euskaraespañol

Eguneko irudia

Ongi etorria egin zaie irakasle berriei

Unibertsitateak "UPV/EHUn irakastea" eskuliburua argitaratu du

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/10/16

"UPV/EHUn irakastea" eskuliburua, irakasle berrientzat

UPV/EHUk ongietorria egin die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako campusetan 2015/2016 ikasturtean unibertsitatera etorritako irakasle eta ikertzaile berriei. Ekitaldian, unibertsitatera sartu berri diren irakasleek unibertsitatearen funtzionamendua eta egitura ezagutu dituzte. Bestalde, UPV/EHUn irakastea eskuliburuaren lehenengo edizioa jaso dute.

Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE/HELAZ) antolatutako jardunaldian ondoko kideak bildu ditu: José Luis Martín UPV/EHUko idazkari nagusia, Xabier Etxaniz Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordea, Fernando Plazaola Ikerketaren arloko errektoreordea, Jon Zarate Euskararen arloko errektoreordea, eta Amaia Zarraga Graduko Ikasketen eta Berrikuntzaren arloko errektoreordea. Leioan izandako ekitaldian hartu dute parte Carmelo Garitaonandia Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Gasteizkoan Javier Garaizar Arabako Campuseko errektoreordeak, eta Donostiakoan Ana Arrieta Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak. Txostengileek hainbat azalpen egin dizkiete irakasleei gai hauen inguruan: ikasketa akademikoa, zientzi ikerketa, UPV/EHUko hizkuntza politika, Euskara Batzordea eta eleaniztasuna, graduko eta graduondoko ikasketak kudeatzeko arautegiak.

Xabier Etxaniz Irakasle-ikertzaileen arloko errektoreordeak adierazi duenez, "Euskal Herriko Unibertsitatera (UPV/EHU)  ongi etorria emateaz gain, irakasle berriei unibertsitatearen antolaketa eta funtzionamenduari buruzko informazio orokorra eskaintzea dute helburu nagusi ekitaldi hauek;  unibertsitatearen egitura (ikastegiak, sailak…),  ikerketa,  irakaskuntza  eredua, beren ibilbide profesionala nola bideratu  eta abar. Era berean,  irakasle berriek beren jarduera akademikoa garatzeko dituzten baliabide praktikoen (campuseko zerbitzuak, ikerkuntza azpiegiturak…)  berri ematen zaie, bai eta  UPV/EHUn lan egiteko egitura ezagutu edo karrera profesionala garatzeko egin beharrekoak azaldu ere."

‘UPV/EHUn irakastea'

'UPV/EHUn irakastea. Oinarrizko orientazioak irakasle hasi berrientzat' eskuliburua jaso dute parte hartzaileek jardunaldian. Argitalpenak informazio garrantzitsua eta oinarrizko orientazioa eskaintzen dizkie irakasle eta ikertzaile berriei, unibertsitateko hasierako egunak erraztu nahirik. Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak (SAE/HELAZ) prestatu eta editatutako dokumentu horretan, irakasleek zenbait gomendio aurkituko dituzte XXI. mendeko unibertsitatean irakatsi, IKD (Ikaskuntza Kooperatiko eta Dinamikoa) hezkuntza eredu propioa aplikatu eta ikasleen aniztasunari eta lehen eskola egunari ekiteko.

Irakasten aritzeko jarraibideokin batera, hasi berriek hainbat aholku aurkituko dituzte eskolak emango dituzten ikastegiko egituran eta atxikita dagoen sailean sarrera samurragoa lortze aldera.  Era berean, ongi etorria emateko eskuliburuak adierazten du zer zerbitzu duen unibertsitateak prestakuntza espezifikoarekin edo hizkuntzak ikasten jarraitu edo gizartearekin erlazionatzeko.