Abenduaren 8ra arte, Arkeologi Museoan (Mallona Galtzadak 2, Bilbo), ‘Hezurretan idatzia' erakusketa egongo da ikusgai. Erakusketaren helburua da: antropologiak nola lagundu duen gure aurretik bizi izan diren gizataldeak ezagutzen plazaratzea.
‘Hezurretan idatzia' erakusketa, Arkeologi Museoan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/06/16
Erakusketaren komisarioak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Conchi de La Rua eta Montserrat Hervella izan dira. Zati bitan antolatu dute esposizioa, eta 6 unitatetan. Lehenengo zatian, iraganeko gizarteak ezagutzeko, antropologiak erabiltzen duen ikerketa-metodoa erakusten da: ADNa aztertuz, antzinako biztanleen sexua, adina, elikadura, gaixotasunak eta beste zenbait alderdi zehazten ditu. Bigarrenean, berriz, Euskal Herrian egindako azterlan antropologikoen bilakaerari buruzko balantze kritikoa egiten da: lehenengo, XIX. mendeko lehen ikertzaileak, erakusten zaizkigu; ondoren, Joxemiel Barandiaran, Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadi, eta, amaitzeko, gaur egunekoak.
‘Hezurretan idatzia' erakusketa Arkeologi Museoko Mallona aretoan ikusi ahal izango da: asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara; igandeetan, 10:30etik 14:00etara.
Argibide gehiago: www.bizkaikoa.bizkaia.eus/arkeologimuseoa