euskaraespañol

Helburua:ikastea, baina ez buruz

IKD ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoak, UPV/EHUko bertako ereduak alegia, ikasleen motibazioa eta emaitzak hobetzen ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2015/04/28

Bizkaia Energia, SL ziklo konbinatuko zentral termikoan

"Ingeniariak aurre egin behar die mundu aldakor bateko problema zailei, izaera sortzailea eta irekia izanda. Horretarako, ‘ikasten ikasi' behar du, erabakiak hartzen, lanak gidatzen eta antolatzen, aldagaiak hautatzen eta mugatzen, eta diziplina askotako taldeetan lan egiten". Horrela deskribatu du Asier Aranzabalek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko titulazioko Termotekniako irakasleak, unibertsitateko ikasleek ikasketak amaitzean egingo duten lana. Horrexegatik eta irakaskuntza-ikaskuntza sistema tradizionala (eskola magistralak eta erantzun bakar bateko ariketak) huts egiten ari zelako, Aranzabalek Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzaren metodoari ekitea erabaki zuen, ikasleen motibazioa eta ikaskuntza hobetzeko. Esperientzia horren emaitzak "Aprendizaje Basado en Proyectos" para enseñar sistemas de potencia de gas y vapor" artikuluan jaso dira (@tic. Revista d'innovació educativa aldizkarian argitaratu zen).

Asier Aranzabal irakasleak IKD ikaskuntza kooperatiboaren eta dinamikoaren eredua ezarri zuen (UPV/EHUkoa bertakoa da), 2002 eta 2005 artean lortutako emaitza akademikoen analisi kritikoa egin ondoren. Ikasleek buruz ikasteko estrategiak erabiltzen zituzten, matematika ereduak ez zituzten kritikoki erabiltzen, ez zuten loturarik ikusten irakasgaiaren eta mundu errealaren artean, eta, gainera, % 20k ez zuen lehen deialdian gainditzen irakasgaia. "Ez zuten irtenbide posible batean pentsatzen, ez estrategia arrazoitzen, ez emaitza zalantzan jartzen. Problema mota baten errezeta baino ez zuten aurkitu nahi" adierazi du Asier Aranzabalek.

Horiek horrela, 2009 eta 2012 artean, ikasleak ikaskuntza kooperatiboan eta aktiboan ardazten dituen ikaskuntza estrategia ezarri zuen Termoteknia irakasgaian. Emaitzak zeharo bestelakoak izan ziren. Izan ere, eredu tradizionalaren aldean, ikasle gutxiagok utzi zuten irakasgaia, eta gutxiagok atera zuten "gutxi" edo "nahiko" kalifikazioa; ikasle gehiagok lortu zuten, berriz, "oso ongi" kalifikazioa. "Hori metodoaren exijentziatik dator, eta etengabe ikasteko eragatik. Gainera, Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzarekin lan egin izanak ez du esan nahi azterketa tradizionalaren arrakasta tasa murriztu denik" azaldu du irakasleak.

Jakin-mina piztu bai, baina bete ez

Esperientzia horretan, eskola magistralak eta problema zehatzak ebaztekoak kentzean, ikasleek aurre egin behar izan zioten metodologia aldatzeak eragiten duen ziurgabetasunari. Izan ere, taldearekin berarekin eta taldean bertan ebatzi behar izan zituzten problemak, eta taldean eta taldearekin antolatu eta konprometitu behar izan zuten. Termotekniari buruz ikasteko, Asier Aranzabalek bi problema ireki, zail eta erreal azaldu zituen, oinarrizko bi galderarekin: ziklo konbinatuko zentral termikoak al dira gaur egungo energia eta ingurumen irtenbidea? Zer da merkeagoa eta garbiagoa: gasolina auto bat, diesel auto bat ala auto elektriko bat gidatzea? Lehenengo fasean, irakasleak klasea dinamizatu zuen, informazio iturriak eman zituen eta problema ebazten hasteko teknikak erabili zituen; ideia jasa, besteak beste.

Hortik aurrera, ikasleek lehendabiziko lan hipotesia eman zuten, eta zekitenaz eta jakin beharrekoaz jabetu ziren. Ikaskuntza teorikoa puzzle baten moduan planteatu zen: taldeko bakoitzak atal bat jorratu zuen, eta ondoren gainerakoei azaldu. Talde bakoitzak bere kabuz egin zuen aurrera, helburuak ezarri zituen, lanak eta epeak banatu, kalkuluak egin, eta problemen inguruan erabakiak hartu, problema analizatu eta ebaluatu zuen. Bukatzean, talde guztiek 15 minutuz azaldu zuten beren lana, eta ikaskideek eta irakasleak galderak egin zizkieten. Ikasketa prozesu horretan, taldeak Bizkaia Energia, SL ziklo konbinatuko zentral termikora joan ziren, Amorebieta-Etxanora. Proiektu biak gauzatzeko 35 ordu horietan, irakasleak ikasleen jakin-mina piztu nahi izan zuen batez ere, bete baino gehiago.

Ikasleen balorazio orokorra hobea izan zen eskola magistraletakoa baino, baina denbora gehiago behar izan zuten ikasteko. Lan profesionala eta erronka handikoa egiten ari zirela iruditu zitzaien, eta ikasketa prozesuan laguntzen ari zirela. Oro har, oso ontzat jo zituzten taldeko lana, partaidetza, komunikazioa eta giroa; ikasketa prozesua, halaber, gogoeta gehiagokoa, motibagarriagoa eta autonomoagoa izan zen, ikasleen ustez. Era berean, ikusi zuten irakasleak talde bakoitzaren egoera eta problemetara egokitu behar izan zuela, eta elkarreragin handiagoa izan zela ikasleen eta irakaslearen artean.

Egilea:

Asier Aranzabal Maiztegi (Eibar, 1971), Kimika Zientzietan doktorea (UPV/EHU). Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Saileko irakaslea eta ikertzailea. UPV/EHUko Eragin programako irakasle tutorea; Eragin, hain zuzen, irakasleak Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuaren (SAE-HELAZ) irakaskuntza/ikaskuntza metodologia aktiboetan trebatzeko programa da. Ingurumen Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoak taldeko kidea da, eta hiri hondakin solidoak errausteko instalazioetan sortutako kutsatzaileak (nitrogeno oxidoak eta dioxinak) ezabatzeko katalizatzaileei buruz ikertzen dihardu.

Artikuluaren erreferentzia:

Asier Aranzabal: Enfoque "Aprendizaje Basado en Proyectos" para enseñar sistemas de potencia de gas y vapor". @tic. Revista d'innovació educativa. Doi: 10.7203/attic.13.3904

 

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa