euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk graduondoko eskaintza osoa aurkeztuko du Master Astean

Azokan, programetako arduradunek eta ikasleek zuzenean emango dute tituluei buruzko informazioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/03/04

Datozen Master ikasleak

AURKITU ZURE BIDEA da 2016ko Master Asterako hautatu duten leloa. Hurrengo astean egingo da, UPV/EHUko hiru campusetan. Jardunaldi horretan, nahi dutenek gure unibertsitateko graduondokoen eskaintza zabal eta askotarikoaren berri izan dezakete. Izan ere, Master Astea aukera ezin hobea da informazio zuzena jasotzeko programen arduradunen eta tituluetako irakasleen eskutik, bai eta joan diren ikasturteetako masterretako egresatuen eskutik ere. Kalitate handiko irakasleek eta irakasten diren gaietan espezializaturiko profesionalek maila goreneko prestakuntza eskaintzen dute UPV/EHUko graduondokoetan, eta ikasleei lagungarri izango zaie jardunaldia, ikasten jarraitzeko "bide onena" aukeratzeko.

Beste urteetan bezala, UPV/EHUk, astebetez, bere hiru campusetan aurkeztuko du 110 master ofizialek, 65 doktorego programak eta 30 titulu propiok baino gehiagok (espezializazio handiko eta lanera bideratutako titulazioak) osatutako eskaintza. Master Astea, zehazki, martxoaren 7an egingo da Gipuzkoako Campusean (Ignacio Mª Barriola Zentroan), 9an Araban (Lascaray Ikergunean) eta 11n Bizkaian (Bizkaia Aretoan). Iazko Master Astean 1.500 bisitari izan ziren.

Hiru campusetan antzeko jardunaldiak egingo dira. Inaugurazio edo hasiera ekitaldiaren ostean, zenbait egresatuk masterren gaineko ikuspegia azalduko dute; gero, diplomak banatuko zaizkie iazko ikasturteko ikasle onenei. Horren ondotik, standak ireki eta tituluei buruzko informazio saioak egingo dira.

Inaugurazioa

Astelehenean, martxoak 7, 15:30ean, UPV/EHUren Donostiako Ignacio Mª Barriola Zentroko entzunaretoan, 2016ko Master Hasteari hasiera emateko ekitaldia egingo dute. Inaugurazio horretaz arduratuko da Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreorde Nekane Balluerka eta Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Ana Arrietak eta Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotrok lagunduko diote.

Egresatuen hitzaldia

Jarraian, zenbait egresatuk beren ikuspuntua erakutsiko dute, eta joan diren ikasturteetan egindako graduondokoez eta UPV/EHUk eskaintzen dituen master edo titulu propioez zer uste duten azalduko dute.

Arabako eta Bizkaiko campusetan, campus bakoitzeko errektoreordeek (Javier Garaizarrek eta Carmelo Garitaonandiak) eta Master eta Doktorego Eskolako zuzendari Gabriela Chotrok irekiko dituzte jardunaldiak, hilaren 9an eta 11n hurrenez hurren.

Ikasle onenen aitorpena

Ondoren, 2014/2015 ikasturteko Gipuzkoako Campuseko masterretako ikasle onenei aitorpena egin eta diplomak banatuko zaizkie.

Standak

Zenbait stand jarriko dira, 16:00etatik 19:30era, masterren, doktorego programen eta titulu propioen nondik norakoak azaltzeko master bat edo graduondoko eta etengabe prestakuntzako beste modalitate bat eginez espezializatu nahi duten tituludunei. Jardunaldiak antzeko formatua izango du hiru campusetan.

Informazio saioak

Horrekin batera, masterren aurkezpenak egingo dira, eta interesdunek zuzenean hitz egin eta zalantzak argitu ahalko dituzte titulu bakoitzeko irakasleekin.


UPV/EHUko graduondokoen eskaintzak jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu nazioarteko ikertaldeekin, teknologia zentroekin, enpresekin eta erakundeekin. Gainera, 700 hitzarmen baino gehiago ditugu sinatuak I+G+b zentroekin, erakundeekin eta enpresekin gure master eta doktorego programetarako, eta nazioarteko truke programetan ere parte hartzen dugu, Erasmus+ programan kasurako. Horri guztiari esker, ikasleek praktikak egin ditzakete inguruko enpresa edo erakundeetan, estatuan zein nazioartean mugi daitezke, eta errazago has daitezke lan merkatuan.


EGITARAUA

Martxoaren 7a, astelehena: Gipuzkoako Campusa, Ignacio Mª Barriola Zentroa (Donostia)

15:30-16:15

  • Master Astearen inaugurazioa Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearen eskutik, eta ongietorria emateko agurra Gipuzkoako Campuseko errektoreordearen eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren eskutik.
  • UPV/EHUko graduondoko egresatuen aurkezpenak.
  • 2014/15 ikasturtean Gipuzkoako Campusean emandako masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:15-19:30

  • Standen irekiera.
  • Masterren aurkezpenen hasiera.

Martxoaren 9a, asteazkena: Arabako Campusa, Lascaray Ikergunea (Vitoria-Gasteiz)

15:30-16:00

  • Ongietorria emateko agurra, Arabako Campuseko errektoreordearen eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren eskutik.
  • UPV/EHUko graduondoko egresatuen aurkezpenak.
  • 2014/15 ikasturtean Arabako Campusean emandako masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:00-19:30

  • Standen irekiera.
  • Masterren aurkezpenen hasiera.

Martxoaren 11, ostirala: Bizkaiko Campusa, Bizkaia Aretoa (Bilbo)

15:30-16:00

  • Ongietorria emateko agurra, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen eta UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolako zuzendariaren eskutik.
  • UPV/EHUko graduondoko egresatuen aurkezpenak.
  • 2014/15 ikasturtean Bizkaiko Campusean emandako masterretako ikasle onenei esker ona adierazteko eta diplomak banatzeko ekitaldia.

16:00-19:30

  • Standen irekiera.
  • Masterren aurkezpenen hasiera.