euskaraespañol

Dokumental ahaztuak eta bestelako harribitxiak Durangoko Azokan

Hamaika ikerketa, testuliburu, dibulgazio lan, bilduma eta aldizkari aukeran izango dira Euskal Herriko Unibertsitatearen erakusmahaian

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/02

Denetara, 200 nobedadetik gora, tartean ikerketa, testuliburu, dibulgazio lan, bilduma eta aldizkariak eramango ditu UPV/EHUk

Hemen da beste behin ere Durangoko Azoka, eta aurten ere euskal kulturaren uzta oparoaren erakusleiho bihurtuko da bost egunez, abenduaren 2tik 6ra bitartean. UPV/EHUrentzat ere hitzordu garrantzitsua da Durangoko Azoka, eta bertan izango da hutsik egin barik. Artekalen egongo gara, 63-65 erakusmahaietan.

Makina bat jakintza arlotako euskarazko lanak daramatza UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak Landako erakustazokara, ikasle zein herritar ororentzat erakargarri eta interesgarriak guzti-guztiak. Denetara, 200 nobedadetik gora, tartean ikerketa, testuliburu, dibulgazio lan, bilduma eta aldizkariak.

Unibertsitateko erakusmahaia, hortaz, gainezka egongo da, baina aurten ‘Basker. 1960ko hamarkadako euskal kulturari buruzko suediar dokumentalak' liburu-DVDak leku berezia izango du ziurrenik. Argibel Euba Ugarte etnologo galdakoztarrak ondu du ikerketa lana, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrari esker.

Ezustean topatutako harribitxi etnografikoa

Txalapartaren inguruko tesia prestatzen zebilela, beste kontu batzuen bila, ‘Basker' eta ‘Bondei i Baskerland' izeneko dokumentalen berri izan zuen Eubak. 1963 urte hasieran, Suediako SVT telebista publikoko Daniel Grenholm eta Lennart Olson kazetariek Euskal Herrian zehar, han eta hemen, hainbat grabazio egin zituzten. Balio handiko eszenak eta gaur egun galduta dauden ohiturak jaso zituzten; ezusteko harribitxi etnografikoa, azken baten.

Dokumentalak ahaztuak egon dira, beraz. Euskal Herrian ez dira orain arte proiektatu ere egin. Eubak dokumentalen deskribapen zehatza osatzeaz aparte, egileei buruzko informazioa, egileek Euskal Herrian bertako gidariekin batera eginiko ibilbidearen deskribapena, filmen analisia eta dokumental bien eragin eta garrantziaren ebaluazioa ere egin ditu bere lanean. Euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da liburua, eta DVDa euskara, gaztelania, frantses eta ingelesezko azpitituluekin.

Erreportari suediarrek batutako irudiek euskal kulturak azkeneko hamarkadetan bizi izandako aldaketa sakonak agerian uzten dituzte. Herri-kulturako hainbat artistaren eta adierazpenen lekukotzarik zaharrenak, eta kasu batzuetan bakarrak, batu zituzten. Sakabi eta Egañazpi trikitilariak, Zumarragako Trikitixa, Leon Bilbao albokaria, Maurizia Aldeiturriaga eta Benantzio Bernaola ‘Karakol' andra-gizonak… horien ikus-entzunezko irudirik zaharrenak dira dokumentaletakoak, ez da zaharragorik ezagutzen. Beste irudi bitxi batzuk ere jaso zituzten: Martuteneko Billandegi baserri-dolarean, Jose eta Jose Mari Zabalegi aita-semeak txalaparta jotzen. Txalapartaren ikus-entzunezko testigantzarik zaharrena da.

Astelehenean, abenduaren 5ean, Durangoko Azokan bertan aurkeztuko dute liburu-DVDa, 16:00etan, Areto Nagusian.

Bestelako harribitxiak

Zalantza barik, zaku bete harribitxi liburu, aldizkari eta ikerketa lan daramatza UPV/EHUk 51. Durangoko Azokara. Zerrenda luzea bezain erakargarria da. Uzta zabala eta handia izan da 2016koa ere, 200 alez osotuta.

