euskaraespañol

Eguneko irudia

Agustín Arrieta Urtizberea

Egia-ostea gezurra baino arriskutsuagoa da

Filosofia irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/10/05

Agustín Arrieta Urtizberea. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Hainbeste hitz egiten da egia-osteaz, ezen, 2016an, urteko hitz izendatu baitzuten Oxford hiztegiek. Baina zer fenomeno dago hitz horren atzean? Hasiera batean, egia-osteak egia atzean utzi duela esan genezake, postmodernitateak modernitatea gainditu nahi izan zuen bezala. Zer esan nahi du egia atzean uzteak?

Egia-osteko garaiak, engainu garaiak

Hainbat fenomeno daude egia-ostearen inguruan. Gezurra, ezjakintasuna, hitzontzikeria, desinformazioa, fake newsak, populismoa, sare sozialak, propaganda, negazionismoa... Engainu masiboaren ideia sortzen duten fenomeno heterogeneoak dira.

Baina egia-ostearen ezaugarri nagusia da ez duela begirunerik egiarekin, eta gutxietsi egiten duela. Hala ere, ezaugarri hori ez da gezurrarekin lotu behar. Gezurra eta egiarekiko mespretxua engainu mota desberdinak dira. Gezurtiak badaki zein den egia; egiaren partida jokatzen du, baina nahita ezkutatzen du. Hala ere, egia-ostea haratago doa (edo honantzago). Alde batera uzten da egiaren jokoa, ez ulertuarena egiten da: egia ez da kontuan hartzen, egiak ez du axolarik.

Hitzontzia, sorburu

Egia-ostearen fenomenoa aztertu zuten bi autore aipatu nahi ditut, hitz hori oraindik erabiltzen ez bazen ere. Denboran gertuen dagoena Harry G. Frankfurt da. Frankfurtek, ‘On Bullshit’(2005) izeneko testu labur batean, hitzontzikeriaren fenomenoa aztertu zuen, eta gezurrarekin alderatu. Gaur egun intentsitate handiz eztabaidatzen da kontrajartze horri buruz; esaterako, pragmatikaren eremuan.

Filosofo estatubatuarra kezkatuta zegoen une horretan, komunikazioaren unibertsoan gertatzen ari ziren aldaketa harrigarriekin, foro batean baino gehiagotan hedatzen ari zen pertsona mota batengatik: hitzontzia. Hitzontziak egia gutxiesten du, bost axola zaio, ez du zertan kontuan hartu. Etengabe hitz egin, eta diskurtsoak ekoizten ditu. Bere jarrera ez da gezurtiarena bezalakoa.

Hala ere, Frankfurtek nabarmendu zuenez, figura aztoragarria da. Izan ere, historikoki, gezurtiekin, ez gara beste engainu mota batzuekin bezain toleranteak izan. Beti jazarri eta zigortu ditugu gezurtiak (“Ez duzu testigantza faltsurik egingo, ez eta gezurrik esango ere!”, dio agindu katolikoak). Hitzontziari, gehienez ere, iseka egin diote. Frankfurtek, baina, mehatxu izugarria deritze halako pertsonei: hori izan zen egia-ostearen hasiera, fenomenoak artean izenik ez bazuen ere.

Egia eta politika: Hannah Arendt

Lehenago (XX. mendeko 60ko hamarkadaren amaieran eta 70eko hamarkadaren hasieran), Hannah Arendtek ere fenomeno hori izan zuen hizpide. Arendtek politikaren eta gezurraren arteko berezko harremanen azterketa oso interesgarria egin zuen, eta berritasunak antzeman zituen harreman horietan.

Egiaztatu zuen bere garaiko gezurrak (Pentagonoko paperak aztertu zituen, besteak beste) ez zirela ezkutuko gaiei buruzkoak, aski ezagunak ziren gaiei buruzkoak baizik. Frogatu zuen politikak publizitatearen berezko estrategiak erabiltzen zituela. Adierazi zuen egia mespretxatze horrek bizitzan aurrera egin ahal izateko behar dugun iparrorratzik gabe uzten gaituela, eta gutxieneko orientazioarekin.

