euskaraespañol

Eguneko irudia

Martxoaren 3a, Basabizitzaren Mundu Eguna

Bilboko Europa Parkeko urmaela, hiri ingurunean egindako naturalizazio eredua

UPV/EHUk, Ingurugelak eta Bilboko Udalak ahaleginak batu dituzte hirian basabizitza berreskuratzea

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/28

Europa Parkea 107.000 m2-ko atseden eremu bat da. (Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Hiria naturalizatzea lagungarria da bizi kalitatea hobetzeko, atmosferaren kutsadura ezabatzeko eta bero uhartearen eraginak murrizteko. Gainera, buruko osasuna hobetzen laguntzen du, aisialdirako lekuak eta kultura zerbitzuak eskaintzen ditu, eta, era berean, hiri bat mantentzearen kostu ekonomikoak murriztea eragin dezake”. Hiri ingurunean basabizitza berreskuratzearen alde mintzatzean, onura horiek aipatzen ditu Leire Méndezek, Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UPV/EHUko UNESCOren Katedrako ikertzaileak.

Unescok martxoaren 3an ospatzen du Basabizitzaren Mundu Eguna. Egun horren helburuetako bat da biodibertsitatearen galera gelditzeko beharrari buruz kontzientziatzea. Arlo horretan, hiri parkeak funtsezko tresna dira ingurumen hezkuntza sustatzeko eta naturak hiri ingurunean duen presentzia indartzeko. Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UPV/EHUko UNESCOren ikertzaile Méndezek adierazten duen moduan, “hiri baten azpiegitura grisa naturarekin konbinatzen denean, ingurumen kalitatea hobe daiteke, biodibertsitatea erakar daiteke edo pertsonek naturarekin duten harremana susta daiteke”.

Bilbon, Europa Parkearen naturalizazioa aukera paregabea izan da helburu horiek betetzeko. Bilboko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UPV/EHUren UNESCO Katedrak, eta Ingurugelak, ahaleginak batu dituzte Europa Parkeko urmaela naturalizatzeko —parke hori Txurdinaga, Santutxu eta Otxarkoaga auzoetako uharte berdea da—.“Sail horretan, hiriko parkeak ezinbesteko tresnak dira ingurumen hezkuntza bultzatzeko eta hirietan naturaren garrantzia sustatzeko”, esan duAlfonso Gilek, Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkaria.

Europa Parkea 107.000 m2-ko atseden eremu bat da, 1988. urtean inauguratu zutena. “Ahalmen handiko espazioa da hezeguneak sortzeko, hegaztiak ikusteko, tximeletak eta bestelako intsektu polinizatzaileak behatzeko, hala nola erleak, eta hiri ingurumena hobetzeko”, azaldu du Leire Méndezek. Parkeak ia 700 m2-ko urmaela du, eta berdegunearen gune nagusia da.

Europa Parkeko ekologia ikasgela

Unibertsitateak eta Udalak duela bi urte bere gain hartu zuten Bilboko 53 ikastetxetako ikasleek, Tokiko eta Eskolako Agenda 21aren Ingurumen Hezkuntzako programaren barruan, proposatutako erronka. Hiriko ikasleek eskatu zuten parkeko urmaelean igelak eta apoak egotea, hau da, desagertzeko arriskuan dauden anfibioak edukitzea. “Horrenbestez, helburua izan zen basa hegaztientzat eta anfibioentzat habitat egokia izango zen urmaela sortzea eta, aldi berean, naturan hezkuntzarako laborategi bat sortzea”, zehaztu du Leire Méndezek. Hartara, hirian biodibertsitatea gehitzeko aukera ematen duen eredura hurbiltzen da parkea.

Parkeko hezegunea naturalizatu denetik, hezegunearen biodibertsitatea pixkanaka hazi da. Aldaketa horri esker, Bilboko ikasleek zenbait espezietako hegaztiak ikusteko aukera dute (zozoak, txolarreak, txantxangorriak, txinbo kaskabeltzak, birigarroak, buztanluzeak, lezkariak, txontak), baita anfibioak (txantxiku arruntak), narrastiak (sugandilak) eta intsektuak (burruntziak edo txitxi-burruntziak) ere.

Begiztatze horiek Eskolako Agenda 21 programaren esparruan izan dira, betiere udazkenean, neguan eta udaberrian antolatzen diren lantegietan. Aire zabaleko ekologia ikasgelarekiko hurrengo hitzordua apirilean izango da. Begiztatzeez gain, parkeko landaredia ezagutzeko jarduerak eta naturak hezegunean eta haren ingurunean eskaintzen dituen onurak jakiteko jarduerak garatuko dira ikasgela horietan.

Lotzen diren albisteak

Ingurumen ondarearen ebaluazioa
UNESCO katedrak: unibertsitate solidarioen sareak