euskaraespañol

Eguneko irudia

Marta Aparicio, Medikuntzako ikaslea, Ekinduz 2020 saria

121 ikaslek parte hartu dute UPV/EHUko 'ekintzailetzaren tribialaren' ezohiko edizio honetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/27

Ekinduz 2020 finalistak. Argazkia: Zitek. UPV/EHU.

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko ikastegi guztietako ikaslek-48 gizon eta 73 emakume- parte hartu dute Ekinduzen IV. edizioan. Ekimenak campusean kultura ekintzailea bultzatzea du helburu, esperientzia paregabe baten bidez ikasleei enpresak sortzeari lotutako gaiei buruzko prestakuntza emanez, modu ludiko eta entretenigarrian.

Jarduera nagusia online egin zen martxoan zehar eta aurrez-aurreko finala uztailaren 7an BEAZen egoitzan. Lehiaketa gogor baten ondoren, sariak honela banatu ziren:

  • Lehen saria: Marta Aparicio (1.000 euro)
  • Bigarren saria: Jon Fernández (500 euro)
  • Hirugarren saria: Alba Lorenzo (300 euro)
  • Laugarren saria: Iker Sanzo (150 euro)
  • Bosgarren saria: Sarai Cortajarena (150 euro)

Marta Apariciok, EHUko Medikuntzako azken mailako ikasleak, irabazi du Ekinduzen IV. edizio hau. Esperientziaren ondorioz, dio, ekintzailetzaren munduan interes handiagoa duela eta bere karrerakoak ez diren beste jakinmin batzuk landu ahal izan dituela. "Nik ez nuen inoiz ekonomia ikasi eta oso berde ikusten nintzen, beraz, finala prestatzeko lagun bati apunteak eskatu eta nire kabuz ikertu nuen", adierazi du.

Ekinduz 2020 hiru fasetan egon da banatuta. Enpresa mota bati (autonomo, mikroETE, ETE edo multinazional) dagokion abatar bat aukeratu ondoren, ikasleak taula batean murgiltzen dira. Taularen laukiak 5 galdera-kategoriatan daude banatuta (azpiegiturak, pertsonala, finantziazioa, kanpo-faktoreak eta ukiezinak) eta horiek 3 azpikategoriatan. Partida irabazteko azpikategoria bakoitzeko galdera bat asmatu behar dute.

Behin lehen fasea  gaindituta, ikasle irabazleek jolasaren bigarren fasera igaro daitezke. Fase hori hautatutako enpresen garapen-mailei dagokie. Parte-hartzaileek 50 ekintza kokatu behar dituzte enpresaren garapen-mailarekin lotuta dauden 4 ataletan. Behar bezala sartutako ekintza bakoitzak puntuak batzen ditu. Galderak amaitutakoan, puntuazio altuena duten 5 jokalariak taula fisiko batean jokatzen den finalera pasatzen dira, lehen fasearen antzera.