euskaraespañol

Eguneko irudia

Low cost teknologia berria, droneen arteko talkak saihesteko

UPV/EHUko Adimen Konputazionala Taldeak low cost teknologia bat garatu du, aireko robot guztietan erabiltzeko modukoa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/07/30

Julian Estevez
Julián Estévez Sanz Ingeniaritza Informatikoko doktorea da. | Argazkia: Jorge Navarro, Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Julián Estévez ikertzaileak nabigazio autonomoko teknologia bat garatu du, kostu txikikoa, bi dronek edo gehiagok ez dezaten talka egin elkarren kontra airean doazenean; horretarako, barneko kamerak eta sentsoreak baino ez ditu erabiltzen. Emaitza positiboak eta itxaropentsuak lortu ditu.

UPV/EHUko Adimen Konputazionala Taldeak zenbait dronerekin eginiko ikerketa batekin egiaztatu dutenez, “kostu apaleko teknologia da, baina garatu dugun soluzioa arrakastaz baliozkotu dute drone komertzialetan”. “Kostu txikiko ekipo sinple bat eta ikusmen artifizialean oinarritutako algoritmo bat erabiliz, teknologia sendo bat garatu dugu droneen arteko talka behar bezala saihesteko, koloreak identifikatzean oinarrituta. Teknologia hori erraz estrapola daiteke aireko robot komertzial eta ikerketa-robot gehienetara, eta, horretaz gainera, soluzioaren software-kode osoa ematen dugu”, adierazi du Julián Estévez Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.

Ezagutzen ditugun drone gehienak tripulatuak dira, baita operadorearen bistatik aldenduta daudenean ere. Drone batek, erabat autonomoa izan dadin, gai izan behar du hegaldi-erabakiak bere kabuz hartzeko, gizakiaren esku-hartzerik gabe; hau da, bakarrik erabaki behar du nola saihestu talkak, nola mantendu norabideak haize-boladak direnean, nola kontrolatu hegaldi-abiadura, zer egin eraikinak eta zuhaitzak saihesteko...

“Lan hau urrats txiki bat da nabigazio erabat autonomorantz —gizakiaren inolako esku-hartzerik gabe—, droneek beren kabuz erabaki dezaten zer maniobra egin, zer norabide hartu eta, hala, zer egin haien arteko talkak edo aireko beste oztopo batzuk saihesteko. Onartzen badugu etorkizunean gure aire-espazioan askoz ere drone gehiago izango direla merkataritza-zerbitzuak eskaintzen, gure lana ekarpen txiki bat da norabide horretan”, adierazi du Julián Estévezek.

Ikerketaren egileak azaldu duenez, “talkak saihesteko gure proposamenak ez du eskatzen droneek elkarren artean informazioa trukatzea; horren ordez, barneko kamerak eta sentsoreak baino ez dituzte erabiltzen”. “Droneen barneko kameraren seinalea lortzen dugu, eta, irudiak prozesatuz, doitu egiten ditugu roboten erreakzioak, emeki eta zehaztasun handiz hegan egin dezaten”, gaineratu du Estévezek.

Esperimentuetan droneen baldintza errealistak imitatzen saiatu dira, hau da, ohiko hiri-eremu batean gerta daitezkeen agertokiak, kontrolatu gabeko argiztapen-baldintzak, hainbat norabidetan hegan doazen droneak eta abar. Beraz, eginiko ekarpenak mundu errealeko aplikazioetara bideratuta daude, hasierako lanak laborategian eginak izan arren.

Kolorean oinarritutako algoritmoak

“Drone bakoitzari txartel gorri bat ipini diogu, softwarearen algoritmoak gerturatzen ari den drone bat detektatzeko eta haren hurbiltasuna neurtzeko”, azaldu du Julián Estévezek. “Gure proposamena —jarraitu du ikertzaileak— oso erraza da: drone bakoitzak kamera bat darama barnean, eta pantaila bi zatitan banatuta dago (ezkerrekoa eta eskuinekoa). Kamera horrek lehen adierazi ditugun txartelen kolore gorria bilatzen du une oro. Irudi-prozesamendu sinpleen bidez, jakin dezakegu kameraren zer portzentaje hartzen duen kolore gorriak, eta, hala, eremu gorri horren zatirik handiena pantailaren ezkerraldean edo eskuinaldean dagoen zehazten da. Eremu gorria gehienbat pantailaren ezkerraldean badago, dronea eskuinerantz joango da hegan, talka ez egiteko. Eremu gorria eskuinean badago, berriz, ezkerrerantz egingo du. Airean dauden drone guztiek gauza bera egingo dute”.

“Gainera, pantailako kolore gorriaren ehunekoa handitzeak esan nahi du droneak aurrez aurre ari direla hurbiltzen. Beraz, atalase bat gainditzean, robotak jakingo du ihes-maniobra egin behar duela. Hori guztia modu autonomoan gertatzen da, giza operadoreak esku hartu gabe. Modu erraza da talkak saihesteko, sentsoreen eta ekipamenduaren bidez egin daiteke, eta low cost, gainera!”, azpimarratu du Julián Estévezek. Antzeko zerbait gertatzen da pertsona bat kaletik oinez doanean eta norbait ezkerretik hurbiltzen zaiola ikusten duenean; kasu horretan, pertsona eskuinerantz erretiratzen saiatzen da, elkarren kontra ez jotzeko.

Informazio osagarria

Julián Estévez Sanz Ingeniaritza Informatikoko doktorea da. Irakasle dihardu Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Mekanikoko Sailean, eta UPV/EHUko Adimen Konputazionala Taldeko ikertzailea da. Horretaz gainera, zientzia dibulgatzen du bere https://jeibros.blogspot.com blogean.

Erreferentzia bibliografikoa