Gorka Pujana eta Asier Fernández ikasleek elkarren artean banatuko dute Telekomunikazioen alorreko Gradu Amaierako Lan hoberenaren saria. Epaimahaiak, TB digitalaren jasotze finkoan, eramangarrian eta mugimendukoan sakontzen duten eta edukien eta zerbitzuen hedapenean erabilera eraginkorragoa eta malgutasun handiagoa bultzatzen duten bi proiektu osagarri horiek aintzatetsi ditu. Bilboko Ingeniaritza Eskalako Graduen Ikasgelan jaso dute saria.
Gorka Pujana eta Asier Fernández, Itelazpi sariak
Telebista digitalaren irrati-difusioari buruzko bi azterlanek irabazi dute saria, LDM teknologia berritzailea
Lehenengo argitaratze data: 2016/05/24
XXI. mendeko lurreko telebistaren irrati-difusioak, mugimenduan jaso ahal izatea eta edukien aniztasun eta erabilgarritasun handiagoa eskatzen duten kontsumo ohitura berrietara egokitzeko erronkari egin behar dio aurre. Informazioaren gizartean oso-osorik murgilduta, telebista bigarren mailara igaro da, eta telefono mugikorrek, ordenagailuek eta tabletek betetzen dute merkatua, kontsumitzaileek gero eta berehalako zerbitzu gehiago eskatzen duten merkatua, hain zuzen ere. Eta hori guztia, lurreko TBri esleitutako frekuentzia eremua murrizten doanean. Hori dela eta, espektroaren erabilera askoz ere eraginkorragoa eta malguagoa lortzeko ikertu behar da. Erronka horri erantzun diote Gorka Pujanak eta Asier Fernándezek, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritza Graduko titulua duten bi ikaslek, LDM (Layered Division Multiplexing) teknologia berritzailea erabiliz lurreko telebista jasotzearekin erlazionatutako bi azterlanetan. Aipatutako ikasleen proiektuek, Telekomunikazioen alorreko Gradu Amaierako Lan hoberena saritzen duen Itelazpi Saria jaso dute.
Gorka Pujana Sánchezen "Estudio de la recepción fija y portátil de la televisión digital mediante el uso de la tecnología Layered Division Multiplexing (LDM)" eta Asier Fernández Aranaren "Estudio de la recepción en movimiento de la televisión digital utilizando LDM (Layered Division Multiplexing)" azterlanek erdibana jaso dute Itelazpi saria. 1.500 € banatzen dituen sari hori Eskolak ematen du urtero, Itelazpiren, telekomunikazio zerbitzuetan espezializatuta dagoen euskal enpresa publikoaren, babesarekin.
Bi proiektuek, LDM teknologia lurreko telebista digitalaren Europako estandarrean (DVB-T) aplikatzea aztertzen dute. Sistema berritzaile horrek, kalitate maila desberdinak dituzten edukiak, eta baita eduki desberdinak ere, aldi berean emateko aukera eskainiko luke, adibidez nazio eta toki mailako programazioa frekuentziako kanal berean.
Bilboko Ingeniaritza Eskolako TSR ikerketa taldeak garatu du espektro urria askoz ere modu eraginkorragoan erabiltzeko aukera ematen duen LDM (Layered Division Multiplexing) sistema. TDM teknika baino %30 eraginkorragoa izatera heltzen da, eta, gainera, malgutasun handiagoa ematen du edukiak eta zerbitzuak hedatzeko orduan. Teknika berritzaile horren abantailak direla eta, Estatu Batuetako ATSC 3.0. telebista estandar berrian erabiliko den teknologia gisa onetsi da duela denbora gutxi.
Saria jaso duten ikasleek LDM sisteman oinarrituta garatu dituzte euren proiektuak. Proiektu biek, teknologia horren eraginkortasuna aplikazio eta jasotze agertoki anitzetarako ebaluatzeko aukera ematen duen simulazio ingurunea garatu dute. Simulazio ingurune hori sare emisio pilotuaren aurreko pausoa da, eta aurretiazko azterketa egiteko aukera ematen du, seinaleen konfigurazioan garrantzitsuak diren alderdiak hautemateko, modulazioa eta kodifikazioa, besteak beste.
Aukeratu diren lanak osagarriak dira euren gaiari dagokionez, baina desberdinak aplikazio eremuari dagokionez. Bi azterlanek, LDM teknologia LTD-TDTaren (Lurreko Telebista Digitala) difusioan aplikatzea era fidagarrian irudikatzen duen sistema garatzen dute, baina proiektu bakoitza jasotze mota desberdinetan zentratu da.
Horrela, Gorka Pujanaren proiektuak jasotze finkoa (antena kolektiboz egiten dena) eta jasotze eramangarria (hargailuan dagoen antenarekin egiten dena) aztertu ditu, eta Asier Fernández mugimenduko jasotzean zentratu da. Bi azterlanek seinalearen hedapenaren alderdi bereziak, horietako bakoitza jasotzeko baldintzak eta zerbitzuaren kalitate ona lortzeko betebeharrak hartu dituzte kontuan. Bilboko Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) Pablo Angueira irakasleak gainbegiratu eta zuzendu ditu aurten aukeratu diren bi proiektuak. Ikasleek hainbat hilabete eman dituzte proiektu horietan lanean.
Saria lortu duten bi ikasleak Telekomunikazio Ingeniaritza Masterra ari dira ikasten eskolan eta, horrez gain, praktikak egiten dituzte ikastetxe bereko TSR taldean. Talde horretan aurrera jarraitzen dute lanean, telebistak ez bezala, bi geruza baino gehiago erabiltzen dituzten teknologietan LDM tekniken aplikazioa ikertzen; etorkizuneko teknologietan, 5G izenekoan, adibidez.