Makinatxo bat altxor izango ditugu gure erakusmahaian, tartean, ‘Tirabirak/tiras que aflojan' liburua, EMAN ikerketa taldeak 1977tik 2016ra bitartean gure iragan gatazkatsua jorratu duten bineten bilduma. Egitasmo transmedia baten emaitza da. Aldez aurretik, erakusketa ibiltaria, ikastaro bat eta beste zenbait ekitaldi antolatu dira lan honen inguruan.

‘Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara' obran, Koldo Zuazok eta Urtzi Goitik Euskal Herriko ipar-mendebaleko ertzean dauden 25 herritako hizkera aztertu dute. ‘Energia trantsizioak' beharrean, hainbat ikertzailek energiaren alorreko gaur egungo egoera aztertu eta zenbait proposamenen berri ematen dituzte. 1936ko gerraren harira, Euskal Herrian zabaldu diren diskurtso motak aurrez aurre jartzea izan da Izaro Arroitak eta Lourdes Otaegiren asmoa ‘Oroimenaren lekuak eta lekukoak' lanarekin. Ikerketei zuzendutako tartea bukatzeko, ‘Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropologia' proposamena aipatuko dugu, Mari Luz Esteban eta Jone M. Hernández García ikertzaileek koordinatua.

Unibertsitateko argitalpenen artean pisu berezia dute testuliburuek. Euskaraz sortutako zenbait berritasun daude arlo horretan. Alde batetik, ‘Filosofiarako sarrera bat', Agustin Arrietak idatzia, oihartzun handia eta kritika oso onak jaso dituen lana. Bestalde, medikuntzaren alorreko ‘Anestesiako eskuliburua', Alberto Martínezek, Itxaso Calvok eta Mikel Uriartek zuzendua, eta ‘Bioetika eta etika medikoa medikuntzako ikasleentzat', Mª Isabel Marijuán irakasleak idatzia. Halaber, informatikako bi titulu dauzkagu, biak UEUrekin elkarlanean argitaratuak: ‘PYTHON lengoaia: oinarriak eta aplikazioak', Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola irakasleena, eta ‘Programen espezifikazioa, egiaztapena eta eratorpena', Javier Alvezen eta beste irakasle batzuen artean idatzia.

Azken hamabost urteotan, beste hizkuntzetako sona handiko hamaika testuliburu  euskaratu dira, ehun bat titulu hain zuzen ere. Horregatik, aurten itzultzailearen figurari omenaldia egingo diogu azokan bertan, itzulpengintzari buruz zenbait hitzaldi eskainiz. Gainera, itzulitako hiru testuliburu aurkeztuko ditugu: ‘Eskola kulturaniztunetan irakastea eta ikastea', Elizabeth Coelho irakasle kanadarrak idatzia; ‘Hezkuntza-ebaluazioa', José Francisco Lukas eta Karlos Santiagoren lana: 'Hirigintza-antolamendua: kontzeptuak, tresnak eta jardunbideak', Juli Esteban i Noguerarena.

Eta  beste hamaikatxo berritasun ZIO, Limes eta LEGEAK-LEYES bildumetan

Euskara hutsean ditugun ZIO (zientzia irakurle ororentzat), Limes (filosofiako testu klasikoak), LEGEAK-LEYES eta Euskal Literatura bildumetako nobedadeek ere ez dute hutsik egingo 51. Durangoko Azokan. Lau berritasun ditugu bildumotan: Aristotelesen ‘Politika', ‘Hamaika euskal literato eta Jainkoa', Sebastian Gartziarena, eta, ‘Kapital-sozietateei buruzko legeria' eta ‘Ministerio Fiskalaren Estatutu organikoa' lanak.

Horrezaz gain, ‘Heziketa fisiko moderno baterako ikuspuntuak' lana dugu, hau da, Pierre Parlebas heziketa fisikoaren Frantziako erreferentziazko egilearen berbaldi batean oinarritutakoa. Motrizista, irakasle, entrenatzaile edo kudeatzaile guztientzat interesgarria da.
Eta omenaldien atalean, ‘Hire bordatxoan. Txipi Ormaetxea omenduz' liburua izango dugu erakusmahaietan, euskal dialektologiaz, euskararen historiaz eta bariazioaz, literaturaz, etnografiaz, soziologiaz diharduen artikulu bilduma.

Aurreko guztiez aparte, euskarazko gure aldizkarietako azken zenbakiak eramango ditugu Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia), Tantak (hezkuntza) eta Gogoak (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztuna ere.