euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetara zabaldu du aurrez aurreko irakaskuntzaren etenaldia

Astelehenaz geroztik Araban gertatu bezala, unibertsitateak aurrez aurreko eskolak ez diren beste irakaskuntza aukera batzuk jartzen ditu abian.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/12

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki du aurrez aurreko irakaskuntza-jarduera bihartik (martxoaren 13tik) 27ra arte etetea Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako zentro guztietan. Arabako Campuseko aurrez aurrezko etenaldia ere hilaren 27ra arte luzatu da.

Erabaki horrek 44.500 ikasle ingururi eragiten die (8.000 Arabakoak dira, eta orain 25.000 gehitzen dira Bizkaian eta 11.500 Gipuzkoan), eta euskal unibertsitate publikoak irakaskuntza-alternatiben ezarpena ere zabalduko du, ikasle guztiek prestakuntza egokia izango dutela ziurtatzeko.

Beraz, Arabako Campusean gertatzen den bezala, irakaskuntzaz kanpoko unibertsitate-jarduera normaltasunez garatzen jarraituko da Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako eraikin guztietan. Era berean, irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei gogorarazten zaie beren lanpostuetan bete behar dituztela Osasun Sailak prestatutako jarduteko gomendio espezifikoak.

UPV/EHUko zuzendaritza taldeak etengabeko harremana du Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailekin egoera horri aurre egiteko. Bestalde, joan den astearteko arratsaldeaz geroztik, webgune berezi bat prestatu du, unibertsitateko kideei koronabirusari eta horrek unibertsitate-jardueraren alderdi guztietan duen eraginari buruzko berri, gomendio, berrikuntza eta argibide guztiak emateko. UPV/EHUk gogorarazten du, halaber, hartutako neurrien arabera, ikastetxe bakoitzak (fakultateak edo eskolak) bere jarduera-plana diseinatu duela, titulazioen ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta, eta irakaskuntza modu birtualean emateari buruzko xehetasun zehatzen berri ematen ari zaiela ikasleei.

 

Neurri berri horren aurrean, Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazpen hau egin du: "Herritar guztiok, eta, jakina, euskal unibertsitate publikoa osatzen dugun guztiok, erantzukizun handiz jokatu behar dugu. Irakaskuntza-jarduera bertan behera uzteak, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak, aurre egin behar diogun pandemiaren seriotasunaz hitz egiten du. Dei egiten dut pertsona guztiok modu zorrotz eta arduratsuan jarrai ditzagun agintariek ezarritako gomendioak, baina gogoeta pertsonal bat gehitzen dut: gai honen ebazpena ez dago gutako bakoitzaren instantzia desberdinetan. Gure jokabide pertsonalak modu erabakigarrian laguntzen du krisi honen ondorioak zabaltzen edo uzkurtzen. Alderdi akademikoari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateak behar den guztia egingo du, baliabide alternatiboen bidez, gure ikastetxe guztietako irakaskuntza-jarduera garatzeko, eta gogor lan egingo dugu helburu hori lortzeko."