euskaraespañol

Armadiloa, sormen-gune bat ikasleentzat

UPV/EHUko Arkitektura Eskolan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/05

Armadilo eraikitzen
Armadilo eraikitzen

Arkitekturan diseinatzeko informatika-softwarearen bidez (Diseinu Parametrikoa) eta laser baten bidez gauza asko fabrikatu daitezke, adibidez, ikasgela bat. Eta horrela jokatu dute UPV/EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikaslek. Izan ere, Eskolako bigarren solairuan Irakaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa IKD gune berri bat eraiki dute: Armadiloa. Software hori (Diseinu Parametrikoa) erabili, laser makina batekin kartoizko 741 pieza moztu, eta bi ordutan muntatzen egon ondoren "Armadilo" gela sortu da eta oraindik ikasturte bukatu arte, ikasleek lan espazio atsegina dute haien artean elkarrekintza sustatzeko eta monotonia ekiditeko. Arkitektura Parametrikoa eta Fabrikatze Digitala ikasgaian egindako praktika baten emaitza da gela hori.

 

 Ikasturte hasieran, Alex Mitxelena irakasleak proiektu bat diseinatzea proposatu zien ikasleei ikasgaia lantzeko.  Taldeka aurkeztutako proiektuetariko bat aukeratu zuten: gela bat eraikitzea, Eskolan bertan, irakasle eta ikasleen artean. Eta horrela, praktikan jarri zuten UPV/EHUko ikasteko eredua IKD (Irakaskuntza Kooperatiboa eta Dinamikoa), hain zuzen ere, proiektuetan oinarritutako metodologia aktiboa. "Era berean, lehenengo egunetan zehaztutako helburu praktiko bat oinarritzat hartuz, ikasleek praktika egin dute eta jakintza, eta trebakuntza berriak lortu dituzte", adierazi du irakasleak.
Alejandro Astaburuaga, Julen Barrientos eta Inhar Endaya ikasleek sortu zuten "Armadiloa" proiektua baldintza hauek hartuta: kartoizko egitura izan behar zela laser batekin mozteko eta pieza baten dimentsio maximoak 90X60cm izan behar zituela. Proiektua aukeratu ondoren, ikasle horiek lan egiteari ekin zioten, Aritz Perez, Aritz Carreras, Oier Marcos, Uxue Otegi ikaskideekin eta irakaslearekin batera. "Ikasketa metodoa oso independentea izan da, Interneten eta liburuetan erreferentziak bilatuz eta tresna digitalen tutorialak ikusiz. Aldi berean, egindakoa irakaslearekin zuzentzen genuen" kontatu du Julen Barrientosek.
Esperientzia oso aberasgarria izan da, ikasleen ustez. "Proiektu teoriko bat egitetik benetan eraikitzera alde oso handia dago, zeren egiterakoan beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar diren: aurrekontua, dauzkagun erremintak, muntaketa faseak, eta abar", aipatu du Barrientosek. Bere aldetik, Alejandro Astaburuagak azpimarratu du proposamen hori oso aukera ona izan dela, "batez ere, gaur egun, zerbait eraikitzea oso zaila delako da, eta are gehiago ikaslea izanik". Zailtasunak zailtasun,  proiektua parte hartu zutenek berriro ere egingo lukete, "horrelako esperientziak oso positiboak dira eta lanaren emaitzak ikusteak ez du preziorik".
Armadiloaren eraiki-prozesua
IKD gela eraikitzeko diseinu parametrikoa eta laser bat erabili zituzten. Informatika-softwareren bidez, datuak aldatuz emaitza ezberdinak berehala lortu ahal dituzte diseinatzaileek.  Diseinua egin ondoren, laser makina batekin moztu zituzten 741 kartoizko pieza elkartu zituzten, bata bestearekin lotuz bai bertikalean bai horizontalean, ezkatak bezala. Bestalde Armadiloaren gainazalaren kurbadura egiteko, bi erdi kupula bata bestearen kontra jarri zituzten egonkortasun handiagoa erdiesteko. Oinean S forma duena ipini zuten.
Lau hilabeteko prozesuan (15 aste eta astero 4 ordu), proiektuaren diseinuaz aparte, pieza guztien numerazioak, materialaren aukeraketak, aurrekontu bat gauzatzeak, materiala lortzeak, piezen moztekak eta amaieran muntadura aurrera eramateak arazo ugari sortu dituzte. "Eta, arazo horiei aurre egiteak asko ikastea ekarri digu—Alejandro Astaburuagaren esanetan—,  gure proiektua errealitatera eramatea lan zaila izan bada ere".
Prozesu horren emaitza hau da: luzeran 6 metro, zabaleran 5,5 metro eta altueran 3 metro dituen IKD gunea, zeina Arkitektura Goi Eskola Teknikoko bigarren pisuan dagoen. Ikasturtea amaitu arte, irekita egongo da ikasleen artean elkarrekintza eta harremana,  taldeko lan kooperatiboarekin batera, ahalbidetzen duten espazio balioaniztun hori. Gainera, Armadiloak lan egiteko pribatutasuna babesten du, baita sormena piztu ere.

 

ARMADILO PAVILION from Alejandro Astaburuaga on Vimeo.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa