euskaraespañol

Aitor Urresti González

Merkatu elektrikoa krisian

Trantsizio energetikoan aditua eta Energia Ingeniaritza saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/01/19

Aitor Urresti González
Aitor Urresti González, Energia Ingeniaritza saileko irakaslea | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Azken aldian energiak eta honen prezioak etengabe albistegiak betetzen ditu. Energiaren krisiaz asko hitz egin da hilabete hauetan, eta nahiz eta Europan ez bezala geurean ez den espero inongo energiaren mozketarik, energiaren prezio altuak bai ardura sortzekoak direla. Gehien arduratzen gaituena hauxe da: energia nahikoa daukagu, baina ze preziotan ordaindu beharko dugu?

Elektrizitatea izan da titular gehien sortu dituena, zalantzarik gabe. Merkatu elektrikoak maximo historikoak izan ditu azken urtean, izatez, martxoak 9an sekulan ordaindu dugun preziorik garestiena izan genuen, eguneko media 545 €/MWh izan zelarik, eta ordu batean 700 €/MWh gaindituz. Pentsa ezazue 2021eko martxoko prezioak 50 €/MWh-tan zeudela, hau da, 10 aldiz gutxiago.

Merkatu elektrikoak portamolde bitxia du. Orduro enkante baten bidez finkatzen da merkatuaren prezioa, eta saltzen den elektrizitate guztia enkantearen prezio garestienean ordaintzen da. Egoera arrunt batean, gas naturala izaten da elektrizitatea sortzeko modurik garestiena, eta beraz merkatu elektrikoaren prezioa, gas naturalaren prezioarekin batera aldatzen joan beharko litzateke.

Honetan datza, izatez, elektrizitatearen prezioaren igoeraren azalpen erraza: Ukrainako gatazkak eragindako gas naturalaren krisiak merkatu elektrikoaren prezioa igoarazi duela. Baina, honek guztiz azaltzen al du elektrizitatearen prezioaren gorakada? Egia esan, ez. Honekin bat, beste elementu asko gertatu izan dira aldi berean, sakonki aztertu behar direnak:

  • Alde batetik, azken urteko klimatologia ez da batere ona izan. Lehorteak, energia hidraulikoaren eskuragarritasuna murriztu bait du, eta aldi berean haize gutxi izan dugu energia eolikoaren ekoizpena murriztuz. Bi teknologia hauek, egoera arrunt batean, merkatuko prezioa murriztuko lukete, baina energia gutxi sortu dutenez, gas natural gehiago erre behar izan dugu elektrizitatea lortzeko.
  • Dena den, prezioen gorakada ez da azken aldikoa izan, Ukrainako krisiari lotuta. Izatez, 2021eko udaberri aldera hasi zen elektrizitatearen prezioak goruntz. 2021ean merkatu prezioa gehien finkatu zuen teknologia hidraulikoa izan zen. Hau da, urtean zehar, urtegietako ura, gas naturala baino garestiago saldu zuten konpainia hidraulikoek. “Es el mercado, amigo!” esan zuen behin ministro ohi famatu batek, ezta? Hala da, konpainia elektrikoek ikusi izan zuten energia hidraulikoa prezio altuagoetan saltzeko gai izango zirela, eta horrela egin dute, merkatu elektrikoaren prezioen goraka bultzatuz.
  • Aldi berean, Frantzian krisialdi elektriko garrantzitsu baten erdian daude. Frantzian kontsumitzen den elektrizitatearen % 80a energia nuklearretik dator. Baina azkenotan arazo tekniko ugari direla eta, erreaktore nuklearren erdiak geldirik egon dira uda honetan, eta oraindik ere heren batek martxan jarri gabe jarraitzen dute. Honek suposatzen du Frantziak ezin duela kontsumitzen duen elektrizitate guztia sortu, eta inguruko herrialdeetatik inportatu behar du. Guri ere elektrizitatea erosten digu, eta honek hemen teknologia garestien bidez energia gehiago sortu behar izatea eragiten du, merkatuko prezioa igoz.

Zerbait agerian gelditu bada azken aldian, merkatu elektrikoa gaizki antolatuta eta krisialdi sakon baten barne dagoela. Guztiz berrantolatu beharko litzateke, besteak beste espekulazio gutxiago egoteko, eta honen gardentasuna handitzeko. Momentuz, Estatu mailan neurri apal batzuk ezarri dira nagusiena “gasaren tope” famatua izanik, honen bidez, merkatua eraldatuz gasak prezioak finkatu ez ditzan.

