiak" programaren hemezortzigarren edizioan parte hartu duten 189 ikasleei. Ekimen horren bitartez, eskolak gonbidapena egiten die hainbat sektoretan puntan dauden enpresei, euren jarduera eremuen berrikuntzak azal diezazkien ikasleei. Ikasturte honetan egin diren sei mintegietan gai hauek landu dira: altzairu bereziaren fabrikazioa erantzukizun handiko aplikazioetarako (Gerdauren eskutik); kalitatea eta segurtasuna (Guardian Llodio); petrolioaren eratorriak eta erregaien merkataritza alorreko bereizketa (Repsol); biomimetika (Innobide); ikusmen artifizialaren aplikazioak (Tecnalia); eta eguzki energia termikoa produkziorako (IK4-Tekniker).