UPV/EHUko Animalien Ekotoxikotasuna eta Biodibertsitatea ikerketa-taldeak Vigoko Unibertsitatearekin elkarlanean egindako ikerketa batean, 9 metalen kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute Nalón ibaiko (Asturias) puntu garbietako 10 makroornogabe-taxonetarako. Lehenengo urratsa izan da hori, plan hidrologikoetan txertatzeko substantzia arriskutsuen biometaketari buruzko kalitate-irizpideak, hala eskatzen baitu EBk.
Bederatzi metalen biometaketa-maila zehaztu dute meatze-inguruetako uretako ornogabeetan
UPV/EHUk eta Vigoko Unibertsitateak ezarri dute zer metal-biometaketa izan daitekeen gehienez Nalón ibaian arrisku ekologikorik ez izateko
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/07/13
Europar Batasunak 2021. urtera arteko epea ezarri du Ingurumenaren Kalitate Arauak sortzeko, eta, zehazki, uretako bizidunek ehunetan jasan ditzaketen substantzia kimiko arriskutsuen kontzentrazio-atalaseak ezartzeko, populazioen kontserbazioa arrisku txikian dagoen egoeretan.
Lan horretan aurrera egin dute Asturiasko meatze-arroetan lankidetzan egindako ikerketa bati esker, eta kontzentrazio-atalase ekologikoa proposatu dute 7 metalentzat (kadmioa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, beruna eta zinka) eta bi metaloiderentzat (artsenikoa eta selenioa). Pilar Rodriguez doktorea buru duen UPV/EHUko Animalien Ekotoxikotasuna eta Biodibertsitatea ikerketa-taldeak —Zientzia eta Teknologia Fakultateko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia eta Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia sailak elkarlanean— eta Vigoko Unibertsitateko Limnologia laborategiak egin dute ikerketa.. Kutsatu gabeko zenbait leku hartu zituzten kontuan ikerketan, Nalón ibaiaren arroko erreferentziazko sarekoak, baita kutsadura-maila handiko beste batzuk ere. Meatze-ustiaketa handia izan du historian arro horrek, bertako arrokek berez baitute metal-kontzentrazio handia. “Eskualde kantauriar osoan, inguru horretan dute uretako komunitateek metalekiko esposizioarekin lotutako arazo handienetakoa”, azaldu du Pilar Rodríguez doktore eta UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko kideak.
Zehazki, kutsatzaileek inpaktu minimoa edo batere inpakturik ez duten puntuetan eta egoera ekologiko on edo oso on gisa sailkatutako erreferentziazko puntuetan zeuden 10 ornogabe-taxonen ehunetan egin dituzte neurketak, eta haietatik abiatuz zehaztu dituzte 9 elementu kimikoetarako kontzentrazio-atalase ekologikoak. Rodríguez doktoreak esan bezala, “Ingurumenaren Kalitate Arauen arazoari heltzeko modu berritzaile bat izan da: batetik, erreferentziazko puntuak aukeratu ditugu, eta, bestetik, metalen biometaketa zehazteko erabili ditugun 10 taxon biomonitoreak eremu garbietan zein kutsatuetan ageri dira”.
Azpimarratzekoa da, halaber, animalia-talde ugari aintzat hartu dela ikerketan. “Elikadura-ohitura desberdinak (harrapakariak, fitofagoak, sedimentiboroak, iragazleak eta jeneralistak) eta portaera desberdinak dituzten ornogabe-taxon adierazgarrietan aztertu dugu metalen biometaketa. Izan ere, elikaduraz gain, portaeraren arabera ere aldatzen da bizidun bakoitzak toxikoekiko duen esposizioa: esate baterako, ur-oligoketoak, sedimentu barruko galeriatan bizi direnez, sedimentuei lotutako kutsatzaileen eraginpean daude erabat; intsektuen larbak, berriz, epibentonikoak dira, hau da, harrien gainean bizi dira, eta algetako kutsatzaileak barnera ditzakete algak jaten dituztenek, edo uretako partikuletako kutsatzaileak, iragazle direnek”, zehaztu du ikertzaileak.
Erreferentziazko lekuetan biomonitore gisa hautatutako taxonen metal-maila aztertuz, “kontzentrazio-atalase ekologikoa ezarri genuen taxon eta metal bakoitzerako, hau da, zer kontzentrazio izan dezaketen gehienez, makroornogabe-komunitateen kontserbazio-egoera maila hobeezinetan iraunaraztea bermatzeko”, jarraitu du. Metal bakoitzarentzat taxon bakoitzean bildutako datu-multzoaren 90. pertzentilean ezarri zuten kontzentrazio-atalase ekologikoa. Horrenbestez, neurtu zituzten bizidun guztien % 10 baino ez litzateke geldituko ezarritako atalase horren gainetik. “Guk proposatzen dugu kontzentrazio-maila horretatik aurrera lehen mailako alarma aktibatzea, ibaietako ornogabeak arriskuan egon bailitezke”, dio.
“Orain, eskuartean darabilgun ikerketan, alderatzen ari gara kontzentrazio-atalase ekologikoa eta Nalón arroko kutsadura-maila desberdinetako lekuetan taxon horiek berek dituzten biometaketa-mailak —azaldu du Rodríguez doktoreak—. Espero dugu tarte bat hautematea kontzentrazio-atalase ekologikoaren eta jadanik kaltetuta dauden ur-komunitateetan (espezie-aberastasuna edo taxon sentikorren ugaritasuna txikiagoa duten komunitateetan, adibidez) neurtutako kontzentrazio txikienaren artean. Azken datu horrek beste muga bat ezarriko du ehunetako kontzentrazioari dagokionez, adieraziko baitu uretako makroornogabeen kontserbaziorako ingurumen-arriskua dagoela”.
Lortutako datuak eta informazioa zuzenean erabil daitezke, oraingoz, ikertutako arroaren kudeaketan, Nalón ibaiaren kudeaketan, alegia. “Kantauriko isurialdeko beste arro batzuetan —baita EAEkoetan ere— erabili ahal izatea da hurrengo urratsa, eta, horretarako, beste arro batzuetako erreferentziazko kokapenak eta leku kutsatuak ere beharko ditugu, hango metalen biometaketako datuekin baliozkotzeko, baina finantziazioa behar dugu beharrezko, laginketak eta analisiak egiteko”, dio, premiaz.Erreferentzia bibliografikoa
- Baseline tissue levels of trace metals and metalloids to approach ecological threshold concentrations in aquatic macroinvertebrates
- Ecological Indicators (2018)
- DOI: 10.1016/j.ecolind.2018.04.004