Europak aurrera eraman dituen neurriak, tamalez, beste norabide batean joan dira. Europatik etorri dena, bereziki, ohiko sistema babestu eta sendotzera bideratuta egon da, gas naturaleko azpiegiturak sendotuz, besteak beste birgasifikatzaileak bultzatuz, eta gas naturaleko sarea zabalduz.

Estatu mailatik, aldiz, neurriak beste norabide batean joan dira. Alde batetik, fakturan ordaintzen duguna murriztera bideratutako neurri ugari hartu dira, zergak eta bidesariak minimora murriztuz. Aldi berean, kontsumitzaile zaurgarrien babesa handitu da, gizarte bonoaren deskontuak handituz, eta zaurgarritasun maila berriak sortuz.

Neurri onak dira, baina bakarrik epe laburrera zuzendutakoak. Azken urte honetako energia krisiak zerbait erakutsi badu, sistema osoaren eraldaketa sakon bat beharrezkoa dela da. Besteak beste, honelako proposamenak aurrera eroan beharko lirateke:

  1. Trantsizio energetikoa azkartu: agerian da energia berriztagarriek merkatu elektrikoaren prezioa jaisten dutela. Energia berriztagarri gehiago beharrezkoak dira, klima aldaketa arintzeko, baina baita ere arrazoi ekonomikoengatik. Baina trantsizio energetikoa, energia iturriak aldatzea baino gehiago izan beharko litzateke. Trantsizio energetikoan, aurrezte energetikoa, energiaren demokratizazioa eta bidezko trantsizioa ere kontutan hartu behar ditugu. Kontsumo energetikoa murriztu beharra dago, galerak ekidinez, besteak beste energia berriztagarrien garapena azkarragoa izateko. Haratago, energia sistema demokratikoa izan beharko litzateke, energiaren sorrera hiritarron eskuetan egoteko, autokontsumoko instalazioen bidez, adibidez. Gaur egun energiaren sorrera, enpresa gutxi batzuen eskuetan dago, eta honek espekulaziorako esparru zabala sortzen du. Gero eta eragile gehiago sartzen diren heinean, holako portamoldeak zailagoak izango dira. Eta azkenik, ezin dugu ahaztu trantsizio energetikoa bidezkoa izan behar duela, gizartean dauden desberdintasunak murriztuz. Adibidez, lanpostu batzuk desagertuko dira eta aldi berean lanpostu berriak sortu. Plangintza on bat eginik, langabezian gelditzeko arriskuan daudenak, lan esparru berrietara bideratu ditzakegu.
  2. Pobrezia energetikoarekiko borrokatu: pobrezia energetikoa, pobreziaren ikuspegi bat baino ez da. Momentuz, pobrezia energetikoa borrokatzeko aurrera eroan diren neurri nagusienak asistentzialak izan dira, fakturak murriztuz, edota zuzenean gastu energetikoak erakundeetatik ordainduz. Asistentzialetik haratago joan beharra dago, neurri estrukturalak aurrera eroanez: eraikinen birgaitze energetikoa edota autokontsumoa familia zaurgarrietara helarazi.
  3. Energia komunitateak bultzatu: ziurrenik, azken aldian trantsizio energetikoa bideratzeko neurririk interesgarri eta boteretsuena energia komunitateak dira. Hauek, parte hartzearen bidez antolatzen diren elkarteak dira, energia sistema eraldatzeko. Une honetan antolatzen hasi direneko komunitate gehienak, autokontsumo partekatu bat egiteko soilik egin dira, baina komunitate hauek sistema energetiko osoan eragiteko aukera daukate, modu partekatuan energia aurrezteko neurriak bultzatuz, mugikortasun sostengarria aurrera eroanez eta inguruan dauden familia zaurgarrien pobrezia energetikoa borrokatuz.

Negu gorrian murgilduta gaudelarik, unerik aproposena da energia sistemak dauzkan akats guztietaz ohartarazteko. Aprobetxa dezagun unea, sistema guztiz eraldatzeko eta benetan bidezkoa eta demokratikoa den energia sistema berri bat sortzeko.