euskaraespañol

Jazarpenari aurre egiteko, prebentzioa eta esku hartzea

Maite Garaigordobil irakasleak zuzenduriko azterlan batek egiaztatu du nabarmen murriztu direla bullyinga eta ziberbullynga 'Cyberprogram 2.0' ezarri ostean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/26

Berdinen arteko indarkeria ez da soilik eskolako jolastokietako kontua; sare sozialetan ere gertatzen da. Bullyinga eta ziberbullyinga jazarpenaren, irainen eta gaiztotasunaren sustraiak bota dituen gizarte baten gaitz bihurtu dira. Berdinen arteko indarkeria, baina, ez da biktimentzat bakarrik kaltegarria, ondorio lazgarriak baititu bai erasotzaileentzat, bai indarkeriazko jokabide horien behatzaileentzat.

Maite Garaigordobil, Euskal Herriko Unibertsitateko Ebaluazio Psikologikoko katedraduna, urte askoan ari da handituz doan arazo hori aztertzen eta ikertzen. Lan horren emaitza gisa, Garaigordobil irakasleak eta haren taldeak bullyinga eta ziberbullyinga saihesteko eta murrizteko programa bat egin zuten nerabeentzat, ikastetxeetan ezartzeko: Cyberprogram 2.0 programa, hain zuzen ere.

"Programak –azaldu du Maite Garaigordobil irakasleak– hiru helburu nagusi ditu: alde batetik, bullyinga eta ziberbullyinga zer diren azaldu nahi da, eta argi utzi zein diren tartean dauden hiru rolak, hots, biktima, behatzailea eta erasotzailea; bestetik, programa honen bidez, prozesuan parte hartzen duten guztiei nolako ondorio kaltegarriak dakarzkien aztertu nahi dugu, eta partaide horiek jokabideok kritikatu eta salatzeko gaitasuna eta biktimarenganako enpatia gara dezaten lortu; eta azkenik, funtsean, bullyingari eta ziberbullyingari biktimaren eta behatzaileen ikuspuntutik aurre egiteko estrategiak irakatsi nahi ditugu".

Cyberprogram 2.0 programa Gipuzkoako hiru ikastetxetan ezarri zen ikasturte batez. Guztira, Bigarren Hezkuntzako 13 eta 15 urte arteko 176 nerabek parte hartu zuten (% 43,8 gizon eta % 56,3 emakume). Ikasle horietatik, 93 partaide talde esperimentaletan banatu ziren, eta beste 83ak kontrol taldetan. "Astean ordubeteko saioak egin genituen talde batzuekin, eta beste zenbait talderekin, berriz, tutoretzako jarduera ohikoak egin genituen. Gainera, programaren aurretik eta ondoren, eskolako indarkeria eta agresibitatea neurtzeko bi test landu genituen".

Tresna eraginkorra

Orain, ikerlan baten bidez, aztertu da programa hau ezartzeak nolako eraginak izan dituen "eskola indarkeriaren hainbat motatan, indarkeria fisiko, berbal eta sozialean, taldekideen artean, bai eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko indarkerian ere, hau da, ziberbullyingean. Halaber, agresibitatean izan duen eragina ere aztertu da".

Emaitzek erakutsi dutenez, Cyberprogram 2.0 programa tresna eraginkorra da berdinen arteko edozein indarkeria mota saihesteko eta murrizteko. Ildo horretatik, egiaztatu da, batetik, esperientzia landu zuten nerabeen artean askoz gehiago murriztu direla bullyinga eta ziberbullyinga (irakasleengandik ikasleenganako indarkeria; berdinen arteko indarkeria: fisikoa, berbala, soziala eta teknologikoa) eta agresibotasuna (inpultsiboa eta aurrez pentsatua) esperientzia egin ez dutenen aldean, eta, bestetik, areagotu egin direla jokabide sozial positiboak, enpatia, autoestimua eta gatazkak era konstruktiboan konpontzeko gaitasuna. Datu horiek guztiak duela gutxi Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu den "Impact of Cyberprgram 2.0 on Different Types of School Violence and Aggressiveness" izeneko artikuluan jaso dira.

"Nabarmentzekoa da, gainera, azterlanak erakutsi duenez ikasleek antzeman dutela irakasleek murriztu egin dutela eurenganako jokabide oldarkorra edo desegokia, nahiz eta programa ez zegoen irakasleei begira antolatua. Horrela, hobetu egin da irakasle eta ikasleen arteko harremana; dena dela, oro har, egoera ez da hain baikorra. Kasurako, ANPE irakaskuntza sindikatuaren azken txostenaren arabera, izugarri areagotu da irakasleen aurkako indarkeria ikasleen aldetik, baita indarkeria horren larritasuna ere. Kezkatzeko modukoa da txostena, zalantzarik gabe. Irakasleak balioesten dituen gizarteak aurrera egiten du, eta gure gizartean ez da ari hori gertatzen. Gaur egun, gurasoek tolerantzia oso gutxi diote frustrazioari, eta ez dute onartzen inork ezer txarrik esatea euren seme-alabei buruz. Eta horrek irakasleak kritikatzera bultzatzen ditu. Hori ikusirik, Garaigordobil irakasleak familiak eta eskolak elkarrekin lan egin dezatela eskatzen du. "Egiaztatuta dago seme-alabekin maitasun eta inplikazio handia izatea eta era berean zigorrak, diziplina eta hertsadura zentzuz aplikatzea dela hezkuntza eredu egokiena".

Hezkuntzan ahalegin handiak egin badira ere, datuak kezkagarriak dira: bullyingak eta ziberbullyingak gora egin dute ikastetxeetan. "Ez dugu inolako tolerantziarik izan behar jazarpenarekin, eta, horretarako, gehiago esku hartu beharko litzateke. Alde batetik, Cyberprogram 2.0 bezalako programekin, ikasleak zuzenean aurrez aurre jartzen ditugu mota horretako indarkeria eta larderiarekin eta horien ondorio kaltegarriekin, eta horri aurre egiteko estrategia positiboak irakasten dizkiegu. Bestalde, garapen sozio-emozionalerako programak diseina ditzakegu, Haur Hezkuntzatik hasi eta hezkuntza arautuak irauten duen aldi osoan lantzeko; komunikazioa, entzute aktiboko ohiturak, besteenganako errespetua, enpatia, autoestimua eta abar jorratuko dituzten programak, alegia. Programa horiek irakasgai bat gehiago balira, ikasgelan bullying eta ziberbullying tasa txikiagoak izango genituzke seguru asko", esan du, bukatzeko, Maite Garaigordobilek.

Erreferentzia bibliografikoa

Garaigordobil M and Martínez-Valderrey V (2016) Impact of Cyberprogram 2.0 on Different Types of School Violence and Aggressiveness. Front. Psychol. 7:428. Doi: 10.3389/fpsyg.2016.00428

 

Argazkiak: Laura López. UPV/EHU.