UPV/EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Neurozientziak Saileko Naiara Ozamizek eta Agurtzane Ortizek euskarara itzuli dituzte Psikiatriaren erreferentzia den eskuliburuak, DSM5ak hain zuzen ere, jasotzen dituen nortasunaren nahasmenduaren tresnak. Egin duten ikerketak euskara komunikazio tresna bezala kokatu dute munduan psikiatriaren esparruan. Lan honen inguruko artikuluak argitaratu dira Ameriketako Estatu Batuetako komunikabide ospetsuetan, adibidez, American Journal of Psychiatry-en (arlo horretako aldizkari garrantzitsuenetako bat) eta Journal of Nervous and Mental Disease-en.
Komunikazio txarrak diagnostiko okerrak eragin ditzake buruko gaixotasunen kasuan
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2019/07/11
Buruko gaixotasunen kasuan, pazientearen adimenaren konplexutasuna ulertzeko, hizkuntza bera hitz egitea funtsezkoa da. Mota horretako nahasmenduen kasuan, sintomak diagnostikatzekoa den pertsonaren emozioen transmisioaren arabera interpretatu behar direnez, interpretazioak emozioarekin ahalik eta lotuen egon behar du. “Ulertzen ez dugunean interpretatu egiten dugu, interpretatzean okertu gaitezke eta horrek, medikuntzan, diagnostiko okerra egitera eraman gaitzake”, ziurtatu du Agurtzane Ortizek, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientziak Saileko irakasleak.
Naiara Ozamizek, Agurtzane Ortizekin batera, komunikazioaren garrantziaz ohartuta, eskuliburuan jasotako nortasunaren nahasmenduaren tresnen eta testen euskarazko bertsioak balioztatzeko aukera eman dien ikerketa bat egin dute, José Guimon eta Javier Escobarrekin batera (Amerikako Psikiatria Elkarteak kaleratutako DSM5 eskuliburua egin duen taldeko kideak eta nazioartean psikiatrek gehien erabiltzen duten eskuliburua).
“Munduan euskara komunikazio tresnatzat hartzea da gure aldarrikapenetako bat. Eta lortu dugu, gure ikerketa itzal handiko komunikabideetan, American Journal of Psychiatry eta Journal of Nervous and Mental Diseases aldizkarietan, argitaratuz. Euskal Herria eta euskara munduko mapan jarri ditugu”, ziurtatu du Ozamizek. “Nazioarteko komunitate zientifikoak diagnostiko eta buruko gaixotasunen tratamenduan euskararen garrantzia aintzat hartzen du berriro ere” azaldu du Ortizek
Back Translation metodoa
Ahalik eta itzulpenik fidelena egiteko, ikertzaileek Back Translation deituriko metodoa erabili dute. Alderantzizko itzulpena aplikatzean datza: jatorrizko hizkuntzatik abiatuz –kasu honetan, ingelesa–, itzulpengintzan eta klinikan aditu den pertsona batek (psikologiako profesionala) terminoak ingelesetik euskarara itzultzen ditu. Gero, jatorrizko itzulpenean parte hartu ez duen beste pertsona batek, euskaratik ingelesera itzuli behar ditu. Azkenik, profesional talde batek ingeleseko bi terminoek –hau da, jatorrizkoak eta bigarren itzulpenekoak– esanahi bera duten, bat datozen, aztertzen du.
Hurrengo pausoa itzulpenak pazienteekiko eguneroko lanean baliozkotzea da. Horregatik, Ozamizek eta Ortizek euskara ama hizkuntza zuen talde bat aukeratu zuten: “Tresna horiek praktikan jarri genituen, benetan ulergarriak ziren ikusteko, eta ez zen batere arazorik izan, terminoak primeran ulertu zituzten”.
Hizkuntza “funtsezkoa da mediku-paziente harremanean”, ziurtatu dute arlo horretako bi profesionalek. “Gai honek eztabaida pizten du, baina guk hizkuntzaren garrantzia defendatzen dugu".
“Medikuntzaren profesionalak tratatzen ari den pertsonaren ama hizkuntza erabiltzea abantaila bat da, ez ulermenari dagokionez bakarrik, alderdi psikologikoan ere eragin positiboa baitu", azaldu du Ortizek. “Lotura handiagoa eragiten du eta medikuntzako profesionalaren eta pazientearen artean enpatiazko harreman bat sortzen da. Hori alderdi klinikotik haratago doa, emozioaren barruan sartzen da, alderdi guztietan (medikuan eta emozionalean) ulertzen digutela sentiarazten digu, sendatu ahal izateko beste pauso bat da”, esan du Ortizek.
Erreferentzia bibliografikoa
- Validating the Alternative DSM-5 Criteria for Personality Disorders A Study in the Basque Region of Spain
- J Nerv Ment Dis. 2019 Mar;207(3):199-202
- DOI: 10.1097/NMD.0000000000000948