Irrati-maiztasunen iturrietatik eratorritako igorpenak zenbatekoak diren eta haurrak zein esposizio-mailatan kokatzen diren aztertu dute neurketa pertsonal eta puntualen bidez. Environment International aldizkarian argitaratu dute UPV/EHUko eta Biodonostiako ikertzaileek nazioarteko erakundeekin elkarlanean egindako lana.
Irrati-maiztasunekiko haurren esposizio-maila neurtzeko bi metodologia alderatu dituzte
Neurketa puntualen bidez esposizio pertsonala zenbatetsi daitekeela ondorioztatu dute UPV/EHUn egindako ikerketa batean
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/08/01
Irrati-maiztasuneko iturrien erabilera oso zabalduta dago: telefono mugikorrak, wifia, bluetootha, telefono-, irrati- eta telebista-antenak… Iturri horietatik datozen igorpenek gomendatutako balioak betetzen dituzten edo ez aztertzeko erabil daitekeen informazioa badago. Gizabanakoen, eta bereziki haurren, esposizioari buruzko informazioa, berriz, urria da oraindik, eta adituen artean iritzi kontrajarriak daude umeengan izan dezaketen eraginen gainean. Nolanahi ere, “haurren esposizio-maila egoki aztertzea ezinbestekoa da ikerketa epidemiologikoak egin ahal izateko, eta horretarako metodologia optimizatzea funtsezkoa da”, azaldu du Mara Gallastegi Bilbao, UPV/EHUn tesia egin duen Biodonostiako ikertzaileak eta azterketaren egileak.
Horren harira, lan honek helburu hirukoitza du: batetik, 8 urteko haurren irrati-maiztasunekiko esposizioa neurketa puntualen eta neurketa pertsonalen bidez aztertzea; bestetik, esposizio totalean ekarpen handiena egiten duten leku eta iturriak identifikatzea; eta azkenik, neurketa puntualen bidez egindako balioespenek neurketa pertsonalak ordezkatzeko balio ote duten edo ez ikustea.
Metodologien konparaketa egin ahal izateko, neurketa pertsonalak eta puntualak egin dira lan honetan. “Azken urteotan banakako neurketa pertsonalak areagotu egin dira. Neurketa horiek norbanakoari buruzko informazio pertsonalizatua eskaintzen dute, parte-hartzaileek aparatu bat baitaramate soinean, esposizio hori zenbatekoa den neurtzeko. Neurketa pertsonalizatu horiek diru eta denbora aldetik esfortzu handia eskatzen dute”, zehaztu du Gallastegik. Gainera, “zenbait desabantaila ere badituzte —gehitu du ikertzaileak—, aparatua bera soinean eramateak ez baitu uzten neurketak behar bezala egiten. Pantaila-efektua dela eta, gorputzak berak esposizioa arindu egiten du, eta horrenbestez, lortutako balioak ez dira erabat fidagarriak”. Horrez gain, “parte-hartzaileen portaera aldatu egiten da aparatua soinean daramatenean, nolabait ikertuak sentitzen direlako”, dio ikertzaileak. Edozelan ere, “hiru egunez neurketa pertsonalak egin ditugu 50 umez osaturiko lagin txiki batean”, gehitu du.
“Neurketa puntualak, berriz, umeek egunerokoan denbora gehien igarotzen duten inguruneetan egin dira, hau da, etxeetan, eskoletan eta parkeetan. Bertan ematen dituzten orduak eta esposizio-mailak kontuan izanda, denboran batezbesteko haztatu (ingelesez time weighted average, TWA) ezberdinak kalkulatu dira”, adierazi du Mara Gallastegi Bilbao, lanaren egileak. Batezbesteko haztatuak datuei pisu ezberdina ematen dieten batezbestekoak dira. “104 haurren azterketa egin da, iturri ezberdinen ekarpena bereizita aztertzeko aukera ematen duen neurgailu baten bidez. Izan ere, denbora gutxiago eskatzen dute eta ez dute pantaila-efektuaren eraginik nabaritzen”, gehitu du.
Gallastegiren esanean, “lehenengo aldia da bi metodologiak alderatzen direna, alegia, umeek denbora gehien igarotzen duten lekuetan neurketa puntualak egiteaz gainera lagin txikiago batean neurketa pertsonalak ere egiten direna”.
“Neurketa pertsonal eta puntualen bidez egindako neurketen balio absolutuetan zenbait ezberdintasun agertu badira ere —dio Gallastegik—, haurrak bi metodologia horien bidez lortutako esposizioaren araberako kategorietan sailkatzerakoan ez da alderik ikusi”. “Azterketa epidemiologikoak egiteko ez dugu horrenbeste zehatz-mehatz jakin nahi zenbatekoa den esposizioa baizik eta ume horiek esposizio-maila baxuan, ertainean edo altuan non kokatzen diren ezagutzea interesatzen zaigu, sailkapen desegokiak interpretazio akatsak ekarri baititzake”, gehitu du ikertzaileak. Horrenbestez, “neurketa puntualetan oinarritutako esposizioaren neurketak baliagarriak izan daitezke haurrak esposizioaren araberako kategorietan sailkatzeko, betiere haur horiek denbora gehien ematen duten inguruneak aztertzen badira eta kontuan izanda ikergai diren haurrek ez dutela telefono mugikorra erregulartasunez erabiltzen”, ondorioztatu du Mara Gallastegi Bilbaok.
Informazio osagarria
INMA (Haurtzaroa eta Ingurumena; www.proyectoinma.org) proiektuan parte hartzen duten Gipuzkoako ikertzaileak aritu dira batik bat ikerketa honetan. Hala ere, hainbat erakunderekin elkarlanean egindako ikerketa bat izan da: Biodonostia Osasun Ikerketa Institutua, UPV/EHUko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa eta Komunikazioen Ingeniaritza sailak eta Gipuzkoako Osasun Publiko eta Adikizioen zuzendariordetza. Horiez gain, Bartzelonako ISGlobal, Holandako IRAS (Institute for Risk Assessment Sciences) eta Suitzako TPH (Swiss Tropical and Public Health Institute) ikerketa-zentroek ere hartu dute parte ikerketan.Erreferentzia bibliografikoa
- Children´s exposure assessment of radiofrequency fields: Comparison between spot and personal measurements
- Environment International (2018)
- DOI: 10.1016/j.envint.2018.05.028