euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, zazpigarrena BAME azterketaren postu onenen zerrendan

2024ko BAME azterketaren emaitzek erakusten dutenez, hautagaien % 100ek gainditu dute gutxieneko nota, eta ia erdiek lortu dute postuen % 27 onenen artean sailkatzea

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2024/05/31

Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Osasun Ministerioak argitaratutako txosten baten arabera, 2024ko BAME azterketan eskuratutako posturik onenen zerrendan dauden 41 unibertsitateen artetik (Espainiakoak, Europar Batasunekoak eta batasunetik kanpokoak) zazpigarren postua eskuratu dute Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako Graduko ikasleek. Azken BAME probara (2024) aurkeztu ziren UPV/EHUko graduatuen % 48,01 “talde indartsua” izenekoan sailkatu dira; hau da, emaitza orokor onenen % 27aren barruan (73 pertzentila). Bi urteak (2023 eta 2024) elkarrekin baloratuz gero, fakultate guztien TOP73 zerrendako lehenengo hiruren artean kokatzen da UPV/EHU. Gainera, edizio honetako emaitzek erakusten dutenez, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea ‘hautagaiaren batez besteko profilaren’(27 pertzentila) zerrendako bigarren fakultaterik onena da.

Bestetik, datu esanguratsua da 2024ko BAME azterketa egin duten UPV/EHUko 249 ikasleek azterketa gainditu dutela. Guztira 12.721 ikasle aurkeztu ziren 2024ko BAME azterketara, horietatik % 92,4k gainditu zuten gutxieneko nota, eta gainditu zutenen % 72,5i esleitu zieten plaza bat.

Joseba Pineda Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoaren arabera, “emaitza bikainak dira, eta unibertsitate publikoak bikaintasun akademikoarekin eta gizartearen osasun arretarako trebeak diren profesionalen prestakuntzarekin duen konpromisoa baieztatzen dute”. Haren hitzetan, “emaitzak bikainak direla esan daiteke, bai banaketa orokorrari dagokionez, bai ausazko banaketa baterako ‘espero’ daitezkeen posizioen oso gainetik egoteko joerari dagokionez. Zifra horiek promozio oso baten joera erakusten dute, eta ez ikasle talde batena bakarrik”.

Amaitzeko, Joseba Pinedak zoriondu egin ditu “emaitza horiek lortzen lagundu duten unibertsitateko kide guztiak, bai irakaskuntzan lan egiten dutenak, bai kudeaketan lan egiten dutenak”.