euskaraespañol

Idoia Camacho Markina

Komunikabideek lodifobia areagotu edo murriztu dezakete

Bozeramaileen Prestakuntzako eta Kazetaritza Espezializatuko irakaslea

Lehenengo argitaratze data: 2023/02/14

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Obesitatea ez da bizimodu desegoki baten emaitza bakarrik: faktore anitzeko arazo konplexu bat da. Haren kausak biologiarekin eta portaerarekin lotuta daude, baina baita aldaketa fisiologikoekin, gaixotasunekin eta estresarekin ere. Eta aldaketa horiek guztiak kultura, ingurumen, ekonomia eta gizarte testuinguru jakin batean kokatzen dira.

Horrek esan nahi du obesitatea ez dela banakako erantzukizun bat, herritar guztiena baizik. Eta horrela jorratu beharko litzateke. Izan ere, OMEk berriki azpimarratu du gehiegizko pisuaren prebentzioak eta kudeaketa eraginkorrak ikuspegi integratua eskatzen dutela, gizarteko sektore guztietan ekintzak inplikatuko dituena.

Erasandako pertsonen osasunean eragin negatiboak izateaz gain, askotan estigmaren edo lodifobiaren biktimak izaten dira; horiek bazterketa eta marjinazioa eragiten dute, eta desberdintasunak sortzen dituzte.

Gehiegizko pisua dutela hautematen den pertsonak nagiak eta janzaleak direlako eta argal egoteko ez borondaterik ez autodiziplinarik ez dutelako usteak elikatzen du lodifobia. Iritzi horren arabera, obesitatea jasaten dutenen aukera bat baino ez litzateke, eta haien erantzukizuna da hori saihestea.

Obesitateari buruzko narratiba berria

2020ko Obesitatearen Munduko Egunarekin batera, pisuaren estigmaren kausei eta ondorioei buruzko azterlan bat argitaratu zen, eta osasun publikoko gai gisa ez ezik, giza eta gizarte eskubideen gai gisa ere jorratzearen garrantzia azaldu zen. Egileek helburu berritzat zuten obesitatearen inguruko narratiba estigmatizatzaileen eta gorputzaren pisua erregulatzeko mekanismoei buruzko gaur egungo ezagutza zientifikoen arteko arrakala jorratzea.

Ikerketa horren arabera, proba zientifikoek erakusten dute pisua erregulatzea ez dagoela norberaren borondatearen mende soilik, faktore biologiko, genetiko eta ingurumenekoak ere badaudela, eta faktore horiek ekarpen erabakigarria egiten dutela. Hala ere, osasun publikoko kanpainetan, diskurtso politikoan eta komunikabideetan, bai eta literatura zientifikoan ere, norbanakoaren erantzukizuna hartzen da oraindik ere obesitatearen arrazoi nagusitzat. Narratiba horrek zeregin garrantzitsua betetzen du estigma sozialaren adierazpenean, eta pisuan oinarritutako estereotipoak indartzen ditu.

Horregatik, alderdi interesdun guztiek batera egin behar dute ahalegina –osasun profesionalak, ikertzaileak, arduradun politikoak, pazienteak eta komunikabideak barne–, narratiba berri bat ezartzeko, obesitatea duten pertsonak bilautzat hartzetik biktimatzat hartzera igarotzeko eta pisuagatiko estigma eta diskriminazioa ezabatzeko.

Komunikabideen eragina

Komunikabideek herritar gehienengana iristeko posizio pribilegiatua dute, eta publikoak gaitzen larritasunari buruz duen pertzepzioan eragiteko eta hori baldintzatzeko gaitasuna dute.

Frogatu da gaitzei buruz modu objektiboagoan eta pedagogikoagoan informatzeak gaitzok nola tratatu hobeto ulertzen laguntzen duela. Aitzitik, informazioak eskasak badira, nahastu egin dezakete, antsietatea sortu eta pertsonak erabaki okerrak hartzera bultzatu. Hedabideek obesitatea zer-nola adierazten duten, beraz, garrantzitsua da gehiegizko pisua duten pertsonen estigma handitzeko edo murrizteko.

Eragin mediatiko hori errealitatearen eraikuntza sozialaren prozesuaren barruan kokatzen da. Horren arabera, hedabideek informazioa emateaz gain, errealitatea eraikitzen dute eta publikoaren iritzietan eta jarreretan eragiten dute. Horrela, hedabideek munduari buruz dugun pertzepzioa moldatzen dute eta ulertzeko moduaren berri ematen digute.

Komunikabideetako lodifobiaren aurka

Komunikabideek obesitateari buruz ematen duten irudiak sarritan estigma iraunarazten duten aurreiritziak transmititzen ditu. Gehiegizko pisua, gizarte faktoreen ondoriozko zerbait baino gehiago, erantzukizun pertsonaleko arazo gisa tratatzen duten enkoadraketak, irudiak eta hizkuntza erabiliz egiten dute.

Informazioak zuzen tratatzeak lodifobia desagerrarazten lagun dezake. Horretarako, baliagarriak dira hainbat erakundek eta kolektibok prestatu dituzten gidak.

OACek (Obesity Action Coalition) hainbat jarraibide biltzen dituen eta kazetariek erabil ditzaketen aurreiritzirik gabeko irudien galeria bat eskaintzen duen argitalpen bat argitaratu du.

Erreferentziako beste gida bat Diskriminazioaren, Xenofobiaren eta Arrazakeriaren aurkako Argentinako Institutuak argitaratu duena da.

Hirugarrenik, gorago aipatutako 2020ko azterlanean adostasun adierazpen bateratu bat jasotzen da, nazioarteko 36 adituk egina, pisuari buruzko aurreiritziak ezabatzeko gomendioekin.

Gida horietan jasotako gomendioen artean, aipatzekoa da loditasuna ariketarik ezarekin, malnutrizioarekin eta borondaterik ezarekin lotzen duten estereotipoak ez errepikatzea, ezta loditasuna gaixotasunarekin edo argaltasuna osasun onarekin lotzen dituztenak ere.

Halaber, saihestu egin behar da pertsonak barregarri uztea haien ezaugarri fisikoak direla-eta, eta saihestu egin behar da gorputz pisua terminologia eta hizkuntza iraingarriekin deskribatzea. Pertsonak gaixotasunaren aurretik kokatzea eta ez etiketatzea da kontua.

Azken batean, hedabideek ikusleen pertzepzioan jokatzen duten ezinbesteko rola dela eta, haien konpromisoa beharrezkoa da obesitatearen irudi justu, zehatz eta ez estigmatizatzaile bat emateko.

The Conversation