Botere publikoen publizitate estrategia horiek totalitarismo berrietarako zubiak dira (Arendtek sakon aztertu zituen eta ongi ezagutzen zituen Hitlerren eta Stalinen totalitarismoa). Beraz, mehatxua benetakoa da. Bere ustez, mespretxuaren fenomenoa “egiaren gordailu” (egiaren erreserbak) deritzenei erasaten ari zaie; alegia, sistema judizialari, unibertsitateari eta, oro har, hezkuntza sistemari; zientziari (bere hitzetan, objektibotasunerako grinari esker izan da posible) eta, azkenik, kazetaritzari (Adolph Eichmannen kasuan, adibidez).

Egia-ostea ez da ez eskuinekoa ez ezkerrekoa

Eztabaida handia dago mespretxuzko jarrera horren jatorriari, arrazoiei eta bilakaerari buruz. Egile ugarik (ikus McIntyre, 2018, 6. kapitulua) argudiatu dute jarrera horrek alderdi ideologikoa aldatu duela: pentsamendu politiko ezkertiarrarena zen lehen (egiaren, ezagutzaren edo zientziaren izaera absolutuarekin kritikoa), eta, orain, eskuindarrekin lotzen da (Trump da eredu nagusia).

Hala ere, eztabaida hori interesgarria bada ere ikuspuntu historiko, politiko eta kontzeptual batetik, benetako arazoa da egia-ostea inguratzen gaituen guztia hondatzen ari dela, bai hurbilen dagoena baita urrunen dagoena ere. Ez da ez ezkertiarren ez eskuindarren kontua.

Egia gutxiestea

Gauza baten inguruan gezurra esatea edo engainatzea ez da berria. Aldiz, berria da egia bera gutxiestea. Aztoragarriak dira ezjakin baten adierazpen ‘harroputzekin’ harri eta zur geratu zen ikertzaile haren irudiak. Gogoan izan pandemiarekin lotutako protesta negazionistak, eboluzionismoaren edo klima aldaketaren negazionismoa edo txertoen aurkako mugimenduen ikusmoldeak.

Kontua da, oraingoan, giza jarduera jakin batzuetan “beharrezko diren” kontzeptuak gutxiesten direla. Adibidez, orain eztabaidagai dena ez da artikulu edo kazetaritza lan jakin baten objektibotasuna (eztabaida interesgarria, zaila eta ukaezina, nire ustez), izan ere, “objektibotasunik ez dago” eslogana dela kausa, ez dago gogoeta horretarako tarterik, eta “kazetaritzaren” gaineko beste ikusmolde bati ematen zaio bide. Non geratu da Spotlight film bikainean ageri den kazetaritza mota hori? Arendten hitzak beste testuinguru batean aplikatuta, “objektibotasun asmoari” uko egitea beste “kazetaritza” bati baimena ematea da.

Jakina, beste esparru batzuetan ere aplika daitezke antzeko hausnarketak eta kezkak. COVIDaren eta ziurgabetasunaren garaiotan, zer ez dugu entzun zientziari buruz? Zientziaren zer ideia transmititzen du negazionismoak?

Egiaren gordailuen garrantzia

Maila bat igo dugu engainuaren bidean. Egia eta haren sateliteak diren hainbat kontzeptu (“kontzeptu epistemiko” izenekoak) gutxiesten dira: objektibotasuna, trinkotasuna, inpartzialtasuna, zintzotasuna, usteak kontrastatzea (hipotesiak edo teoriak), ebidentziekiko errespetua, zehaztasuna, hutseginkortasuna aitortzea, akatsak minimizatzea, autozuzenketa...

Gaur egun inoiz baino baliabide gehiago daude egia-osteko giroa noranahi zabaltzeko. Teknologia berriek eta sare sozialek, besteak beste, habitat egokia eskaintzen dute horiek garatzeko.

Zer egin? Arendt gogoan hartuta, babes ditzagun egiaren gordailuak. Nola? Goian aipatutako balioei leial izanda, balio horiek behar dituzten giza jardueretan, behintzat. Jakina, leial izateko bidean traba ugari dago, eta askotan egingo dugu porrot. Egia-osteari ez dio axola horrek; beste eremu batean jokatzen du (edo jokatu nahi du).