euskaraespañol

Maialen Sebastianek, Cajal Katedraren laguntzen saridunak, bere ikerketa proiektua aurkeztu du UPV/EHUn eginiko ekitaldi batean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/06/27

Cajal Katedraren laguntzen saridunak
Ezkerretik eskuinera: Ainara Castellanos-Rubio, Santiago Ramón y Cajal Agüeras, Inmaculada Arostegi, Carmen González Madrid, Maialen Sebastian eta Izortze Santin. | Argazkia: UPV/EHU

Maialen Sebastian doktorearen “La memoria del ARN: Epitranscriptómica como nexo entre infecciones virales y autoinmunidad” izeneko ikerketa proiektua aurkeztu da, Cajal Katedra Ikerketa Laguntzek saritutako lanetako bat, UPV/EHUn garatuko dena.

Zaragozako Unibertsitateko Santiago Ramón y Cajal Katedra sortu zen lankidetzan Merck Salud Fundazioarekin, Hospital Universitari Vall d´Hebroneko fundazioarekin eta Espainiako Anatomia Patologikoko Sozietatearekin. Katedraren jardueratako bat da urtero Ikerketarako Laguntzen deialdia egitea. Hori horrela, haren lehen edizioan saritutako proiektuetako bat aurkeztu da: Maialen Sebastian doktorea buru duen “La memoria del ARN: Epitranscriptómica como nexo entre infecciones virales y autoinmunidad”.

Proiektua UPV/EHUn garatuko da; zehazki, FunImmune laborategian, bi doktorek zuzentzen dutena: Ainara Castellanos-Rubio, Ikerbasque Associate Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Sailean, eta Izortze Santin, Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakasle agregatua. UPV/EHUren Leioa-Erandio eremuan hainbat ikertalde ari dira lanean, ikerketa lerro ugaritan. UPV/EHU unibertsitate publiko bat da, ikertzailea, jakintza sortzearen eta gizarteratzearen aldeko apustua egiten duena, nazioartekotze prozesu sendo baten baitan, bateragarria euskal kulturarekiko duen lotura estuarekin.

Maialen Sebastianek bere ikerketa proiektua aurkeztu du, alboan zituela Santiago Ramón y Cajal Agüeras, Nobel saridunaren birbiloba txikia, Anatomia Patologikoko katedraduna eta Espainiako Medikuntzako Errege Akademia Nazionaleko kidea, Carmen González Madrid, Merck Salud Fundazioko eta Batzorde Mistoko presidentea, eta Erakunde Eratzaileetako eta unibertsitateko ordezkariak. Inmaculada Arostegi UPV/EHUko Ikerketaren arloko errektoreordeak egin ditu ongietorri hitzak, eta ekitaldia ixteaz arduratu da Ainara Castellanos-Rubio doktorea, Ikerbasque Associate eta taldeko ikertzaile nagusia. Cajal Katedra sortzeko arrazoi nagusia izan zen alor biomedikoko ideia disruptiboenak eta berritzaileenak dituzten ikertzaileei laguntzea, ikuspegi finantzario, logistiko eta pertsonaletik.

Maialen Sebastian eta haren proiektua

Maialen Sebastianek duela gutxi amaitu ditu Biologia Molekularreko eta Biomedikuntzako doktorego ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktoregoa egin aurretik, Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua egin zuen UPV/EHUn, eta Immunologia Masterra, Madrilgo Complutense Unibertsitatean (UCM). Doktorego tesian, hainbat proiektutan lan egin du; besteak beste, metodo diagnostiko ez-inbaditzaileen garapena gaixotasun zeliakoaren eta esofagitis eosinofilikoaren tratamenduan. Azken lan horretatik, Europako patente bat sortu zen. Gainera, aztergai izan du ere infekzio biralen eta gaixotasun zeliakoaren arteko lotura.

“La memoria del ARN: Epitranscriptómica como nexo entre infecciones virales y autoinmunidad” izeneko proiektua bi urtez garatuko da Maria Goyri Zentro Bioteknologikoan dagoen Funlmmune laborategian, UPV/EHUren Bizkaiko Campusean. Proiektuaren helburua da aztertzea gaixotasun autoimmuneen, infekzio biralen eta RNAren aldaketen arteko erlazioa. Infekzio biralek RNAn arrastoa utz dezaketela abiapuntutzat harturik, Sebastian doktoreak ikertuko du nola laguntzen duten gaixotasun autoimmuneen garapenean.