Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarraren martxoaren 8ko manifestua
Lehenengo argitaratze data: 2018/03/06
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, EUEBk- Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarrak (Espainiako unibertsitate publikoak eta pribatuak biltzen ditu) argitara eman nahi du bere gizarte konpromisoa unibertsitatean lanean jarraitzeko gizonen eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasunaren alde.
Estatuko unibertsitate guztien printzipio nagusiak dira giza eskubideen errespetua bultzatzea, gizarte erantzukizuna eta lan egitea bai berdintasun printzipioen alde, bai sexu arrazoiengatik diskriminaziorik ez izatearen alde.
Horrela, bada, adierazi nahi dugu sendo jarraituko dugula lanean gure unibertsitateetan oraindik ere benetako genero berdintasuna eta efektiboa eragozten duten oztopoak ezabatzeko, gobernu organoetan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko eta ikusgarriago egiteko emakumeek zientziari egindako ekarpenak. Ere berean, berretsi egin nahi dugu gure konpromisoa erabat ezabatzeko edozelako genero bortizkeria, eta aurrera egiteko lana eta bizitza pertsonala bateratzeko zereginean. Unibertsitateak gizarte justiziaren bultzatzaile izan behar dira eta genero ikuspegia arlo guztietan ezarri: gestioan, irakaslanean eta ikerketan.
Funtsezkoa izan da unibertsitateek egindako ekarpena emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna lortzearen alde, baina oraindik ere badugu biderik urratseko. Hortaz, aitortu beharra dago Estatuko unibertsitateetako genero berdintasuneko atalek egiten duten lana, lan hori ezinbestekoa izan baita gure unibertsitateetako bizitzan genero ikuspegia txertatzeko oinarri hartuta atal horiek diseinatutako emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunerako planak edo arlo akademikoan gertatzen diren sexu jazarpen eta sexisten aurrean jarduteko protokoloak.
Aurrerapauso handiak eman ditugu, baina berdintasun efektiboa benetakoa izatetik urrun gaude. Genero desoreka nabarmena da ikerketaren eta irakaskuntzaren arloko karreran (gaur egun bost katedradunetik bat baino ez da emakumezkoa), eta gauza bera unibertsitateko organoetan (oso gutxi dira emakumezko dekanoak edo zuzendariak edo errektoreak).
Horregatik guztiagatik, uste dugu beharrezkoa dela unibertsitateko gobernuek beren konpromisoa berritzea genero berdintasuna lehentasun estrategikotzat hartzeko. Kalitatea eta bikaintasuna genero ikuspegiaren eskutik joan behar dira. Unibertsitatea kultura sortzaile eta hedatzaile da, baina, era berean, gizarte erantzukizunaren arloko eskakizunei ere aurre egin behar die. Horixe da unibertsitateon betebeharra: buru izan behar gara gizarte erantzukizunaren arloko balioen defentsan eta desparekotasunak salatzean.