Artatu gabeko gaitz tropikaletarako sendagaiak era masiboan ematearen ondoriozko ingurumen kutsadura kontuan hartzeko unea iritsi da?
Gorka Orive eta Unax Lertxundi ikertzaileek gaiari buruz idatzitako eskutitz bat argitaratu du The Lancet aldizkariak
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2020/04/20
The Lancet aldizkari ospetsuak Gorka Oriveren eta Unax Lertxundiren «Mass drug administration: time to consider drug pollution?» izeneko gutuna argitaratu du, zeinen arabera oraingoz ez baitira behar adina kontuan hartu alderdi ekotoxikologikoak. «Zuhurtzia eskatzen dugu populazio batzuetan osasun emaitza onena lortzeko sendagaiak era masiboan emateko garaian, kontuan hartu behar baita pertsonak, sendagaiak, animaliak, landareak eta horiek guztiek partekatzen duten ingurunea elkarri lotuta daudela».
Osasunaren Mundu Erakundeak sendagaiak era masiboan emateko gomendatzen du artatu gabeko gaitz tropikal asko kontrolatzeko edo desagerrarazteko, ondorio suntsitzaileak baitituzte halakoek mundu osoan. Eremu geografiko bateko pertsona guzti-guztiei –nola gaitza dutenei hala ez dutenei– gutxi gorabehera aldi berean tratamendua ematean datzan ikuspegi estrategiko horrek onura eztabaidaezinak izan ditu. 2017an –datu osatu eskuragarriak dauden azken urtean–, 1.700 milioi tratamendu baino gehiago eman zitzaizkien mila milioi pertzonari baino gehiagori (batik bat, albendazola, mebendazola, ibermektina, azitromizina eta prazikuantela). Estrategia kimioprebentibo hori ez da halako gaitzetara mugatzen, beste gaitz garrantzitsu batzuei ere aplikatzen baitzaie, esaterako, malaria falciparum mikrobioak eragindakoari.
Produktu farmazeutikoek eragindako kutsaduraren gaineko kezka gero eta zabalduago dago, eta oinarri sendoko ebidentzia dago ingurumenari, are giza osasunari ere, dakarzkion arriskuez. Orain dela gutxiko ikerketa baten arabera, ibermektinak (sendagai horren milioika dosi eman dira onkozerkosia eta filariasi linfatikoa tratatzeko) kakalardo pilotagilearen aniztasuna, lurzoruaren propietateak eta ekosistemaren funtzionamendua eraldatzen ditu. Azitromizina –trakomaren aurka erabiltzen den medikamendu bat–, esaterako, Europar Batasuneko gainazaleko uretan behatu beharreko substantzien zaintza zerrendan –orain dela gutxi eguneratutakoan– dago gaur egun, sendagaien aurrean erresistenteak diren bakterioak sortzeko arriskua dakarrelako. Eta kanpaina horietan erabiltzen diren beste sendagai batzuek –prazikuantelak, kasu– izan ditzaketen ingurumen arriskuak erabat ezezagunak dira.
Gutunean, aipatutako ikertzaileek aldi berean milaka edota milioika medikamendu dosi ematean oinarrituriko medikazio masiboko programak garrantzitsuak direla berresten dute, baina, euren ustean, programa horien alderdi ekotoxikologikoak ez dira behar adina aztertu egundaino. «Argi dugu zainketa ekofarmakologikoko alderdi horiek kontuan hartu beharko direla etorkizunean, Nazio Batuek ezarritako garapen jasangarriko helburuak arriskuan ez jartzeko. Funtsean, zuhurtzia eskatzen dugu halako ekintzen bidez osasunean emaitza onena lortu nahi denean, pertsonen, sendagaien, animalien, landareen eta horiek guztiek partekatzen duten ingurunearen arteko lotura dela eta».
Informazio osagarria
Gorka Orive Farmazia Fakultateko irakaslea da eta UPV/EHUren Farmazia eta Farmazia Teknologiako Laborategiko NanoBioCel ikertaldeko kidea da. Talde hori, aldi berean, Ciber-BBN (Bioingeniaritza, Biomaterial eta Nanomedikuntzako Sareko Ikerketa Biomedikorako Zentroa) plataformako kidea da. Unax Lertxundik Arabako Ospitale Psikiatrikoko Farmazia Zerbitzuan egiten du lan eta Biocruces Bizkaia Institutuko Farmakoterapia: sendagaien erabilera eraginkorra, segurua eta arrazionala ikerketa taldeko kidea da.
Erreferentzia bibliografikoa
- Mass drug administration: time to consider drug pollution?
- The Lancet, Correspondence| Volume 395, ISSUE 10230, P1112-1113, April 04, 2020
- DOI: 10.1016/S0140-6736(20)30053-2