euskaraespañol

Eguneko irudia

Memoria, betiko ahaztua hezkuntzan

UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako jardunaldi batean, Joaquín Morís psikologoak esan du “ezagutza finkatzeko, memoria erabili behar dela”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/20

Joaquin Molins. (Argazkia: Mikel Mtz. de la Fuente. UPV/EHU)

UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak antolatutako hezkuntzari buruzko azken topaketan, Joaquín Morís Oviedoko Unibertsitateko psikologiako irakasleak memoria bizitzarako ezinbesteko tresna dela defendatu zuen: “Ebakuntza mahaian pentsaezina izango litzateke zera esatea: egon pixka batean, Googlen begiratzera noa eta; ez dut gogoratzen nola egin behar den”.

Las pruebas de la Educación’ jardunaldian, Joaquin Morís psikologoak eskolan epe luzerako ikaskuntza sendotzeko estrategia errazak eta eraginkorrak (Bideoa, 31:05) aipatu zituen. Berak Campusari esan bezala, “ikaskuntza sakonerako, gaia ulertu eta aditzeaz gainera, memoriaren sistemak praktika eta errepikapena ere behar ditu, ezagutza gure garunean barneratu eta finkatzeko”.

Ikaskuntza azkarra eta erraza bada, honako okerreko ondorio honetara iristen gara: “ongi egitean, ikasten ari naiz –dio Morísek–. Arintasunaren ilusioa da, dagoeneko ahaztuko ez dudala sinestarazten diguna. Hala ere, ikasleak egiten duen --‘dagoeneko ez dut gogoratzen’-- ohiko kexak erakusten du ikaskuntza orok behar duela geldoago joan, urrun iristeko. Nahiz eta lehen dena doala txarrago unean ematen duen, etorkizunerako oinarri irmoak jartzen ari gara”.

Galdera bat egiteko aukera dagoelako ikasleak erne izateak ezagutza barneratzen laguntzen du. Baina ikasgelan, irakasleek ere jakin behar dute lan memoria mugatua dela, eta hiru edo lau elementu berri baino ez dituela onartzen. “Haratago joateak ez du azkarrago ikastea bermatzen”, esan du irakasleak.

Informazioa neurtu egin behar da; izan ere, ikasleentzat berria da eta automatizatu eta barneratu egin behar du. “Garrantzitsua da kontziente izatea ‘adituaren itsutasuna’ gerta daitekeela.  Guri erraza iruditzen zaiguna, dagoeneko ezagutzen dugulako eta zaila ez delako, hasiberriari zaila iruditzen zaio. Irakastean, beraz, planifikatu eta urratsez urrats joan behar da”.

Esperimentatzea eta automatizatzea bi tresna egoki dira, ikasgeletan eguneroko jardunean aplikatzeko. Joaquin Morísek berriz ere esan du “ikaskuntza orok behar duela memoria, eta prozesuan ahalegina egin behar bada, oroitzapena hobetu egingo dela epe luzera”. Psikologoak memoriaren eginkizuna defendatzen du daukan garrantzia ukatzen duten eta beste zenbait kontzepturekin, besteak beste, trebetasun edo ulermen kontzeptuekin, ordezkatzen dituzten beste joera batzuen aurrean. “Ikerketak erakusten digu definizioz dena ikasi behar dela buruz, bestela desagertu egingo delako”.