euskaraespañol

Euskarazko zinemak etorkizuna al du?

UPV/EHUko doktore Miren Maniasen ustez, finantziazioa eta audientzia gaztearengana iristea dira euskarazko filmen erronkak

Lehenengo argitaratze data: 2016/05/25

Euskal zinemak une goxoak bizi dituela esan liteke, eta zerrenda polita eta ospetsua egin dezakegula azken urteotako pelikulekin: Loreak, Amama, Gernika, Un otoño sin Berlín, Gure sor lekuaren bila, Aundiya…. Bestalde, beste ezaugarri bat nabarmentzekoa da: zenbaitetan euskara da jatorrizko hizkuntza. Hala ere, iraganarekin alderatuz, aurrerapenak izan arren, euskarazko zinemaren etorkizuna zalantzan dago, Miren Manias UPV/EHUko doktorearen ustez, bi hutsune daudelako: finantziazioa eta audientzia gaztearengana iristea.

Miren Maniasek euskarazko zinemaren egungo argazki ekonomikoa egin zuen bere tesian, 2005 eta 2012 urteen artean egindako 11 fikziozko film luze aztertu ondoren. Ikertzaileak  orduan nabarmentzen zuenez, filmak ekonomikoki bideragarriak izateko, euskarazko zinemagintzak sustapen politika zehatzak behar dituela, eta lanak zabaltzeko bideari arreta berezia jartzea. Eta, oraingo argazkia ia bera da. Maniasen esanetan, "2012tik hona ez da aldaketa handirik eman sustapen edo babes politikan. Nagusiki murrizketa ekonomikoak eman dira, bai Madriletik bai eta Eusko Jaurlaritza eta ETBtik ere. Horrek ez du batere laguntzen euskarazko zinemak behar duen lekua bermatzen."

Zinemagintzaz mintzatzen denean, doktoreak beste egoera bat ikusten du. "Produkzioari dagokionean, aldiz, esango nuke gero eta lan gehiago egiten dela euskaraz; areago, anbizio handiagoko proiektuak sortzen direla. Aundiya da adibidetako bat". Baina, nahiz eta inbertsio handia egin, badago beste zutabe bat zaindu behar dena, hau da, ikusleengana iristea. "Audientziaren heziketa ez da apenas landu eta fokua hor ere ipini behar da, audientzia gaztearengan, batez ere. Kontsumo ohitura batzuk bultzatuz, etorkizunean bermatuko da gure zinemaren bertoko ikusleria. Horretan ETBk badu zer hobetu."

Maniasek hau adierazi du: "Euskara hutsean ematen duten kateak dira ETB1 eta ETB3, eta aldian behin ETBSat eta ETB4. Gaur egun, ordea, apenas dago kalitatezko fikziozko saiorik euskaraz kate horietan. Areago, azken urteetan ez da nahikoa landu esparru hori; esango nuke bestelako eduki eta programa formatuetan jarri dela fokuaren zati handiena. Zentzu horretan, euskarazko fikziokozko edukien eskaintza handitu eta hobetu behar du ETBk."

Miren Maniasek (Oñati, 1984) Euskarazko zinemaren produkzioa eta finantziazioa: hamaika film luzeren azterketa ekonomikoa izenburuko tesia irakurri zuen iraganeko ekainean. Bestalde, abenduan, SGAE Fundazioak ex aequo saritu zuen Doktore Tesi Onenaren Kategorian, Noemí Pulido Pavónekin batera.

 

Argazkiak: Nagore Iraola. UPV/EHU