euskaraespañol

Eguneko irudia

Idoia Rius eta Andoni Olozaga mundu mailako berrikuntza lehiaketa bateko finalistak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/09/25

UPV/EHUko bi ikasle, automobilgintza arloko multinazional batek antolatutako nazioarteko berrikuntza-lehiaketako finalean lehiatuko dira Parisen, irailaren 29an. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan ikasle dabilen Andoni Olozaga eta Medikuntzako ikasletak amaitu ondoren MIR azterketa prestatzen diharduen Idoia Rius dira sei talde finalistetako bat osatzen duten kideak, 89 herrialdetako 1.300 lehiakide baino gehiago gainditu ondoren.

Hauen proiektua erabat berritzailea da, automobilgintza sektoreari atxikitakoa, baina lehiaketako baldintzen jarraiki, ez dago edukia ezagutzera ematerik epaimahaiaren erabakia ezagutu baino lehen. Edozein kasutan, Valeo multinazional frantziarrak sustatutako Valeo Innovation Challenge lehiaketa hau ingeniaritzako ikasleei zuzenduta dago nagusiki, 2030ean automobil adimendunagoak eta intuitiboagoak ekoiztea ahalbidetuko duten produktuak edo sistemak diseinatzeko asmoz. Hala ere, lehiaketako arauek beste espezialitate batzuekin lotuta dauden alderdi berritzaileak gaineratzeko aukera ematen die beste jakintza-arlo batzuetako ikasleei, eta hauexen artekoak ditugu euskal taldeko kideak.

Andoni eta Idoia Parisko finalean lehiatuko dira irailaren 29an, Alemaniako bi unibertsitatetatik (Hannover eta Saarland), Pekingo unibertsitatetik –honek bi talde izango ditu finalean– eta Indiako unibertsitate batetik (Sri Auroindo International Centre of Education) etorritako taldeen aurka.

Lehiaketaren bigarren edizio honetan, irabazleek 100.000 euroko saria lortuko dute, eta 10.000 euroko beste bi sari ere banatuko dira. Taldeek gutxienez bi ikasle eta gehienez bost ikasle izan behar dituzte. Jasotako 1.324 proiektuen artean, epaimahaiak hogei bat aukeratu zituen, eta irailaren 1ean, Frantziako hiriburuan hilaren 29an jokatuko den finalerako proiektuak eta dagozkien prototipo funtzionalak aurkeztu beharko dituzten sei talde finalistak izendatu zituen. Valeo konpainiako Zuzendari Nagusia buru duen epaimahaia, multinazionaleko goi-kargudunek eta esparru desberdinatako kanpoko adituek osatzen dute, zientzialariak, diseinatzaileak, soziologoak eta filosofoak tarteko direla.