’Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social’ da eraldaketa izugarriak izan dituen leku honetako bizitza aztertu duen liburuaren izenburua. Pirinioak itsaspean egon dira, baso tropikalez estalita, Sabana bezalako ingurune irekiez osatua edo izotzaz estalita glaziazioan
Mendebaldeko Pirinioetako bizitzaren 400 milioi urteko historia, liburu batean bildua
UPV/EHUko eta Ikerbasqueko ikertzailek espezieen bilakaera eta bilakaera geologikoa aztertu dute Pirinioetan eta Euskal Herrian
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/06/18
Fosilak haitzek gordetzen dituzten iraganeko bizitzaren aztarnak dira. Horiek guztiek Erregistro fosila osatzen dute. Mendebaldeko Pirinioak aniztasun geologiko eta paleontologiko handiko eremu bat osatzen dute eta ia 400 milioi urte dituzten fosilak aurki ditzakegu bertan. Euskal-Kantauriko eskualdean eta Pirinioetako beste leku batzuetan aztertutako fosilei esker egun ezezagunak zaizkigun iraganeko ekosistema eta ingurugiro ugari ezagutu ditugu.
’Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social’ izeneko liburuak Pirinioetako aberastasun geologiko eta fosila bildu du, ornodunena zein ornogabeena. Eskualdean bizi izan ziren koralak, krustazeoak, tiburoiak, dinosaurioak eta ugaztunak -Neanderthalak barne- protagonistetako batzuk dira. Eskualdeak 400 milioi urteren buruan pairatu dituen aldaketa handiak azaltzen ditu: itsaspean egon da, baso tropikalek hartuta, Sabana bezalako ingurune irekiez osatua edo izotzaz estalia glaziazioan.
Liburuaren irakurketak gaur egun lur idor eta mendikate bat den ingurune honetan orain dela 400 milioi urte zegoen itsasoaren eta faunaren inguruko informazioa eskaintzen du. Orain dela 140 eta 66 milioi urte bitartean krustazeo, hezurdun arrain, mosasaurio eta itsasoko beste narrasti batzuk hartzen zituzten itsaso kretazikoak azaltzen ditu. Dinosaurioen eta kokodriloak, dortokak, sugeak, muskerrak, narrasti hegalariak edo ugaztun txikiak bezalako espezieen aroa azaltzen du ere: orain dela 70 milioi urte bizi izan ziren egungo Vitoria-Gasteizetik kilometro gutxi batzuk hegorantz zegoen kostaldetik gertuko inguruetan. Kretaziko amaieran egondako desagertze masiboaren ostean, Eozenoko mundu tropikala deskribatzen da. Orduan, orain dela 42 milioi urte, sirenioak (“itsas behiak”) Iruña eta Ainsa artean zegoen itsaso piriniotar batean bizi ziren, Pirinioetako mendikatea altxatzen hasi zen, ugaztunak dibertsifikatu eta lur osoan zehar hedatzen hasi ziren. Bost milioi urte beranduago, orain dela 37 milioi urte, karraskariek, martsupialek, primateek, artiodaktiloek, perisodaktiloek eta karniboroek dortokak eta kokodriloak zituen laku baten ingurumariak okupatu zituzten. Goi eozenoa zen.
Baso tropikaletatik glaziaziora
Ondoren, klimaren hozte batek baso tropikalak desagerrarazi zituen eta Sabana moduko espazio irekiak sortu ziren. Kokodriloek, dortokek, errinozeroek, artiodaktiloek, arrainek, anfibioek hegaztiek eta mikrougaztun ugarik (saguzar, muxar, kastore, urtxintxa, intsektiboroak, etab.) Miozenoan zehar -orain dela 15 eta 20 milioi urte bitartean- Ebro arroa okupatzen zuen laku handia populatu zuten. Askoz ere beranduago, azken 500 mila urtetan, Kuaternarioko Euskal Herriko kobazuloetako eta leizetako aztarnen artean ugaztun ugari aurkitu dira: jaguar, lehoi, leopardo, sable horzdun tigre, hiena, orein, elur-orein, bisonte, sarrio, zaldi, errinozero eta mamutak, besteak beste. Halaber, azken glaziarren aldietako eta glaziarren arteko aldietako giza aztarnak aurkitu dira ere: Neanderthalak eta gure arbaso izan ziren Cro-Magnongo gizakiak. Aipatuek, animalia basatiak marraztu zituzten kobazuloetako hormetan: oreinak, bisonteak eta zaldiak, gehienbat.
Paleontologiaren hedatzeari eta ondare paleontologikoaren babesari buruzko gaiak ere aztertzen ditu liburuak. Atal honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan interes paleontologikoa duten Geologia Interesdun Lekuen Inbentarioa lantzen da, bai eta Geoparkea bezalako gure inguruko zentro ezberdinek paleontologiari ematen dioten tratamendua eta difusioa ere.
Liburuan 40 egilek baino gehiagok parte hartu dute, geologian, paleontologian eta geokontserbazioan aditu diren Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko, beste ikerketa-zentro batzuetako eta Eusko Jaurlaritzako adituak barne. Lana, ondorioz, funtsezko erreminta da Geologia, Biologia eta Historia graduetako eta masterretako ikasleentzat, bai eta unibertsitateko eta bigarren hezkuntzako irakasleentzat ere. Halaber, dibulgazio handiko liburu bat da, Paleontologian interesatuta dauden pertsona guztiei zuzendua.
Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza Etxebizitza Sailak liburua argitaratzeko eman duten babesaz gain, beste erakunde eta talde batzuek liburuaren hedatzean parte hartu dute: Geoparkeak, Edestiaurre Arkeologia Elkarteak eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak.
Erreferentzia bibliografikoa
- Registro fósil de los Pirineos occidentales. Bienes de interés paleontológico y geológico. Proyección social
- Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Vitoria-Gasteiz,