euskaraespañol

Gaurko irudia

Listu-tanta bakar baten kutsatze-ahalmena aztertu dute lehen aldiz

UPV/EHUko ikerketa batek egiaztatu duenez, bi metroko segurtasun-distantzia arrazoizkoa izan daiteke COVID-19aren kutsatzea saihesteko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/06/23

Ezkerretik eskuinera, Ekaitz Zulueta, Ainara Ugarte-Anero, Oskar Urbina-Garcia y Unai Fernandez-Gamiz
Ezkerretik eskuinera, Ekaitz Zulueta, Ainara Ugarte-Anero, Oskar Urbina-Garcia y Unai Fernandez-Gamiz | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, listu-tanta baten portaeran kontuan hartu beharreko faktoreak tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina dira. UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika sailean egin da ikerketa, eta mota horretako ikerketek COVID-19 gaixotasunaren bizi dugun antzeko pandemia egoera baten aurrean erabakiak hartzen lagun diezaguke.

Birus baten transmisio-ahalmena da gaixotasun infekziosoak aztertzeko kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsuenetariko bat. Birus gehienak ahotik transmititzen dira. Pertsona batek eztul, hitz egin edo doministiku egiten duenean, kutsatzeko ahalmen handia duten zenbait partikula edo listu-tanta botatzen ditu ingurunera. Tanten lurruntzea bertan gertatzen diren faktoreen araberakoa da, eta, ondorioz, gaixotasunaren transmisioa aldatu egiten da. “Lan honen helburua da simulazio konputazionalen bidez, listu-partikula baten portaera zein den aztertzea ingurumen-ezaugarri desberdinetan”, adierazi dute Ainara Ugarte Anero eta Unai Fernández Gamiz UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileek.

Fluidoen dinamikan oinarritutako simulazio konputazional bat garatu dute (CFD-Computational Fluid Dynamics), listu-tantak airean zein portaera duen aztertzeko, eta hortaz, pertsona batek hitz, eztul edo doministiku egiten duenean txistu-tanta hori airean nola mugitzen den aztertzeko. “Simulazioa ingurune kontrolatu eta arrunt batean egin genuen; alegia, ez genuen doministiku egitean askatzen diren partikula guztiak aztertu baizik eta eremu itxi bateko partikula bakar baten azterketan oinarritu gara. Horretarako, 0 eta 100 mikra bitarteko tantak jaurti ditugu 1,6 metroko altueratik —distantzia horretara dago gizakiaren ahoa gutxi gorabehera— , eta kontuan izan ditugu tenperatura, hezetasuna eta tantaren tamaina”, azaldu du Unai Fernández Gamizek.

“Emaitzek erakutsi dute —dio Ainara Ugartek— giro-tenperaturak eta hezetasun erlatiboak nabarmen eragiten diotela lurruntze-prozesuari. Lurruntze-denbora handiagoa da giro-tenperatura txikiagoa denean. Diametro txikiagoko partikulak berehala lurruntzen dira, eta diametro handienekoak, berriz, denbora gehiago behar dute”. “100 mikra inguruko partikula handi batzuk 60-70 segundo egon daitezke airean, eta, printzipioz, distantzia handiagora garraiatzen dira; beraz, baliteke pertsona bat igogailu batean doministiku egin, pertsona hori igogailutik irtetea eta partikulek, ordea, igogailuan jarraitzea. Horregatik da garrantzitsua bi metroko segurtasun-distantzia ingurune itxietan, COVID-19 gaixotasunaren kasuan. Aztertutakoaren arabera, badirudi distantzia hori arrazoizkoa izan daitekeela Covid-19ren kasuan kutsatze gehiago saihesteko. Horri hezetasuna ere gehitu behar zaio. “Ingurune heze batean, lurruntzea motelago gertatzen da, eta, beraz, kutsatzeko arriskua handiagoa da, partikulek denbora gehiago irauten baitute airean”, gehitu du Ugartek.

UPV/EHUko Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika saileko ikertzaileak bat datoz honako honetan: “oinarrizko ikerketa da, baina, aldi berean, ezinbestekoa, etorkizunean egoera askoz konplexuagoak aztertzeko aukera emango baitigu. Orain arte, tanta bakar baten dinamika aztertzean eraikin baten zimenduak aztertzen aritu gara”.

Erreferentzia bibliografikoa