Zuzenbide Fakultateak GIBari/hiesari buruzko on line ikastaro bat jarri du abian
Gai horren alderdi juridikoak eta sozialak jorratuko dira
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/14
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak GIBaren/ihesaren alderdi juridikoak eta sozialak izeneko on line ikastaroa jarriko du abian datorren irailetik aurrera. Helburua da, alde batetik, oinarrizko ezagutza ematea hiesa eragiten duen Giza Immunoeskasiaren Birusak (GIB) sortutako infekziotik eratorritako alderdi juridikoen inguruan, eta, bestetik, zuzenbidearen arlotik erantzun ahal izatea eragindako pertsonenganako eta haien ingurukoenganako edozein bereizkeriari, haien oinarrizko eskubideak zainduz eta betebehar pertsonalen eta kolektiboen aitorpena eskatzeari uko egin gabe.
Ikastaroa batez ere Zuzenbideko, Kriminologiako, Gizarte Langintzako eta Lan Harremanetako ikasleentzat da, baina, formula horren (Unibertsitateko Ikasketa Osagarriak) asmoa da unibertsitateko titulu bat eskuratzeko aukera ematea goi mailako prestakuntzarik ez duten pertsona interesdunei, izan elkarte mugimenduaren bidez, izan GIBa/hiesa duten pertsonak edo haien ingurukoak direlako.
GIBaren/ihesaren alderdi juridikoak eta sozialak ikastaroan, UPV/EHUko irakasleek ez ezik (Zuzenbide Fakultatea eta Psikologia Fakultatea), hainbat ezagutza arlotako estatu osoko profesionalek parte hartuko eta lagunduko dute. Gainera, proiektuak gai horretan espezializatutako estatuko erakunde nagusien babesa du; zehazki, Coordinadora Estatal de VIH y Sida (CESIDA) erakundearena ("Programa de Clínica Legal: erradicación de las desigualdades en salud relacionadas con el VIH y el sida" programa gauzatzen ari daMadrilgo Alcalako Unibertsitatearekin eta Valentziako Unibertsitatearekin batera), Sociedad Española Interdisciplinaria del Sida (SEISIDA) elkartearena, Federación Estatal de Lesbianas, Gais, Transexuales y Bisexuales (FELGTB) taldearena, Bartzelonako Centro de Documentación y Recursos Pedagógicos VIH/SIDA Sida Studi zentroarena eta Trabajando en Positivo erakundearena. Eusko Jaurlaritzako Hiesaren Prebentziorako eta Kontrolerako Planak emandako laguntzari esker sortu da ikastaroaren euskarri izango den plataforma birtuala.
Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak aurki abian jarri nahi du Klinika Juridiko bat, justiziaren eta etorkizunean alderdi juridikoan edo kriminologikoan lan egingo duten Zuzenbideko eta Kriminologiako ikasleen aldaketa sozialaren aldeko konpromisoa indartzeko eta bideratzeko,. Bada, horretarako abiarazi da egitasmo hau.
*Izen emateak eta/edo ikastaroari buruzko informazioa:
Beatriz Lucas de las Heras: 843 01 80 86 / bea.lucas@ehu.eus