euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk 1.577 tona CO2 gutxiago isuri du COVID-19aren ondoriozko konfinamendua dela eta

Bada ondorio positiborik ere koronabirusaren pandemiari aurre egiteko itxialdi neurriak direla eta. Unibertsitateko kideen mugikortasunaren ondoriozko ingurumen inpaktua izugarri murriztu da hiru aste hauetan, EHU-Aztarna proiektuaren arabera.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/04/02

Bada ondorio positiborik ere koronabirusaren pandemiari aurre egiteko itxialdi neurriak direla eta, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Iñaki Zuazo Urionabarrenechea irakasleak eta Eduardo de la Torre Pascual ikertzaileak egiaztatu ahal izan dutenez. 

Haien kalkuluen arabera, UPV/EHUren aurrez aurreko jarduera ia hiru astez etetearen ondorioz, 1.577 tona CO2 gutxiago isuri du unibertsitateak; hau da, urtero sortzen duenaren % 5,63. 

Jasangarritasun Zuzendaritzak mugikortasun ohituren inkestan lortutako emaitzak hartu zituzten abiapuntu Zuazok eta De la Torrek azterlan hau egiteko. Aipatutako inkesta unibertsitateko kideei egin zieten 2018an, eta Europa mailan egin zen, U-MOB sarearen barruan dauden beste unibertsitate batzuekin lankidetzan. Ekimen horretan, unibertsitateko kideen mugikortasun ohiturak eta horiek klima sistemaren gainean duten eragina analizatu zuten, UPV/EHUk zer ingurumen aztarna uzten duen kalkulatzeko. Ekimena Gorka Bueno Mendietak koordinatutako Campus Bizia Lab programako EHU-Aztarna proiektuaren barruan dago.  

Zuazok eta De la Torrek orduan lortutako datuak eta egungo konfinamendu aldian gertatuko liratekeen isurpenen estimazioak (datu horien araberakoak) konparatu dituzte. 

257 tona CO2
UPV/EHUren CO2 isurpenen murrizketaren estimazioa 

Martxoaren 9tik 13ra

Araba:  
25 t CO2 
Martxoaren 16tik 18ra Araba, Bizkaia, Gipuzkoa: 
495 t CO2 
artxoaren 23tik 27ra  Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa:  
825 tona CO2 

 

Konparazioa egin ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen dagokien campusetako joan-etorrien murrizketak 1.557 tona CO2 gutxiago isurtzea ekarri duela. Hain zuzen ere, honela: 257 tona CO2 gutxiago lehen astean (Arabako Campusa bakarrik zegoen itxita); 495 tona CO2 gutxiago bigarren asteko hiru irakastegunetan (hiru campusak zeuden itxita jada); eta 825 tona CO2 gutxiago hirugarren astean.  

Zuazok eta De la Torrek: «(...) emaitzek zer pentsatu ematen dute: beharrezkoa ote da egungo aurrez aurrekoen formula edo formula berriak behar ote dira?».  

Zuazok eta De la Torrek aurreikusten dutenez, ikasgeletara berriz itzultzean ohiko zifrak ere itzuliko dira. Nolanahi ere, zera adierazi dute ikertzaileek: «Uste dugu emaitzek zer pentsatu ematen dutela; alegia, beharrezkoa ote den egungo aurrez aurrekoen formula edo formula berriak behar ote diren».  

EHU-Aztarna proiektuan lan egiten duen taldeak aurretik ere simulatu zuen aztarna horretan gerta zitekeen murrizketa, hainbat egoeratan simulatu ere; esaterako, campusera 5 egunetan joan ordez 4 egunetan joatea. «Inoiz ez genuen imajinatu bizitzen ari garen egoera: aurrez aurreko jarduera erabat etenda egotea», adierazi dutenez. 

Karbono aztarna ez da berbera kolektibo guztietan 

Gure unibertsitateko kideek garraio publikoa erabiltzen dute nagusiki (% 66), eta nabarmen gutxiago ibilgailu pribatua (% 21). Azken, bitarteko ez motorizatuak daude (% 13); horren proportzioak campusaren arabera aldatzen dira.   

Mugikortasun ohiturak aldatu egiten dira kolektiboaren arabera ere: ikasleek garraio publikoan egiten dituzte joan-etorriak gehienbat (% 70), eta administrazio eta zerbitzuetako langileek (AZPko langileek) eta irakasle-ikertzaileek (IRI) antzeko proportziotan egiten dituzte joan-etorriak garraio publikoan (% 45,1 eta % 45,6 inguru, hurrenez hurren) eta ibilgailu pribatuan (% 44,4 eta % 40,4, hurrenez hurren). Gainera, IRIen eta AZPko langileen kasuan, urteko aste gehiagotan joaten dira campusetara edo lan eremuetara.  

EHU-Aztarna proiektuak UPV/EHUk zer ingurumen aztarna uzten duen kalkulatzen du

Horrek esan nahi du unibertsitateko kideek 28.000 tona CO2 inguru isurtzen dutela; horietatik 19.000 tona ikasleek, eta 9.000 tona langileek (IRIek eta AZPko langileek).  

Hori horrela, pertsona bakoitzak unibertsitatera egiten dituen joan-etorriek klima aldaketarengan duten urteko inpaktua, alegia, karbono aztarna, desberdina da: 472 kg CO2,  ikasleen kasuan eta  1.216 kg CO2 baliokide IRIen eta AZPko langileen kasuan.  

EHU-Aztarna proiektuak bizi zikloaren analisiaren metodologia erabiltzen du eta Europako Batzordeak proposatutako gida metodologikoari jarraitzen dio UPV/EHUren ingurumen aztarna kalkulatzeko. Campus Bizia Lab programaren proiektu honen esparruan, baliabide erabileraren eta atmosferara, uretara eta lurrera egindako isurpenen inbentario bat egin da, dena ere UPV/EHUn egindako jarduerekin lotuta (mugikortasuna barne). Ingurumen aztarna kalkulatzeko, modelizazio bat egiten ari dira openLCA software librearekin eta Ecoinvent datu basearekin. Ingurumen inpaktuen modelizazioaren emaitzak bizi zikloaren analisi sozialarekin osatzen ari dira.