euskaraespañol

Eguneko irudia

Aixe Getxo! saria eman diote Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektuari

Sari horien bidez, aintzat hartzen dira oro har Kulturaren esparruan lan egiten duten Getxoko pertsona eta egitasmoak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/27

‘Aixe Getxo!' saridunak

Getxoko Punta Begoña Galeriei balioa emateko proiektuak 2016ko Aixe Getxo! saria lortu du, "Arkitektura eta eremu publikoa" kategoriaren barruan. Galerietan planteatzen ari diren esku hartze eta instituzioen arteko lankidetza interdiziplinarrarentzat bultzada bat da sari hau.

Saria banatzeko ekitaldia Faduran egin da, Getxon, maiatzaren 26an. Han, Urko Balziskueta Getxoko udal arkitektoak eta proiektuaren arduradunetako batek, saria eskertu die, bereziki, "balioa emateko proiektua proposatu zenean proiektuaren garrantziaz eta tamainaz jabetu zirenei, eta proiektuaren alde egiteko ausardia izan zutenei, ondarean esku hartzeko modu berria, desberdina eta berritzailea baita, balio ugari ematen dituena".

Halaber, gogora ekarri ditu proiektuan laguntzen duten erakundeak: Getxoko Udalak berak ez ezik, UPV/EHUk, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen dute. Alde horretatik, hau adierazi du: "Nahiz eta oholtza gainera bost pertsona baino ez garen igo saria hartzera, gutxi gorabehera 80 pertsonako taldea ordezkatzen dugu, UPV/EHUko zientzialari eta ikertzaileek, udal teknikariek eta aldundiko teknikariek osatua; horiek guztiek, beren ekarpenekin eta diziplina arteko lanarekin, denona den proiektu hau aberasten dute".

Azkenik, adierazi du nahi duten guztiak joan daitezkeela hala Punta Begoña nola proiektuaren plan berriak lehen eskutik ezagutzera, proiektu horren balio arkitektonikoaz, sinbolikoaz, materialaz eta historikoaz jabe daitezen.

Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua

Punta Begoña Galeriak (Getxo) XX. mende hasieran eraiki ziren. Haien erabileraren berezitasuna, kokaleku paregabea eta eraikuntzan erabilitako teknologia direla eta, garai hartako eraikuntza garrantzitsuenetako bat da, Bizkaian eta Euskadin.

Hori guztia kontuan hartuta eta gaur egungo degradazio egoera ikusita, Getxoko Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, eraikina berreskuratzeko xedea duena, jendearentzat irekia izango den eta herritarren zerbitzura jartzeko sortu den ikerketa eta exekuzio prozesu baten bidez.

Hala, UPV/EHUko bost ikertalde diziplinarteko lana egiten ari dira galeriak berreskuratzeko, Getxoko Udalaren adituen talde batekin batera, eta Bizkaiko Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren kolaborazioarekin. UPV/EHU aholkulari eta zuzentzaile organoaren eginkizuna ari da betetzen, Punta Begoña Galeriak berreskuratzeko planteatutako ekintzen testuinguruan.