2010ean, Dama Gorria delakoa El Mirón haitzuloan (Kantabria) lurperatuta zegoela deskubritu zuten; Goi Paleolitoan lurperatu zuten. Journal of Archaeological Science aldizkariak zenbaki berezi bat argitaratu du, aparteko lurperatze horri buruz eginiko azterlan guztiak jasotzen dituena. Izan ere, ia ez dago horrelako hilobi paleolitikorik, oso-osorik eta kutsatu gabe. Azterlan horien artean dago Mª José Iriarte UPV/EHUko Ikerbasque irakasleak zuzentzen duen ikerketa; hain zuzen, hilobiko polen arrastoak aztertzen ditu, duela 16.000 urte baino gehiago fosilduak. "Lore osoak ipini zituzten hilobian, baina ezin izan da egiaztatu hildakoari erritu eskaintza egiteko ipini ote zituzten, edo beste helburu soilagoren bat zuten; esate baterako, lurperatzeak eragindako usain txarrak saihestea" azaldu du Iriartek.
Paleolito garaiko hilobi batean loreen arrastoak aurkitu dituzte
Maria José Iriarte eta Álvaro Arrizabalaga UPV/EHUko ikertzaileek artikulu bat argitaratu dute Journal of Archaeological Science monografikoan, Dama Gorria Kantabrian lurperatuta dagoela eta
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2015/05/05
El Mirón haitzuloa (Ramales de la Victoria, Kantabria) gizakien bizileku izan zen Erdi Paleolitotik Brontze Arora bitartean; horrenbestez, biltegi arkeologiko garrantzitsua da. 1903tik zuten kobazuloaren berri, baina 1996ra arte ez zieten ekin arkeologia ikerketa sistematikoei (L.G. Strausek eta M. González-Moralesek zuzendu zituzten). Geroago, 2010eko kanpaina egin zenean, Kantabriako Behe Madeleine aldiari dagozkion mailetan, gizaki bat lurperatuta zegoela deskubritu zuten.
Hobiak 35 eta 40 urte arteko emakume baten hezur geldikinak ditu, eta haitzuloaren amaieran dago, hormaren eta sabaitik eroritako bloke baten arteko gune txiki batean. Bloke horretan, gainera, zenbait grabatu ageri dira, eta baliteke gorpua lurperatu zen garaikoak izatea. Hezurren kolore gorriak eta hezurrak dautzan jalkinak aditzera ematen dute okrea erabiltzen zutela ehorzketa errituan. Hori dela-eta eman diete "Dama Gorria" izena (Red Lady) gorpuzkiei.
Horiek horrela, UPV/EHUko Historiaurreko Taldeko ikertzaileek, hots, Mª José Iriarte Ikerbasque irakasleak eta Alvaro Arrizabalaga irakasleek, Gloria Cuenca Zaragozako Unibertsitateko irakaslearekin batera, ikertu egin dute gorpua lurperatu zeneko ingurumen egoera; halaber, aztertu egin dituzte jalkinean kontserbaturiko polenak eta esporak, batetik, eta berreskuratutako mikrofauna arrastoak, bestalde.
Behe Madeleine aldian (orduan lurperatu zuten gorpua), El Mirón haitzuloko ingurumena oso hotza eta lehor samarra izan zen, Kantabriako gainerako eskualdean bezala. Horrek eragina izan zuen landare paisaian; zuhaitz urriko paisaia zen, pinuz eta urkiz osatua. Madeleine aldi horren amaiera aldera, ordea, klimak hobera egin zuen, eta, horri esker, zertxobait ugaritu ziren eremu arboladunak, eta hurritza agertu zen.
Haitzuloan, hilobiaren mailan (eta han bakarrik), UPV/EHUko ikertzaileek familia bakar bateko landareen polenen kontzentrazio handia aurkitu dute; zehazki, Chenopodiaceae delako familiakoena. Multzokatutako polenak agertzeak eta haitzuloaren beste eremu batzuetako maila arkeologiko berean taxon hori ez egoteak adierazten dute polena ez dela naturalki ezarri; kobaren inguruko landare paisaia da horren erakusgarri.
Beste aukera batzuk baztertu egin dira, hainbat arrazoi direla medio; esaterako, landareak elikagai edo sendagai gisa erabiltzea. "Hilobian lore osoak ipini zituztela da hipotesirik sinesgarriena" esan du Iriartek. "Ezin izan da egiaztatu hildakoari erritu eskaintza egiteko ipini ote zituzten loreak, edo beste helburu soilagoren bat zuten; adibidez, sendagai edo garbigai gisa erabiltzea" gehitu du. "Loratxo txikiak dira, nagusiki zuriak edo horixkak, eta gaur egun ez genituzke hartuko landare deigarritzat" dio Iriartek, "baina giza jokabideari ezin diogu Aktualismo Printzipioa ezarri kontu soilik estetiko hauetan".
Erreferentzia bibliografikoa
Iriarte-Chiapusso, M.J., Arrizabalaga, A. and Cuenca-Bescós, G. "The vegetational and climatic contexts of the Lower Magdalenian human burial in El Mirón Cave (Cantabria, Spain): implications related to human behavior". Journal of Archaeological Science (2015), http://dx.doi.org/10.1016/j.jas.2015.02.008.