euskaraespañol

Padurak leheneratzea onuragarria izan daiteke itsas mailaren igoera geldiarazteko

Kantauri ekialdeko kostako hezeguneetako batzuk solik 10 urtean lehenera daitezke, UPV/EHUk lideratutako ikerketa baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2016/06/14

Ivan Absalon Mexicoko master ikaslea, Ane Garcia Artola ikertzailea eta Mendi Topografia-ko Susi Fernández topografoa.

Padurek olatuen energia arintzen dute, eta energia handiko fenomeno klimatikoen aurkako oztopo naturalak dira. Hori dela eta, gaur egun okupatuta dauden padurak leheneratzea estrategia onuragarria izan daiteke itsas mailaren gorakadaren ondorioei aurre egiteko. Hain zuzen ere, ondorio horixe jaso dute UPV/EHUk zuzenduriko ikerketa batean; horren arabera, 10 urte baino gutxiago behar izan dira Kantauri ekialdeko zenbait padura birsortzeko.

Lurra berotzen eta itsas gorakada bizkortzen ari den honetan, "paduren gaineko ikerketak interes handia du klima aldaketak kostaldean dituen ondorioei aurre egiteko estrategiak garatzeko", azaldu du Ane García-Artolak, UPV/EHUko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko ikertzaileak (oraintxe bertan doktorego ondoko egonaldia ari da egiten AEBeko Rutgers Unibertsitatean). García-Artola da Estuarine, Coastal and Shelf Science aldizkariak argitaraturiko "Agricultural fingerprints in salt-marsh sediments and adaptation to sea-level rise in the eastern Cantabrian coast (N. Spain)" artikuluaren lehen egilea, eta harekin batera lan egin dute Alejandro Cearreta eta María Jesús Irabien UPV/EHUko irakasleek eta East Carolina Universityko eta Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko ikertzaileek.

Kantauri ekialdean, kostako hezegune asko nekazaritzarako okupatu zituzten XVII. mendearen amaieran, eta bereziki XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, 1950eko hamarkadara arte, orduantxe hasi baitzen nekazaritzaren gainbehera. Dikeetan ez zenez mantentze lanik egiten, ura sartu zen estuariotik, eta artifizialki bakarturiko eremu horiek hartu zituen. Horren eraginez, eremuok birsortu eta kolonizatu zituen landaredi halofiloak, hots, ingurune gazietan bizi den landarediak.

Ikerlanean, Santoñako, Plentziako eta Urdaibaiko estuarioetako padurak birsortzeko prozesua aztertu zen, padurako mikrofosil tipikoen (foraminiferoak) kopurua eta harea edukia aldatu zela oinarri hartuta. "Ia mikrofosilik ez zegoelako identifikatu ahal izan zen nekazaritza horizontea. Mikrofosilak ugarituz joan ziren birsortze prozesuan; hala, padura birsortuta zegoenerako mikrofosil asko zegoen", azaldu du García-Artolak. Era berean, harea edukia handitu egin zen padura birsortzeko prozesuan; hortaz, mareak eragin handiagoa izan zuen paduran, ingurunea birsortuz zihoan neurrian.

Geruza sedimentarioei adin bat jarri eta metaketa tasak zehazte aldera, bizi laburreko erradioisotopoen jarduna, kutsadura maila handienak eta aireko fotografia historikoa aztertu ziren. Eskualdeari dagokionez, Santoñako estuarioan padurak leheneratzeko prozesua nagusiki 1950 eta 1960 artean gauzatu zen, eta zenbait eremutan 1940ko hamarkada baino lehenago ere bai; Urdaibaiko estuarioan, berriz, 1950 eta 1960 artean; eta Plentziako estuarioan, azkenik 1970eko eta 1980ko urteetatik aurrera. Kasu guztietan bizkor-bizkor leheneratu ziren padurak (10 urtean baino gutxiagoan), sortutako sedimentazio tasa handien eraginez (14-18 mm urteko). Gainera, estuarioko uretan material sedimentario ugari egoteak eragin zuzena izan zuen padurak leheneratzeko prozesuan.

Kostaldeko ingurumena nola eraldatzen den aztertzea funtsezkoa da eskualdeko itsasertzak nolako bilakaera izango duen zehazteko. Horrela, bada, uste da Kantauri ekialdeko padurak egokitu egingo direla egungo itsas mailaren gorakadara (1,9 mm urtean XX. mendean), kontuan harturik aurrez okupatutako eremuak birsortzeko prozesuan detektaturiko sedimentazio tasa handiak. "Sedimentu ugari dituzten leku epeletako padurak leheneratzea estrategia onuragarria izan daiteke itsas mailaren gorakadaren ondorioei aurre egiteko", adierazi du Ane García-Artolak.

Erreferentzia bibliografikoa
García-Artola, A, Cearreta, A, Irabien, MJ, Leorri, E, Sanchez-Cabeza, JA, and Corbett, DR, 2016. 'Agricultural fingerprints in salt-marsh sediments and adaptation to sea-level rise in the eastern Cantabrian coast (N. Spain)'. Estuarine Coastal and Shelf Science 171, 66-76. http://dx.doi.org/10.1016/j.ecss.2016.01.031